Ipuruan festibala asteburuan Saran

Data

24.11.02 - 24.11.03

Lekua

Lapurdi - Sara

Tarta Relena osatzen duten  Marta Torrella  eta Helena Ros  zuzeneko emanaldi batean.
Tarta Relena osatzen duten Marta Torrella eta Helena Ros zuzeneko emanaldi batean. (TARTE RELENA)

Ipuruan izena darama Usopop elkarteak antolatzen duen ekimen berriak. Azaroak 1, 2 eta 3an ospatuko da Lapurdiko Sara herrian, eta zuzeneko musika, dantza eta filma proiekzioak izango da besteak beste.

2010etik 2020ra Usopop festibala antolatu zuen elkarteak, eta 2022an Mapa Galduak jaialdia burutu zuten formatu txikiago batean. Hitzordu berri honekin, Usopop elkarteak, musika eta dantza herrikoi berritzaileen inguruan belaunaldi desberdinak elkartzea du xede, ekimenez beteriko asteburu ederrean. Sarrerak dagoeneko salgai daude lotua honetan.

Larunbata

Gaualdi koloretsu bezain anitza proposatu du Usopop elkarteak eta bide horretan Lorena Alvarez, Anari banda eta Bilabal X Romain Baudoin egitasmoak taularatu dira, eta arratsaldeko 19.00etan hasiko dira zuzeneko emanaldiak Kiroldegian.  

Gaualdia Baionako Bilaka kolektiboak zabalduko du lankidetza berezi batekin. Romain Baudoin artista okzitandarra gonbidatu dute emanaldi berezi honetara eta ‘atzoko, gaurko eta geroko herri dantzak’ izango dira protagonista lankidetza honetan. Herri errepertorioa arakatzen eta birlantzen du Bilaka kolektiboak, Euskal Herriko kultura tradizionalaren aktibazio garaikidearen aldeko lana eginez.

Afitxaren bigarren proposamena ez da oso ezaguna gurean oraindik. Lorena Alvarez Asturiar kantariak baserriko anti-folk dibertigarri bat eskaintzen du bere kantuetan, eta azken boladan hautsak harrotu ditu zuzeneko esanguratsuekin eta disko ederrekin. Folk musikan ditu oinarriak, baino ez dio muzin egiten gaur egungo tendentzia eta musika elementuei.

Anari bandak itxiko du musika festa ‘Giza Zarata’ disko besapean, estudioko zazpigarren emaitza luzea. 1996- urtean abiatu zuen Anari Alberdik bere musika bidea, eta urteen poderioz bakarka hasi zen egitasmoa sendotuz eta handituz joan da. Egun, bakarkako saioak eskaintzen baditu ere, talde eran grabatzen ditu diskoak, eta modu horretan taularatuko da Saran.

Igandea

Marta Torrella  eta Helena Ros dira Tarta Relena, eta 2016. urtetik daude martxan. Bartzelona hiriko bikoak disko berria argitaratu du 2024 honetan ‘Es pregunta’ izenean, eta aurretik ‘Fiat Lux’ diskoarekin abiatu zuten musika bidean sakontzen dute lan berrian.

A capella abesturiko kantuak elektronikarekin uztartzen dituzte, ahotsek presentzia handia dute kantuetan. Izan ere, Mediterraniar herrialde desberdinetako hizkuntzak, doinuak eta tradizioak molde berritzaile batean kantatzen dituzte, esperimentazioari eta elementu berrietan arakatzeari behar duen tokia emanez.

Verde Prato izango da arratseko bigarren proposamena. Ana Arsuaga sortzaile tolosarraren musika egitasmoa da honakoa eta euskal folkloretik abiatuta teknologia garaikidea erabiliz interpretatzen ditu bere melodiak, sintetizadoreak, pianoa eta ahotsa erabiliz horretarako.

2019 urtean abiatu zuen musika bidea, eta gure mugez gaindi aritu da diskoak taularatzen, bezalako jaialdi esanguratsuetan arituz. Bere estudioko azken emaitzak ‘Adoretua’ izena darama, eta 2023 urte amaieran ikusi zuen argia.


                                          IPURUAN - SARA - KONTZERTUAK

Azaroak 2 larunbata - 19.00 - Kiroldegia
Bilabal X Romain Baudoin
Lorena Alvarez
Anari

Azaroak 3 igandea - 16.00 - Santa Katalina kapera
Verde Prato
Tarta Relena

Kokapena

Ipuruan
Kiroldegia eta Santa Katalina kapera
Sara. Lapurdi

Loturak