‘Itzulera’, Mexikora garamatza Dejabu konpainiak bere road moviean

Data

25.01.18 - 25.11.01

Lekua

Gipuzkoa - Errenteria

Dejabuko kideak, ‘Itzulera’ antzezlanaren entsegu betean.
Dejabuko kideak, ‘Itzulera’ antzezlanaren entsegu betean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Egutegian gorriz markatuta daukate Dejabu konpainiako kideek urtarrilaren 18a. Izan ere, hamar urteren ondoren helduentzako antzezlana estreinatuko dute. Hitzordua, Lekuona Fabrikan, 20.00etan.

Road movie bat da ‘Itzulera’, Dejaburen eszenarako proposamen berria. Konpainia bateko hiru kideek Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Dokumental bat grabatzera joan dira krisi kreatiboan dauden kideak, Etxepare Euskal Institutuak emandako diru-laguntza bati esker. Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea ordea.

Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratzen da lana. Dejabuko zuzendari artistikoak, Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala eta Urko Redondo, ikusiko ditugu eszenan. Hiru antzezleez gain, David Aguilar zinegilea egongo da oholtzan, zuzeneko irudien sorkuntza eta errealizazioan. Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat.

Iara Solano (bidelaguntza artistikoa), Mariana de la Mata (gidoian bidelaguntza), Ander Fernandez (musika konposaketa) eta Barbara Rasso (jantziak), besteak beste, izan dituzte ondoan proiektu honetan. Aipatzekoa baita Iban Urizar (Amorante) eta Ander Mujikaren musika kolaborazioa.

Esperientzia errepìkaezina izango da emanaldi bakoitza Dejabuko lagunen hitzetan. «Road movie honetan ez dira faltako psikodelia, paisaia amaigabeak, eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat. Errealitatea eta fikzioaren arteko jolasa du oinarri antzezlanak. Proposamen estetiko eta bisual indartsua dakarren oproposamena da. Esperientzia bakana izango da emanaldi bakoitza ikusleentzat, nolabait kontakizuna osatzen lagunduko baitu», diote.

Ospakizuna da ‘Itzulera’. Antzerkiaren errituala eta elkar topaketa ospatzeko sortu dute antzezlana eta «ikusleekin gure hainbat gogoeta eta batez ere galderak partekatzeko. Itzulera, gure itzulera, antzerkiaren eta bizitzaren ospakizuna izatea nahi dugu». Sarrerak eskuragarri daude webgunean.

Azarora arte hitzartuta dituzte emanaldiak, beraz izango da aukerarik han-hemen. Biraren xehetasunak webgunean.

24 urteko bidea

2001ean sortu zen Dejabu konpainia antzerki fisikoa eta objetu lana uztartuz. «Gure antzezlanek ikusleen eta kritikaren harrera beroa izan dute sorreratik. Emozio handiko lanak sortzen ditugu, irudien eta gorputzen poetika zainduarekin. Gure antzezlanek publikoaren eta kritikaren harrera beroa jaso dute urte hauetan», esan dute.

Egitasmo bakoitzean sortzaile talde zabalarekin egiten dute lana. ‘Naon Tokin’, ‘Arrastoak’, ‘Gure bide galduak’ eta ‘Linbo planeta’, emaitzetako batzuk. 

Azken urteotan, eszena artearen aukerak zabaltzeko asmoz arte instalakuntza eta site-specific esperientzia ezberdinak sortu ditu konpainiak. Bideogintza, dantza edo musika alorreko beste sortzaileekin ere hainbat proiektu garatu ditu.

Gaur egun Nieseen Kulturgunean konpainia egoiliar dira eta Lekuona Fabrikaren gidaritza taldeko kide.

Kokapena

Lekuona Fabrika
Ugarritza, 1
Errenteria. Gipuzkoa