‘Itsas-7’, landa-herrien despopulazioa Jaso Ikastolak musikal egina

Data

24.05.10 - 24.10.15

Lekua

Nafarroa - Barañain

Musikal berria astearte honetan aurkeztu da.
Musikal berria astearte honetan aurkeztu da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jaso Ikastolako ikasleek herri txikien despopulazioari eskainitako hamabigarren musikala oholtzaratuko dute Barañainen ostiral honetan, maiatzaren 10ean. Ikuskizun honek Jaso Ikastolak lantzen duen hezkuntza ereduan du iturria eta, hain zuzen ere, sormena, ekintzailetza, lan kooperatiboa eta autogestioa ardatz dituen hezkuntza-programa baten emaitza da, STEAM metodologian (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) oinarrituta. Ikasleek ikasturte osoan zehar prestatu duten lanaren ondorioa da.

Hamabigarren edizioa du egitasmoak. ‘Itsas-7’ antzezpen berria Barañain Auditorioan taularatuko da 11.00etan ikasleentzat eta 19.00etan publikoarentzat zabalik. Sarrerak webgunean salgai aurrez 15 eurotan.

Jaso Ikastolako DBHko berrogeita bost ikasle inguruk (12 eta 16 urte bitartekoak) parte hartu dute berezko sormen proiektu honetan. Ikastola honen irakasle eta gurasoen borondatezko lanaren laguntzarekin eta Imanol Janicesek (Gorputz Heziketako irakaslea), Irantzu Zabaltzak eta Dabid Albirak (Lehen Hezkuntzako tutoreak) eta Eva Lopez de Lahoz (Ikasle ohiak), zuzenduta, gaitasun hezkuntza, sormena, garapen emozionala, bizikidetza eta euskararen erabilera bezalako balore helburuak lortu nahi ditugu, arte eszenikoekin berariaz lotutako gaitasunez gain.

Jaso Ikastolako musikalaren edizio bakoitzak gai sozial zehatz bat lantzen du, ikasleek beraiek aldez aurretik eztabaidatu eta aukeratutakoa. «Itsas-7 ikuskizun berriak landa guneetako herrien despopulazioa du ardatz gisa. Kutsadurak eta lehorreko errekurtso falta dela eta zibilizazioak ur azpira bizitzera joan behar izan du, hiriak kupuletan sartuz. Lehorrean azken herriak geratzen dira. Bertako nekazariek haien bizimodua kontrabandoaren bitartez eta nezkazaritzari esker mantentzen dute baina, geroz eta jende gutxiago dago uzta horiek eta animaliak zaintzeko. Mundua kolapsora iristera dago. Hirietan bizimodua erabat aldatu da», adierazi dute astearte honetan egindako aurkezpenean.

Aurreko lanetan Alzheimerra eta adineko pertsonak, autismoa, teknologia berrien erabilera, genero aniztasuna, memoria historikoa, jasangarritasuna, migrazio mugimenduak edo diruarekiko atxikimendua, bezalako gaiak landu dituzte, besteak beste.

«Aurreko edizioetako formatu arrakastatsua errepikatuz, antzezpen, kantu, dantza, akrobaziak edo efektu berezietako ikuskizuna dugu Jaso Musikala prozesu artistiko osoan parte hartzen duten ikasleek beren kabuz diseinatu, sortu eta kudeatzen dutena. Besteak beste, gidoia, abestien egokitzapena, koreografiak, eszenografia, jantziak, atrezzoa, argia eta soinua, postprodukzioko, marketineko, babesletzako, sustapeneko edo sare sozialen kudeaketa lanak euren gain hartzen dituzte», gaineratu dute.

Aurten, gainera, Jaso Musikalak orkestra propioa du. «Ikasle ohiek, familiek, irakasleek eta ohiko kolaboratzaileek bat egin dute orkestra propio bat sortuz, Jaso komunitate osoa partaide bihurtuz», kontatu dute.

Barañaingo Auditorioan estreinatu ondoren, Jaso Ikastolak hainbat emanaldi izango ditu. Adineko pertsoneei bideratuta dagoen emanaldi berezi bat, Misericordia Etxean ekainaren 12an, eta Iruñeko Baluarte jauregian antzeztuko den azken emanaldi nagusia urriaren 15ean.

 

Kokapena

Barañain Auditorioa
Comunidad de Navarra, 2
Barañain. Nafarroa