‘Itzalpean’, Jaso Ikastolaren musikala, desinformazioaren erronkari aurre egin nahian
Data
25.05.09
Lekua
Nafarroa - Barañain

Jaso Ikastolak prest du bere hamahirugarren musikala. ‘Itzalpean’ ikuskizunak maiatzaren 9an ikusiko du argia Barañaingo Auditorioan, eta berri faltsuen (fake news) eta desinformazioaren gaia jorratuko du. «Modu ausart eta berritzailean beste behin ere ikus-entzuleak hausnarketa egitera gonbidatuko ditugu», adierazi dute Jaso Ikastolako ordezkariek.
Musikalaren argudioak kazetaritza-agentzia batean kokatuko du ikuslea. Hauteskunde-prozesu batean izandako manipulazio politikoaren ondorioz, agentziako nagusia espetxeratuko dute, eta haren ordez politikari baten alaba jarriko dute buru. «Gazte honek aitaren alderdia sustatzeko egindako berri faltsuen aurrean, langileek euren printzipioen eta lanbidearen etikaren artean aukeratu beharko dute. Zilegi al da gezurra erabiltzea egia defendatzeko? galdera horren inguruan eraikiko dute kontakizuna», aurreratu dute.
Urteak daramatza Jaso Ikastolak bere hezkuntza proiektua arte eszenikoen bidez garatzen, «ikasleen sormen aktiboa, autonomia eta talentu artistikoa» sustatuz. 37 ikaslek parte hartzen dute musikalean, eta sormenetik eszenaratzeraino egin dute lan: gidoia, koreografiak, eszenografia, argiztapena eta marketina bera ere ikasleen esku egon dira. Oholtza gaineko emanaldiaz gain, 18 musikariz osatutako orkestra propioa izango da, ikasle ohiek, irakasleek eta familien laguntzarekin sortua.
Euskararen presentzia eta kultura sustatzeko helburuarekin, proiektuak Euskaltzaindiaren eta Euskarabidearen babesa jaso du, baita Nafarroako Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Kolegioaren lankidetza ere.
Greziara
Nabarmentzekoa da ‘Itzalpean’ obrak Euskal Herriko mugak zeharkatuko dituela. Izan ere, ekainean, Jaso Ikastolako hainbat ikaslek Grezian parte hartuko dute, Grevena herriko antzerki talde batekin batera. «Esperientzia horrek kultura arteko elkarrizketa bultzatuko du, euskaraz eta grezieraz egindako obra bateratu baten bidez. Musikalaren promozioari dagokionez, ikasleek bideo-klip berezi bat grabatu dute ‘Diario de Noticias’ egunkariaren instalazioetan, eta material hori ikastetxeentzako tresna didaktiko moduan ere erabiliko da», diote.
Emanaldiak maiatzaren 9an izango dira: 11.00etan ikastetxeentzat eta 19.00etan publiko orokorrarentzat. Urrian Baluarten izango dira. Sarrerak eskuragarri daude Barañaingo Auditorioaren webgunean edo musikala@jasoikastola.net helbidean ikastetxeentzat. «Jaso Ikastolak beste behin ere kultura, hezkuntza eta gizarte-gaiekiko konpromisoa uztartzen duen ikuskizuna eskaintzen du, arte eszenikoak tresna hezitzaile gisa erabiliz», esan dute.
Kanpus Artistikoa
Aldi berean, Jaso Ikastolak bere III. Udako Kanpus Artistikoa aurkeztu du, ekainaren 19tik 27ra egingo dena. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta, kanpus honek kantu, akrobazia, antzerki, eszenografia, dantza eta multimedia tailerrak uztartuko ditu, giro euskaldun paregabe batean. «Nafarroako ikaslego osoari irekia dagoen ekimen hau, Jaso Fundazioaren eta Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik dator, eta artea eta euskararen erabilera uztartzeko aukera aparta eskaintzen du uda giroan», azaldu dute.
Kokapena
Barañain Auditorioa
Nafarroako Komunitatea, 2
Barañain. Nafarroa