Hamar artistarekin egindako serigrafiak ikusgai jarri ditu Usoa Zumetak Arteztu galerian

Data

24.03.08 - 24.04.13

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Elena Asins eta Jose Luis Zumetaren lan bana, serigrafiak ematen dituen aukera desberdinen adibide.
Elena Asins eta Jose Luis Zumetaren lan bana, serigrafiak ematen dituen aukera desberdinen adibide. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Sericum-Graphé’ izenburupean ateak ireki ditu Usoa Zumetak editatutako serigrafiez osatutako erakusketak.

Hamar sortzaile. Nestor Basterretxea, Elena Asins, Jesus Mari Lazkano, Jose Antonio Sistiaga, Dora Salazar, Jose Luis Zumeta, Koldobika Jauregi, Vicente Larrea, Ana Roman eta German Gargano. Denak dira euskaldunak azkena izan ezik.

Hamabost lan. Denetarikoak. «Serigrafiaz dugun ideia da oso lan planoak direla baina hemen oso artelan desberdinak dira. Teknikak ze aukera ematen dion ikusten da», kontatu du Usoa Zumetak. 

Iker Antiarengandik jasotako gonbita izan zen erakusketa honen abiapuntua. «Jose Luis Zumeta ezagutu nuen, pare bat aldiz etorri zen galeriara, eta nik ezagutu eta laster joan zenez bere lanak hona ekartzeko arantza geratu zitzaidan. Usoarekin harremanetan jarri nintzen», esan du galeristak.

Aitarenaz gain beste artisten lanaz osatzea proposatu zuen Usoak. «Aitak ez zuen hainbeste obra utzi eta dosifikatzen saiatzen naiz», azaldu du.

Gustura geratu da Antia. «Guztiak, oso desberdinak izanda ere, pertsona bakar batek gidatu ditu artista denak teknika honetan», adierazi du.

Apirilaren 13ra arte dago zabalik erakusketa. Bisita ordutegia 11.00etatik 13.30era eta 16.30etik 20.00etara da. Larunbat goizean 11.00etatik 13.00etara. Larunbat arratsaldean eta igandean itxita. Sarrera librea da.

Artelan garaikideak erakusten diren galeria eta elkargune izateaz gain, artea erosteko, sortzeko/ekoizteko eta zabaltzeko gunea ere bada Arteztu.

Kokapena

Arteztu
Resurreccion Maria de Azkue, 12
Donostia. Gipuzkoa