Ihauteri giroan ospatzen den Hartzaro festibalak, dantzaz eta kantuz emanen du jendea

Data

23.02.10 - 23.02.21

Lekua

- Uztaritze

Zirtzilak Uztaritzeko karriketan
Zirtzilak Uztaritzeko karriketan (HERRI SOINU)

Euskal Herriko neguko ospakizunen garaian Hartzaro jaialdian udaberriari ongi etorria emanen dio otsailaren 10etik 21era, Uztaritzen. Ihauterien giroan, kultura herrikoiari tokia eginez, amateur zein profesionalek egindako sorkuntzek osatzen dute Herri Soinuk antolatutako hitzordua.

Jendearen partehartzea handituko dute 26. edizio honetan, Hartzaro dantzaz, eta Hartzaro kantuz lehen aldiz eginen da, eta arrakasta baldin badu heldu den urteetan ere jarraitzeko asmoa badute. «Jendeak Hartzaron soilik parte hartzen du ihauterietako ekimenetan; pentsatu genuen, lotura gehiago izaten ahal zela, eta horretarako bururatu zitzaigun bi ekintza hauek egitea» azaldu du Thomas Brillaxis elkarteko administratzaileak.

Zentzu horretan gaineratu du: «Urtero berritasunak izaten dira, originala izatea entseatzen gara, hala ere, publikoak badaki Hartzarok bizkarrezur tradizionala baduela, jendeak badaki zer izanen den».

Lehen berritasunari buruz baieztatu du: «Badakigu eskaera handia dagoela Larrain dantza ikasteko, jendeak dantza hori galdua du pixka bat, eta ideia da berriz aukera ematea ikasteko». Horretarako bi ikastaro antolatu dituzte otsailaren 11an goizean, hasiberrientzat bat eta bestea fandangoa badakitenentzat. Bukaeran gaiteroen musikari jarraiki, elkarrekin ariko dira plazan.

Baionan kantuz edo Uztaritze kantuz bezalako ekimenetatik abiatu da bigarrena. Jaialdiaren bigarren larunbatean, otsailaren 18an izaten diren ikusgarrien arteko tartea betetzea, eta jendea kantaraziko dute, eta horretarako publikoak Nat eta Watsonen laguntza izanen du.

Justuki, bi emanaldi horiek jaialdiko hitzordu garrantzitsuetako batzuk izanen dira. Michel Labeguerieren omenez Latsarria elkarteak egindako ‘Egunsentia’ dantza ikuskizuna, eta Alos Quartet eta Bilaka kolektiboak elkarrekin egindako ikuskizuna, non laukotearen musika tradizionala, klasikoa eta garaikidearekin elkarketak, dantzarien izari geografikoarekin bilduko den.

Jaialdiko beste hitzordu nagusia, Baigorriko gaiteroek eta Et Incarnatus Orkestrak otsailaren 11an eskainitako kontzertua izanen da. Aurretik behin soilik aurkeztua izan da, baigorriarrek taldearen 50. urteurrena ospatzeko.

Egitaraua

Giroa berotzeko lehen asteburu bat izanen da, otsailaren 4an eta 5ean Uztaritzeko kaskarotak ariko direlarik Baionan lehenik, eta biharamunean Uztaritzeko Kotildunak Larresoron. Jaialdia otsailaren 10ean abiatuko da Julie Roulautlen kontzertuarekin Uztaritzeko Latsa gelan. Horrelako kontzertua eskaintzea berrikuntza bat bezala kontsideratzen ahal da, baina kantaria uztarizarra denez programazioan sartzea deliberatu dute antolatzaileek.

Larunbatean egun osoko programazioa izanen da, goizean Arrauntza auzoan ihauteri festari giroa emanez, Kaskarotak etxez etxe ariko direlarik. Larrain dantza ikasteko tailerra eta Baigorriko gaiteroen eta Et Incarnatusen kontzertua ere izanen dira egun horretan.

Otsailaren 12an ere kaskarotak etxez etxe ibiliko dira, baina orduan Saint Michel, Etxehasia eta Heraitze auzoetan izanen da, eta azken honetan, Ur Begik danborrada eginen du goiz partean.

Bigarren astea

Ondoko astean, ostegun goizenean hasiko dira emanaldiak, Tutak Hiribehereko pilota plazan, eta Kuxkuxtu txarangak alaitutako aperitifa ondoren Latsa gelan. Gela berean, biharramunean, Nicole Lougarotek mintzaldia emanen du ‘Buhameak, historiarik gabeko jendeak?’. Habia, Neomak eta Andoni Ollokiegiren kontzertuak izanen dira Purguko pilota plazan arratsean, eta ‘afterra’ Hitz’Open gaztetxean eginen da Egar eta Dj Üzkülüzekin.

Otsailaren 18ko programazioak egun osoa iraunen du. Larunbat goizean Mutxikoak izanen dira Erdizka taldearekin, Errobi Aturriko danbor joleak lagunduta. Arratsaldean, ‘Egunsentia’ ikuskizuna, Hartzaro kantuz eta Alos Quartet taldea eta Bilaka kolektiboak egindako ‘Lau’ ikuskizuna.

Astearen bukaera tradizioz betea izanen da, Kaskarotak etxez etxe ibiliko dira Hiribehere, Zokorrondo eta Purgu auzoetan, eta Kotilunak Heraitzen. Itzuliak eman ondoren, eliza aitzinean bilduko dira taldeak. Latsa gelan egun osoko programazioa izanen da, sukaldaritza txapelketa, ihauterietako bazkaria eta txarangen musikarekin, Arberoakoa lehenik, eta Rakatapunk ondotik.

Astearte gizena izango da jaialdiaren azken eguna, non ihauteriak bete betean bizitzeko aukera izanen den, Lapudiko tradizioen bidetik. Zanpantzarraren auzia eginen da, zirtzilak, abereak, Uztaritzeko txaranga eta Burrunka lagun, Hiribehereko plazatik Elizara desfilatuz.

Hartza dantza eta Kotilunen Maia dantza Antza plazan izanen dira. Zanpantzarraren auziari bukaera emateko, toberak, musikak eta dantzak izanen dira Purguko plazan. Egunari eta jaialdiari bukaera emanez Kiki Bordatxok alaituko du plaza. Gau pasa egiteko aukera ere izanen da Errobiko kaskarotak elkartearen eskutik Bilgune gelan.

Egitaraua Herri Soinu elkartearen webgunean ikus daiteke. Sarrerak ere bertan daude eskuragarri.

Kokapena

Latsa gela
Lagunen Etxea 91 bilgune plaza
Uztaritze.