Baikortasunerako gonbita egin nahi du Gutun Zuriak sorkuntzaren bidez

Data

25.02.25 - 25.03.01

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Itxaro Bordak otsailaren 25ean jasoko du euskal makila.
Itxaro Bordak otsailaren 25ean jasoko du euskal makila. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gutun Zuria jaialdiak egitarauren zati bat aurreratu du astearte honetan. Aurten otsailaren 25etik martxoaren 1era ospatuko da Alhondigako hainbat guneetan. «Fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez hitzarekiko urteroko topagune gisa finkatua, literatura garaikidearen erreferenteek eta egungo narratibaren ahots berriek hartzen dute parte», esan dute antolatzaileek. 

Hitzaren adierazpen guztietan arreta jarrita, izaera anitza eta zeharkakoa duena izan nahi du jaialdiak. «Ez du ez hizkuntza-kuotarik, ez publiko-kuotarik, ez sormen-diziplinarik. Mugarik eta aukera mugarik gabeko lurralde gisa planteatzen da, hitza eta topaketa ardatz nagusi izanik, non euskal kulturak garrantzi nabarmena duen».

Izenak berak dioenez, jaialdi hau gutun zuri bat da, edizio bakoitzean berriz idazten dena. «2025ean, jaialdiak aurre egin nahi dio gizartean sumatzen den goibelaldiari, eta baikortasunera gerturatu nahi du, literatura, arte eta pentsamendu-arloko sorkuntzaren bidez. Gizarteak begien aurrean du egiaren gainbehera, aukera utopikoak distopia bihurtzen dira, ondoeza handitu eta betikotu egiten da. Horren aurrean, jaialdi honek elkarrizketa hedatu eta konpartitu nahi du sortzaile garaikideekin, orainari eta etorkizunari beste modu batez begiratzeko», azpimarratu dute.

«Sorkuntzak berekin dakar berriarekiko konfiantza eta plazera, arakatu gabeko espazioen aurkikuntza, ziurtzat jotzen dena zalantzan jartzeko eta irtenbideak irudikatzeko gaitasuna», gogoratzen dute. «Ez dago ezer hoberik idazleen eta artisten hitzak eta irudiak baino, irudikatzeko grinaz blaitu eta beldurrik gabe aritzeko espazio zabal eta libreetan», gaineratu dute.

Testuinguru honetan kokatzen dira jaialdiaren programa osatzen duten elkarrizketak, topaketak eta jardunaldi profesionalak. «Hogei bat idazle, edizioko profesional, zinemagile, ikertzaile eta artistek parte hartzen dute, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko testuinguruan, eta horien aniztasunak egungo sormen-paisaia erakusten du», diote.

Lurraldearen defentsak Mª Angeles Fernandez eta Jairo Marcosen lanak lotzen ditu, testu eta argazkien bidez istorioak kontatzen esperientzia luzea duten freelance kazetarienak; eta Maddi Barber euskal zinemagilearekin hitz egingo dute hitzaldi batean. Besteak beste, urtegi bat eraikitzeagatik etxeak utzi behar izan zituztenen ‘Memorias ahogadas’ azaleratuko dira (Pepitas de Calabaza, 2024).

Gutun Zuria publiko gaztearentzako jaialdia ere bada, kulturan ikaskuntza ez-formalak zabaltzeko kezka duena, sorkuntza literarioaren prozesuak bertatik bertara ezagutuz, Miren Billelabeitia idazle eta Literatura Unibertsaleko eta Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakaslearekin, besteak beste.

Kultura eta liburu industriaren publikoarengana zuzentzen da +PRO programaren bidez. Liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkei aurten helduko dieten jardunaldi profesionalak dira. Pepitas de Calabaza eta Astiberri bezalako argitaletxeetatik zenbait idazleetaraino; ilustrazio munduko profesionalak, Arrate Rodriguez eta Onda Fosch kasu; Garcinuño, Agprograf eta Cosmos bezalako inprentak; No soy sibilia bezalako sare sozialetako eduki sortzaileak; edota jaialdi eta azoken antolatzaileak.

Gainera, edizioak presentzia espezifikoa du, eta, beraz, programan Azkuna Zentroak ekoitzitako azken argitalpenen aurkezpena nabarmentzen da, erresidentzian dauden sortzaileen lan artistikoa jaso eta zabaltzen baitute.

Jaialdirako sarrerak otsailaren 3an, astelehena, jarriko dira salgai webgunean.

Jarduerak

Jaialdiak irauten duen egunetan, Alhondigako hainbat gune topagune bihurtuko dira jarduera, eskola tailer, esku hartze artistiko eta ikastaroetarako, hala nola Leila Guerrierok emango duen tailerra bezala, otsailaren 27an, ostegunean, bereziki kazetaritzako profesionalei eta ikasleei zuzenduta.

Jarduera artistiko horietako bat Juan Viedma eta Lucía Rabadan, fui.volvi.no.ofendi.a.nadie. kolektiboa osatzen dutenak, emango dutena izango da. Jaialdian zehar, Viedmak eta Rabadanek Alhondigan egingo den egoitza batean parte hartuko dute, eta, amaieran, ikusleentzako irakurketa performatibo bat egingo dute.

Hauen proposamenaren abiapuntua kointzidentzien zerrenda da, biek partekatzen duten ziurtasun batera hurbiltzeko aukera ematen diena, iturri plastiko eta literarioekin erkatuta. Ikuspegi honek lan partekatuaren garrantzia azpimarratzen du, non beste alderdia, beldurrez eta itxaropenez itxaroten eta ahalegintzen dena, lehen zatiko lanaren motorra baita.

Bi sari

Itxaro Borda eta Leila Guerriero idazleak sarituko ditu aurten Gutun Zuria jaialdiak. Aurten, otsailaren 25etik martxoaren 1era egingo da jaialdia.

Jaialdiak, irakurketaren begirada artistiko berriak eta artearen begirada literario berriak proposatzen dituen urteroko topaketak, Itxaro Borda (Baiona,1959) «bere ibilbide oparoagatik eta euskal literaturari egindako ekarpenagatik» sarituko du. «Ibilbide luzea du ia literatura-genero guztietan –eleberria, ipuina, poesia–, eta nabarmentzekoa da gaien ekarpena eta aniztasunetik abiatutako ikuspegi berriak, hala nola LGTBIQ+ esparruarekin lotutakoak. Gainera, erreferentzia bat da euskarazko prosaren berrikuntzan. Euskal kulturaren kritikari 1980tik, literatur itzulpengintzan ere lan ugari egin ditu», adierazi dute antolatzaileek.

Makila emango zaio Leila Guerriero (Argentina, 1967) idazle argentinarrari, Latinoamerikako kazetaritza narratiboko sinadura nabarmenduenetako bati. «Prosa basati eta zehatz batekin, egilea sotiltasunean murgiltzen da, eguneroko errealitatea argitzeko duen harriduratik, gugan ezkutatuta dagoena argitzeko», azpimarratu dute.

Biek euskal makila tradizionala jasoko dute asteartean, otsailak 25, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian. Gainera, arte eta literatur sorkuntzari buruzko topaketaren 18. edizioa ireki eta ixteko ardura dute. Leila Guerrierok Rodrigo Fresan idazle, itzultzaile eta kazetari argentinarrarekin hitz egingo du asteartean, otsailak 25. Bestalde, Itxaro Bordak itxiko du jaialdia martxoaren 1ean, larunbata.

Gutun Zuriak 2022tik ematen dute ohorezko sari hau, euskal literaturaren eta nazioarteko literaturaren funtsezko eragileen sorkuntza lana aintzatesteko, haien ibilbideagatik, lan jakin batengatik edo kultura-proiektu garrantzitsu bat egiteagatik.

Saria ohorezko makila ematean gauzatzen da. Euskal makila tradizionala da, eta pertsona batenganako errespetua eta aintzatespena erakusten ditu. Sariak, halaber, gutun zuri bat eskaintzen die saridunei, hurrengo ediziorako interesekoa duten proiektu baten sinboloa.

Itxaro Bordak eta Leila Guerrierok bat egin dute saria jaso duten idazle ospetsuen zerrendarekin: Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides (2022), Anjel Lertxundi eta Cristina Rivera Garza (2023) eta Mariasun Landa eta Juan Mayorga (2024).

Bilboko Letren Nazioarteko Jaldia hitzarekin urtero egiten den topagunea da, fikzioaren, poesiaren, saiakeraren edo nobelaren bidez, non literatura garaikideko erreferenteek eta egungo narratibako ahots berriek parte hartzen duten. Aurten, otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean izango da.

Jaialdi irekia da, izaera anitza eta zeharkakoa duelako, hizkuntza, publiko eta diziplina sortzaileen kuotarik gabea. Bertan, euskal kulturak garrantzi nabarmena du. Kultura garaikidean interesa duen publikoarentzako jaialdia, Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko hogei idazle baino gehiago ezagutu eta haiekin partekatzeko gogoa du. Horien ugaritasunak egungo literatura-paisaia erakusten du.

Hala da, halaber, kulturari buruzko ikaskuntza ez-formalak zabaldu nahi dituzten eta literatura-sorkuntzako prozesuak lehen eskutik ezagutu nahi dituzten gazteentzat. Eta kultura eta liburu industriako publikoarentzat, liburuaren kateko hogeita hamar bat eragilek sektorearen erronkak aztertzen dituzten jardunaldi profesionalak zuzentzen baitzaizkio.

Itxaro Bordak (Baiona, 1959) 1974an plazaratu zuen bere lehen poema Herria Iparraldeko astekarian. Geroztik ez da idaztetik eta publikatzetik gelditu. Literatura genero guziz gehienak landu ditu, eta une honetan, Berriako eguneroko Birak izkiriatzen dabil. Amaia Ezpeldoi dtektibe rural lesbianaren pertsonaia orraztu du sei liburukitan. Euskadi Saria ukan zuen 2002an %100 Basque (Susa) nobelari esker. Itzultzailea ere bada, hainbat kanpoko autoreren artean Maria Merçé Marçal euskarara ekarri zuen. Proiektu askotan parte hartzen du, azkenaldian Ibon RG-rekin edo Bordele aldeko Orchestre Maigreko musikari-poetekin batera.

Leila Guerrierok (Junín, Buenos Aires, 1967) 1991n ekin zion kazetaritza-ibilbideari, erredaktore gisa, Argentinako ‘Página/12’ egunkariaren ‘Página/30’ aldizkarian. Geroztik, bere testuak Latinoamerikako eta Europako hedabide askotan agertu dira: ‘La Nación’ eta ‘Rolling Stone’ (Argentina), ‘El País (Espainiar Estatua), ‘Piauí’ (Brasil), ‘Gatopardo’ (Mexiko), ‘L'Internazionale’ (Italia) eta Granta-n (Britainia Handia), besteak beste.  

Liburu hauen egilea da: ‘Los suicidas del fin del mundo’ (Tusquets, 2004), ‘Frutos extraños’ (2009, Aguilar, Alfaguara), ‘Plano americano’ (2013, Ediciones Universidad Diego Portales; 2018, Anagrama), ‘Una historia simple’ (2013, Anagrama), ‘Zona de obras’ (2014, Círculo de Tiza, Anagrama), ‘Opus Gelber’ (2019, Anagrama), ‘Teoría de la gravedad’ (2019, Libros del Asteroide), ‘La otra guerra’ (2021, Anagrama), ‘La llamada’ (2024, Anagrama), ‘La dificultad del fantasma’ (2024, Anagrama).

CEMEX-FNPI, Gonzalez Ruano, Grand Prix Blue Metropolis, eta kazetaritza kultural eta politikoaren Manuel Vázquez Montalbán sariak jaso ditu. 2024an, La llamada liburuak Txileko Diego Portales Unibertsitatearen Emakumeak eta Hedabideak Katedraren Saria jaso zuen, baita Espainiako Narratibako Zenda Saria ere. Gatopardo aldizkariaren Latinoamerikarako editorea da. Ingelesera, frantsesera, alemanera, suedierara, portugesera, italierara, danierara, polonierara, grezierara eta txinerara itzuli dute bere lana.

Kokapena

Alondegia
Arrikibar Plaza, 4
Bilbo. Bizkaia