Iker Vallek naturarekin dugun harremanaz hausnartzeko gonbita egin du Ekain galerian
Data
25.06.05 - 25.07.12
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Donostian dagoen Ekain galeriak Iker Valleren ‘Naturaren bibrazioak’ seriea hartuko du ostegun honetatik uztailaren 12ra arte. Artistak basoaz duen pertzepzioa irudikatu du lientzoan eta eskuz egindako paperean, koloretan eta zuribeltzean, eta elkarrekin 28 obrek hausnarketarako gune bat sortzen dute, «gaur egungo bizimodu azkarrean naturarekin dugun harremanaz pentsatzeko».
Asteazken honetan aurkeztu du Iker Vallek bere lana Ekain galerian eta erakusketaren nondik norakoak azaldu ditu NAIZekin elkarrizketan. Artistak deskribatu duenez, obra hauek osatzen duten marra bertikalek zuhaitzei erreferentzia egiten diete eta azpiko aldean «paisaia erdi abstrakto bat» irudikatu du.
Prozesua 2022an hasi zuen eta ideia Iratiko basoan barrena egin zuen ibilaldi batean sortu zitzaion. Elurrak estalita, milaka arbolen enborra baino ez zuen ikusten «eta hauen bertikaltasunean fijatu nintzen». «Horrek mugimenduarekin bibrazio moduko bat sortzen zuela ikusi nuen eta horren inguruan konexioa egin nuen», argitu du Iker Vallek.
Hala ere, ez da bibrazioaren kontzeptua erabiltzen duen lehenengo aldia. Gogora ekarri ditu duela urte batzuk zuribeltzez eta urdina eta beltza elkartuz egindako margolan batzuk, bibrazioa denboraren kontzeptuarekin harremantzen zutenak. Denborarekin, hori «pixkanaka eboluzionatzen joan zen eta bibrazioaren eta paisaiaren tarteko honetan bukatu da».
Honekin, beraz, gizakiok naturarekiko gaur egun daukagun «deskonexioari» buruz hitz egiten du Andoainen jaiotako diziplina anitzeko artistak. «Lana eta teknologia tarteko, nahiko azkar bizi gara eta espazio honetan adierazi nahi dudana da denbora nola eraldatzen den».
Iker Valle
Serieka lan egiten du Iker Vallek, natura funtsezko elementu gisa hartuta askotariko teknikak eta materialak aztertuz. Berak serie bakoitza «ikasketa prozesu bat bezala» hartzen du, plastikoki nahiz pertsonalki.
‘Naturaren bibrazioak’ serieak ekarri dion irakaspen pertsonalaz galdetuta, «hobeto begiratzen, lasaitasunez begiratzen eta geldotzen» ikasi duela azaldu du, «azkartasunean» bizi garen honetan. Sorkuntza prozesua ere lasaia eta motela dela dio, «nahiz eta emozioetatik ateratzen den».
Okzitaniako Tolosan erakusketa bat itxi berri du Vallek, ‘Vers L'Impermanence’, Galerie 63th Avenue galerian. Beste batzuk ere nabarmentzen ditu Ekain galeriak: ‘Bibrazio intimoak’ (Portalea, Eibar, 2024) eta ‘Aware’ (Sala tTok, Ustaritz, 2024). Talde erakusketa ugaritan parte hartu izan du eta hainbat sari eta egoitza artistiko jaso ditu, besteak beste, Ipar Euskal Herrian.
Altzoko Salbatore Deunaren elizak hartzen duen talde erakusketa batean parte hartzen du ere. Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko erreferentziaren mila urteak ospatzeko ‘Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025’ jarduera multzoaren barruan, zehazki.
Kokapena
Ekain Arte Lanak galeria
Iñigo Kalea, 4, 20003 Donostia, Gipuzkoa
Donostia. Gipuzkoa