‘Jarraitu zinearen lorratza’ lelopean dator Euskal Zine Bilera

Data

23.10.19 - 23.10.22

Lekua

Gipuzkoa - Lekeitio

Esti Urresola zinema zuzendaria bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da..
Esti Urresola zinema zuzendaria bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.. (Gorka RUBIO | FOKU)

Badator Euskal Zine Bileraren 46. edizioa. Ostegun honetan irekiko ditu ateak eta hilaren 22ra
 bitarte luzatuko da. Lau egunez euskal ikus-entzunezkoen proiekzioak, aktore eta zuzendariekin solasaldiak, tailerrak eta «sorpresaren bat» ere izango da.

Euskara hutsez egiten den zinema jaialdirik zaharrena da Lekeitiokoa. «Orain dela 46 urte, Lekeitioko lagun talde batek zinema jaialdi amateur hura martxan jarri zuenetik, lau hamarkadatik gora daramatza euskarazko ikus entzunezkoentzako topaleku izaten», gogoratu dute sustatzaileek.

«Pausoz pauso bidea egin du Euskal Zine Bilerak, hasierako nortasuna galdu gabe. Zinearen lorratzak ekarri gaitu honaino eta eskerrak eman behar dizkiegu norabidea bideratu eta ibilbidea erraztu duten guztiei. Jaialdiaren izena hiru hitzek konposatzen dute: Euskal – Zine – Bilera
. Lehenengoak gure kultura eta hizkuntzari egiten dio erreferentzia, euskarari eta euskal kulturari hain zuzen. Euskaraz sustatu eta indartzea bilatzen duen jaialdia da gurea, euskarazko zine jaialdi zaharrena alegia. Bigarren hitzak zinea aipatzen du, zinemaren zaletasuna piztu eta gure ama hizkuntzarekin bat egitea. Azkenik, ‘bilera’ hitza aipatzen da, eta hori da hain zuzen, Lekeitioko ekimen honen oinarria, euskarazko zinema zaleak eta sektoreak bat egiten duten gune bat proposatzea. Hiru hitzek ondo baino hobeto deskribatzen dute gure Lekeitioko jaialdia, euskarazko zinemagintzaren erakusleihoa bilakatuz».



Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen Sail Ofizialeko Lehiaketagatik da. Hala diote antolatzaileek. «Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Guztira 19 film izan dira lehiaketarako aukeratuak izan direnak».

Sail Ofizialeko lehiaketako emanaldiak 
urriaren 19an (19.00etan), urriaren 20an (19.00etan) eta urriaren 21ean (12.00etan) iragarri dituzte. 


Sariak

Sari banaketa urriaren 21ean egingo da 19.30etik aurrera, Ikusgarri zine aretoan. Ana Goitia eta Jon Garatek aurkeztuko dute ekitaldia.

Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Azkenik, 2001. urtetik aurrera jaiotako zinegile onenari ere saria emango zaio.

Film onenak 3.000 euroko saria eskuratuko du eta zuzendari onenak eta gidoi onenak 1.600 eurokoa. Ikusleen saria 750 eurokoa da eta Gazte 22 sariak (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat) kopuru bera du.

Irabazleak aukeratzearen arduradunak Alaitz Arenzana (Zinegoak festibaleko zuzendari artistikoa), Ramon Agirre (Ibilbide luzeko euskal aktorea) eta Nerea Alberdi (Konpositorea, orkestratzailea eta moldatzailea) izango dira. «Zalantzarik gabe, esperientzia handiko epaimahai anitza izango dugu», diote.

Sari banaketako sarrerak dohainik izango dira eta eskuragarri egongo dira urriaren 21ean, 18.30etik aurrera.

Esperimentazioari ere egiten dio leku jaialdiak Klixka egitasmoaren bitartez. Urriaren 21ean 12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara, kultur etxeko Eskolape aretoan. 
Zoom atalaren barnean eta Lekeitioko biztanleei zuzendutako programa pedagogiko bat sortu asmoz, Arropaineko Arraguaren Klixka programa abian jarri da aurten. Klixka, ikus-entzunezko artxibo baten produkzioaren esparrutik bideratzen da, sorkuntza garaikideko praktiketatik, analogikotik digitalera mugituz, eta alderantziz, ikus-entzunezko praktika eta esperientzia zabaldu eta elikatzeko helburuarekin. Aurten, Azkue Ikastolako DBH3ko ikasleek eta Iturriotz Institutuko Batxiler 2ko ikasleek parte-hartu dute eta artista gonbidatuak Zaloa Ipina, Inaki Rifaterra eta Jorge Moneo izan dira. Programa pedagogikoan garatu diren ikus-entzunezko artxiboak erabiliz Klixka esperimentazio gunea diseinatu dugu, tailerretan garatutako esperientziak biltzen dituen ekimena, non tailerretako parte-hartzaileek zein herritar guztiek esperimentatu eta jolastu ahal izango duten

Zinegilea Ezagutu atalean, berriz, Esti Urresola (‘20.000 especies de abejas’) izango dute gonbidatu. 
Urriaren 22an 18.30ean, Ikusgarri zine aretoan zuzendari, gidoilari eta ekoizlearekin solasaldia izango da. Zinemagintza nola ulertzen duen, filmeez, eta esku artean dituen proiektuez hitz egiteko tartea izango da. Solasaldia gidatzen arituko dira Gentzane Agirre kameralaria eta Raul Barreras, ‘20.000 especies de abejas’ filmaren muntatzailea.

Ezin Kameratoia
 ahaztu. Egindako lanen emaitzak proiektatuko dira, Ugaitz Alegriak gidatutako ekitaldian.

 Euskarazko ikus entzunezkoen rally-a Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den ekimena da. 18 eta 26 urte bitarteko zinegile gazteek 36 ordu besterik ez dituzte izango film bat sortu eta aurkezteko.

Sari banaketa urriaren 22an 16.30ean Ikusgarri zine aretoan egingo da.
 Edizio honetan, Estibaliz Urresola zuzendaria eta iazko Euskal Zine Bilerako zuzendari onenaren saria irabazi zuen Aitzol Saratxaga zuzendaria (‘Lanbroa’) izango dira epaileak.

Horrez gain, partaideek soinu masterclass-a izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik. Asteazken hau da izena emateko azken eguna. 
Informazio gehiago webgunean.


Kokapena

Ikusgarri zine aretoa
Otxoa Urkiza Kalea
Lekeitio. Gipuzkoa