‘Ipuscua 1.000 urte’, Gipuzkoaren historian barna bidaia San Telmo Museoan
Data
25.01.18 - 25.05.11
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

‘Ipuscua 1.000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025’ erakusketak ateak irekiko ditu San Telmo Museoan larunbat honetan. Iosu Etxezarraga historialari eta arkeologoaren komisariotzapean, Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egongor batizatera nola pasa zen kontatzen du. «Dokumenturik ez egoteak eragotzi egin du lurraldearen historia urrunena ezagutzea. Sarritan, informazio gabezia hori zela-eta, lurralde primitibo gisa azaltzen zen Gipuzkoa, kanpoko botereek antolatuta. Arkeologiari esker, gaur egun badakigu tokiko eragileek eginkizun garrantzitsua izan zutela bere bilakaera historikoan», adierazi dute.
1025ean lurraldearen izena lehen aldiz aipatu zen dokumentuaren milagarren urteurrena aitzakia ezin hobea da historia gogoratzeko. Izan ere, Garcia Acenariz (Ipuscuako jauna) eta Gayla senar-emazteek San Juan de la Peñari dohantzan eman ziten Olazabalgo San Salbador eliza (Altzo), baita Tolosaldeko eta Aia-Zarauzko beste jabetza batzuk ere. Ekintza hura dokumentuaren erregistroa dokumentu batek jaso zuen. Idatzi hau du, hain zuzen ere, erakusketak abiapuntu.
Ez dago argi dokumentuan aipatutako toponimoen kokaleku zehatza zein den, baina puntu batzuk Altzo eta Alegia udalerrien egungo mugetan kokatuko lirateke. Landa-lur batzuk gehitu ziren Tolosako Urkizu auzoan, Altzon eta Ugarten, Amezketan.
Dokumentu berean, Eneko Gartzeizek eta Muno Gartzeiz txikiak, Gaylaren ahaideak segur aski, ondasunak entregatu zituzten Aian eta Elkanon (gaur egun Aia eta Zarautz artean dagoen auzoa).
Gaylari dagokionez, bere testamentuak erakusten du (1048. urtekoa) jatorri «Ipuçcha» zuela eta Gipuzkoan eta Iruñean jabetzak zituen leinu batekoa zela.
Gipuzkoako Diputazioko eta San Telmo Museoko teknikariak, Etxezarraga bat eginda aritu dira erakusketa prestatzen. Mikel Alberdi izan dute aholkulari. Bidean aurkitu dute zailtasunik. «Bi aukera genituen. XI. mendean zentratzea zen bat, baina ez zegoen garaiko nahikoa piezarik erakusteko. Bigarrena azken 1.000 urteen atzerabegirakoa zen baina oso Gipuzkoaren historia oso aberatsa izanik ez zegoen nahikoa leku museoan», kontatu du komisarioak.
Gauzak horrela, erdibideari heldu diote. «Garaia aurkeztu dugu hasieran, gaur egun dakigunetik –historiagileak oraindik aztertzen ari gara– eta ondoren lurraldetasuna eta erakunde publikoak hartu ditugu ardatz bezala».
«Diskurtso historikoa edozeinentzat ulergarri egitea» izan du beste kezka Etxezarragak.
Garai hartako tokiko antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoaren gaineko informazioa ematen dutne testu, bideo eta mapekin batera apaingarri pertsonalak, armak, elementu ikonografikoak, fauna-hondakina, tresnak... aurkituko dut bisitariak.
Materiala osatuz marrazki eta mapa berriak ere egin dituzte, bisualki argiago izan dadin erakusketa.
Erakusketa hiru une kronologikotan antolatzen da, guztiak lurraldearen inguruan, mapa eta ondare balio handiko pieza arkeologiko zein historiko nabarmenak barne. Zer izan zen Gipuzkoa hastapenetan? Zer esan nahi du ‘Gipuzkoa’ izenak? Zergatik aipatu zen lehenbiziko aldiz 1025ean? bezalako galderei erantzuten saiatu da Etxezarraga lehen zatian.
Bigarren zatian lurraldearen eta erakundeen finkatzea ikusten da. Hainbat pieza esanguratsu kokatu dira: Idiakeztarren armarria, XV-XVI. mendekoa; XV. mendeko bonbarda ikusgarria edo Berastegiko kutxa ederra –berezia fabrikazio eta dekoraziomoduagatik–, San Telmoren bildumakoak; 1379ko Batzarraren aktaliburua eta ‘Bolloien Liburua’, Ermandadeari buruzkoa, bi hauek Gipuzkoako Artxibo Orokorrekoak.
Erakusketako beste pieza azpimarragarrietako bat Jeronimo de Larrearengoi-erliebeak dira, Gipuzkoako armarriaren irudikapen mitologikoa eskaintzen dutenak, bertako biztanleen nobleziari erreferentzia eginez, kapareak direlako eta erregea zerbitzatzen dutelako. Erliebe bakoitzak bere isla du Gipuzkoako armarriaren kuarteletako batean. Jatorrian, Probintziako Artxiboan (gaur egun Gipuzkoako Artxibo Orokorra) jarri ziren,Tolosako parrokiako sakristian zegoena, 1596 eta 1600 artean.
Azkenik, hirugarren zatian aldaketa garaia islatzen du erakusketak. Gipuzkoako maketa handi batek pizten du arreta. Lurraldea ikus daiteke, gaur egungo 88 herriekin eta ibai eta mendi nagusiekin. Maketa 6x 5 metroko pieza da, egurrez zizelkatua, 1951n San Telmon aurkeztua ‘Plan General de Ordenación Urbanística de la Provincia de Guipúzcoa’ erakusketan. «Maketa hau Probintziako Antolamendu Plan Orokorra hirigintza-unitate gisa aurkezteko elementu nagusi modura erakusten zuen erakusketak. Maketan etorkizuneko industrialdeak, bizitegi garapenak eta komunikazio-bideen trazadura berritzea trenbideena zein autobideena (gorriz, maketan) finkatu ziren, 50 urtera –2000an– probintziaren ikuspegia erakusteko», azaldu dute.
Aintzinako komentuaren bi kaperatan jarriko da ikusgai erakusketa maiatzaren 11ra bitarte. Aipatzekoa da museoko elizan amaitzen dela, Sert-en misiheak ikusiz.«Erakusketak kontatzen duenaren isla da San Telmo museoa bera» Susana Soto zuzendariaren hitzetan.
Sarrerak eskuragarri webgunean eta leihatilan. Bisita ordutegia asteartetik igandera 10.00etatik 20.00etara da.
Erakusketaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Xehetasunak webgunean.
Kokapena
San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa