(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, abiatzera doa

Data

22.01.24 - 22.01.30

Lekua

Nafarroa - Elizondo

Aurtengo egitarauaren aurkezpenaren irudia.
Aurtengo egitarauaren aurkezpenaren irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Baztango (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, ohiko formatura itzuliko da aurten. Urtarrilaren 24tik 30era egingo da VIII. (H)ilbeltza.

Bost egunetan izango dira jarduerak Arizkunen, Anizen, Elizondon, Erratzun eta Iruritan. Liburu aurkezpenak, solasaldiak eta mahai inguruak izango dira, besteak beste.

Egitarauarekin batera BIRA produkzioak taldeak egin duen ‘Dena lehertuko da’ spotaren aurkezpena eginen zuten joan den ostegunean. «Orson Wellesen ‘Touch os Evil’ filmaren pasarte gogoangarrian oinarritu dira, ia sekuentzia bakarrean grabatuz spot osoa. (H)ilbeltzakideek parte hartu dugu grabazioan, BIRA produkzioak taldearekin batean, hauek ere (H)ilbeltzakidetako baititugu», adierazi zuten.

Pozik ageri ziren antolatzaileak astea egingo delako. «Spotak dion bezala, ‘dena lehertuko da’. Horren beldur ginen, dena lehertuko zela eta (H)ilbeltzarik gabe geldituko ginela, baina leherketak gure aldera egin du eta astelehenean hasiko da aurtengo (H)ilbeltza, kasik bere osotasunean».

Pena ere badue, antolatu dituzten ekitaldi guztien artean bazkaria eta susmagarrien gaua ez
dituztelako egin ahal izango. «Pena, biak ere ederrak direlakoz, baina ezin izan ditugu nahi bezala antolatu», esan zuten.

Egitaraua

Urtarrilaren 24an, astelehena, solasaldi batekin emango zaio hasiera zikloari Arizkungo liburutegi beltzan (19.30). 2020ko (H)ilbeltza bekaren irabazlea izango da solasean, Koldo Biguri. Massimo Carlotto idazle italiarraren ‘Arrivederci amore, ciao’ nobela euskarara itzultzeko proiektuarekin lortu zuen beka.

Urtarrilaren 26an, asteazkenean, Anizko elkartean (19.00) beste hizketaldi bat izango da, ‘Euskal gaizkileak’ podcastaren ingurukoa. Hach Embarekek emango du hitzaldia.

Urtarrilaren 28an, ostiralean, Elizondoko Arizkunenean (19.00) Ainize Madariaga kazetaria Baionako Marga Andurain abenturazaleari buruz mintzatuko da, ‘Marga Andurain abenturaren gurpilea’n izeneko hitzaldian.

Asteburuko eskaintza zabalagoa izango da. LUrtarrilaren 29an, larunbatean, Elizondoko Arizkunenean (11.00), ‘Hondar ahoak’ telesailean oinarritutako mahai inguru bat izango da. Hizlariak Marian Fernandez eta Koldo Almandoz izango dira, telesailaren ekoizlea eta zuzendaria, hurrenez hurren.

Eguerdian bazkaria egingo dute, Erratzuko elkartean, eta, bazkalostean, Itxaro Bordak ‘Euri zitalari esker’ liburua aurkeztuko du, Ane Gartziak gidatuta. Iluntzean, berriz, ‘Susmagarrien gaua’ egingo dute, Erratzun barna.

Urtarrilaren 30ean, igandean, ‘Lubakietako oroiminak’ izeneko ‘itzuli beltza’ egingo dute, Iruritan (11.00).

Arratsaldean, berriz, Pettik eta Ana Galarragak literatura eta musika batzen dituen emanaldi bat egingo dute: ‘Gutun musikatua Victor Frankensteini’. Elizondoko Arizkunenean (19.00) izango da.

Kokapena

Arizkunenea

Elizondo. Nafarroa