‘Hitzaurrea’, gure kaleak eszenatoki dituen oinezko ibilbide jolastia

Data

25.03.10

Lekua

Bizkaia - Bilbo

‘Hitzaurrea’ ondu duen lantaldea.
‘Hitzaurrea’ ondu duen lantaldea. (PISZIFAKTORIA IDEIEN LABORATEGIA - FIKZIO FABRIKA)

Estreinakoz publikoak ‘Hitzaurrea’ proiektuari ematen dion erantzuna bertatik bertara ikusiko dute Piszifaktoria Ideien Laborategiak eta Fikzio Fabrikak. Irati Agirreazkuenaga, Xabier Landabidea, Eneko Olazabal eta Mikel Ayllon daude egitasmoaren atzean.

Martxoaren 10ean 19.30ean da hitzordua Alondegian, Loraldia festibalaren baitan. Bertako atriotik abiatu eta Bilboko kaleetan zehar ibiliko dira partehartzaileak. «Atrioa nor bere etxea dela irudikatuko dugu. Hortik bakoitzak bide bat hartuko du», azaldu du Mikel Ayllonek, Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideetako batek. 70 lagunentzako lekua dago eta gonbidapenak agortuta daude.

Soinu-esperientzia da ‘Hitzaurrea’. Egunero erabiltzen ditugun mugikorra, interneteko konexioduna, eta aurikularrak, besterik ez da behar. Doan da.

Estreinatu ondoren, webgunearen bitartez norberak nahi duen herrian, nahi duenean goza dezake esperientziaz. 

Loraldia Sormen Digitala Beka

‘Hitzaurrea’ proiektua Loraldia Sormen Digitala Bekaren bigarren edizioaren irabazlea izan zen, 2023an. Deialdi honen helburu nagusiak euskarazko sorkuntza digitala sustatzea eta ingurune digitalean euskarazko eduki gehiago sortzeko aukera ematea dira. 2023ko udazkenean abiatutako deialdian 19 proposamen aurkeztu ziren, eta horien artean aukeratua izan zen ‘Hitzaurrea’. 


10.000 euroko ordainsariarekin, taldeak teknologia eta sorkuntza uztartzen dituen soinu-fikzio bat garatu du, non entzule bakoitzak erabaki propioen bidez kontakizun bakarra sortuko duen. 


Kokapena

Alondegia
Plaza Arrikibar, 4
Bilbo. Bizkaia