Izaki Gardenak, Olatz Salvador, Merina Gris, J Martina, Dupla... Donostiako Aste Nagusian
Data
25.08.09 - 25.08.16
Lekua
Gipuzkoa - Donostia

Badator Donostiako Aste Nagusia. Abuztuaren 9tik 16ra bitartean makina bat ekitaldi iragarri dituzte. Zuzeneko musika emanaldiak izango dira oraingoan ere egitarauaren ardatzetako bat. Batetik, portuan eta Trinitate plazan Donostiako Piraten eskaintzaz gozatu ahal izango da eta bestetik, Saguesen, Udalak antolatutako saioez.
Hamasei kontzertuz osatutako egitaraua prestatu dute aurten Piratek. Zortzi egunez, Flamenka, kaia eta Trinitate Plaza bezalako guneen artean banatuko da festa. Giro autogestionatuan eta hiri osoari zabalik, «jai herrikoi, euskaldun eta kolaboratzaile» baten aldeko aldarria egingo dute.
Abordatzeak bereganatu ohi ditu begirada gehienak baina egitaraua harago doa. Kuadrilen arteko jolasak, playback lehiaketa, playback lehiaketa, kalejiren, bertso saio eta herri bazkariekin batera, hainbat kontzertu antolatu dituzte.
«Korrontearen kontra bogan, hamaika besoen indarrez prestatu dugu 2025eko Aste Nagusi Pirata. Urtero egin ohi dugun bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanaz, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dugu. Auzolanari tiraka, jai herrikoi eta partehartzaile hau gorpuzten dugun kofradiakideak, txalekorik gabeko eskifaia zein komunitatea osatzen duten gainerako boluntarioak. Herri bizirik gabeko hiri eri honetan, badugulako nori kantatu», adierazi dute Piratek.
Abuztuaren 9an, Orekka erromeriak joko du; 10ean, Izaki Gardenak taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuak izango dira; abuztuaren 11n, La Txama, Goxua’n Salsa eta Hofek joko dute; 12an, Labarrek eta Eusko Princess igoko dira agertokira; 13an Bengo eta Merina Grisen txanda izango da; 14an, Añube arituko da, eta 15ean Sukena eta Marta Lasarte. Indabe eta Lukiek ere bertan izango dira.
Aste Nagusian zehar beste hainbat proiekturi ere egingo diote leku Piratek. Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera izango dira Trinitate plazan.
Publiko gazteagoari zuzendutako eskaintzaz gain izango da beste musika emanaldirik hirian zehar, Easo Plazan eta Bulebarreko kioskoan, hain zuzen ere. Folkloreak ere izango du lekurik egitarauan dantza taldeen eskutik.
Saguesen
Udalak, bere aldetik, «musika estilo ezberdinez, eta bertako zein arrakasta handiak ekarriko dituzten beste hainbat artistez» osatutako egitaraua ondu du. Sagues izango da kokagunea. Abuztuaren 9tik 16ra bitartean kontzertu bat izango da egunero, 23.45etik aurrera.
Morodo (abuztuak 9), Vicco (abuztuak 10), OBK (abuztuak 11), J Martina eta Dupla (abuztuak 12), Sexy Zebras (abuztuak 13), Janus Lester eta lagunak (abuztuak 14), Marlon (abuztuak 15) eta Leire Martinez (abuztuak 16) taldeekin dute zaleek hitzordua aurtengo Aste Nagusian.
Kokapena
Sagues
Sagües
Donostia. Gipuzkoa