Hiru Truku, Anari, Mice, Rafa Rueda eta Tapia eta Leturia Jonan Ordorikari kantuan, esker onez

Data

25.03.12

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Ikuskizun bereziaren kartela.
Ikuskizun bereziaren kartela. (LORALDIA)

Jonan Ordorikaren ezusteko heriotzak euskal musikagintza gogor astindu zuen. Iazko abuztuan izan zen. Loraldiak gogoan izango du aurtengo edizioan oñatiar soinu teknikaria. Izan ere, ‘Mila esker, Jonan Ordorika’ izeneko emanaldi berezia prestatu dute. Hitzordua, martxoaren 12an Arriaga Antzokian.

19.30etik aurrera Ordorikarekin eszenatokiak eta proiektuak partekatu zituzten hainbat artista igoko dira eszenara, hala nola, Hiru Truku, Anari, Mice (Miren Narbaiza), Rafa Rueda eta Tapia eta Leturia. 

Loraldiak ekoitzia, jaialdiko arduradunen ekimenez egingo da 100 minutuko iraupena duen saio berezia. «Loraldian sarritan izan genuen Jonan lanean soinu teknikari. Eta aitorpena merezi zuen», adierazi dute.

«Kolpe latza izan zen euskal musikagintzan. Musikazale amorratua eta gurean izan dugun soinu teknikari emakorren eta maitatuenetako bat. Agertokietan nahiz estudioko mahaian langile porrokatua eta kontaezinak dira berarekin lan egin duten musikariak», jarraitu dute.

Ordorikarekin batera, askotan itzalpean geratzen diren eta gurean lanean ari diren eta aritu diren profesionalei gorazarre egingo zaie. «Loraldiak Jonan Ordorikari eta euskal musikaren atzealdean lan egiten duten soinu teknikari guztiei omenaldia eskaintzen die, musika magikoa posible egiten duten horiei esker ona adieraziz. Ikuskizun hau eskerrak emateko ekintza kolektibo bat da, itzaletik euskal musikaren garapenean funtsezkoa izan den pertsona bati», argitu dute.

Arrastoa

Ezagutu zutenek haren izaera apala dute gogoan. Ondoan izan zuten euskal sortzaileek ez dute ahazteko, arrasto handia utzi baitu euskal musikagintzan. Bat dator Ruper Ordorika anaia. «Jonan guztiz lotsaturik egongo litzateke ikuskizunaren ideia ikusita, berak ez zuen inongo usterik. Langintza horretan ari direnak ohituta daude bigarren maila batean egoten eta bera ere horrelakoa zen», esan du.

Makina bat aldiz elkarrekin aritu ziren anaiak lanean. Hiru Truku taldearen (Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek osatzen zuten hirukotea) garaian ere bai. «Beti berarekin aritzen ginen zuzenekoetan eta diskoetan, teknikari bezala», dio.

Omenaldia sektoreko lankideei zabaltzearen ideiarekin bat dator. «Bere izenean da omenaldia baina jende askori zuzendua», zehaztu du.

Rafa Ruedak Jonan Ordorikarekin izan zuen harremanaz hitz egin digu. «Pi L.T.ren azken diskoan soinu-teknikari lanak egin zituen eta taldearen amaieran, nire bakarkako bidearen asmoa aipatu nionean bere burua eskaini zidan. Kristoren harremana izan dugu urte askoan».

Ordorikaren gaitasun teknikoa aipatu du. «Euskal musikari gehienekin egin zuen lana. Diskoak hortxe daude, edozeinek eskura dezake berak egindako zerbait».

Profesionaltasunaz harago, giza harremanean nabarmentzen zen Ordorika. «Ezagutu dudan pertsonarik maitagarriena da. Ez dut inoiz inor beraren inguruan ezer txarrik esaten entzun. Pertsona guztiekin oso modu pertsonalean konektatzeko gaitasuna zeukan. Oso tipo alaia zen. Ondare kulturalaz aparte pertsonak berak utzitako hutsunea nabarmenduko nuke. Kolpe handia izan zen bere heriotza eta denok utzi gintuen ‘jokuz kanpo’», esan du. 

Gogorra egingo zaio Arriagako emanaldia «jakinda arrazoia bere heriotza dela». «Lagun handi bat galdu nuen eta bere hutsunea bete ezina da», azpimarratu du.

Ibilbide emankorra

Azkarate herrian Argiñenea baserrian zuen grabazio estudioa. 1991. urtean Angel Katarainekin eta Amaia Apaolazarekin batera zabaldu zuten aipatutako grabazio-estudioa. «Itzalpean lan egiten zuen sortzaile apala izan da baina ezinbestekoa euskal musikagintzako hainbat ekoizpenen kalitatea ontzeko».

Bere ekimenez, 2014an, Lou Reeden kantak euskarara ekarri zituzten hainbat musikarik. ‘Mila Esker’ izeneko lanean. Iparramerikar sortzailearen bisitaldia ere izan genuen Ordorikaren eskutik», gogoratu dute Loraldiako arduradunek.

Ordorikak utzitako ondarea balioan jarri nahi dute eta euskal musikagintzan egindako ekarpena ospatu. «Jonan Ordorika soinu-teknikari hutsa baino askoz gehiago izan zen, musikazale amorratua eta euskal musikaren industrian giltzarri izan zen pertsona bat».

Azken hamarkada baino gehiagoz, ekoizleak Azkaraten egin zuen lan, «bere ‘zentro operatiboa’ bihurtu zen Mamia Estudioan. Bertatik igaro dira, bere anaia Ruper ez ezik, Joseba Irazoki, Rafael Berrio, Gose, Willis Drummond, Joseba B. Lenoir eta Tenpora bezalako artistak, besteak beste. Horrez gain, Ordorikak Rafa Rueda, Betagarri, Joxe Ripiau, Glaukoma, Audience eta Joserra Senperena bezalako musikari eta talderekin ere lan egin eta kolaboratu zuen».

Sarrerak 20 eurotan eskuragarri daude webgunean (16 euro Lorazainentzat).

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia