Hamabost talde igoko dira oholtzara ASKE jaialdiaren lehen edizioan

Data

25.12.27

Lekua

Nafarroa - Atarrabia

Merina Gris izango da ASKE jaialdian parte hartuko duen taldeetako bat.
Merina Gris izango da ASKE jaialdian parte hartuko duen taldeetako bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak. Horiek dira, momentuz bederen, ASKE musika eta elkartasun jaialdian parte hartuko duten taldeak.

Antolatzaileek iragarri dutenez, kartela osatzerako orduan genero anitzak eta euskal talde gazte zein esperientziadunak bilatzen saiatu dira abenduaren 27an Atarrabian denentzat aukera egon dadin, baina oraindik sorpresaren bat etorriko dela ere iragarri dute: «Iragarpenen bat dugu eskuartean».

Gisa honetan, gogora ekarri dute ASKE ez-ohiko musika jaialdi bat dela. «Geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagunea da. Aske izan nahi dugunon aterpe. Baina zer da aske izatea?», galdegin dute. 

Euren hitzetan, «norbanakoaren eta gure herriaren askatasunaren ulerkera kolektiboa» lantzeko nahia duen jaialdia da, Hatortxu Rock jaialdiaren lekukoari helduko diona, eta «Euskal Herri aske baten soinu banda» sortzeko oinarriak finkatu nahi dituena, hainbat balore eta ezaugarritan oinarrituz: «Euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Hamarkada luzez gogor kolpatua izan da geure herria eta geure jendea. Orain, herri eta jendarte hori eraikitzeko unea da», ziurtatu dute.

ASKE herri mugimenduaren parte den aldetik haren balioak partekatzen dituztela ere nabarmendu nahi izan dute: «Balio eraldatzaile horien eta gure nazioaren askatasun grinaren sustapena egin nahi dugu musikaren bitartez», azaldu dute, eta indibidualismoaren, handinahikeriaren edota lehiakortasunaren aurrean «auzolana eta elkarlana» dela eraldaketa hori emateko lanabes. «Bestelako aisialdi eta jaialdia ereduak posible direla uste dugu, eta hala egingo dugu. Elkarrekin edozer dugu posible. Elkarrekin, bi t’erdi gara», jarri dute azpimarra.

Sarreren salmentaren berri ere eman dute: 25 eta 30 euroko eskaintza berezien ostean, behin kartela iragarrita, 35 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak jaialdiaren webgunean. Aurreratu dutenez, bertan eta beraien sare sozialetan iragarriko dute bestelako informazio praktiko guztia.

Gauzak hala, abenduaren 27tik aurrera oholtzara «aske izateko jaio garela esatera» igoko direla ziurtatu dute, «herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera. Aske izateko jaioak, aske izan gaitezen!», amaitu dute. 

Kokapena

Atarrabia
Atarrabia
Atarrabia. Nafarroa