Joan Miroren ‘Tête’ eskulturaren igeltsuzko modeloa ikusgai dago San Telmo Museoan

Data

25.05.27 - 25.10.19

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Joan Mirok ‘Tête’ eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa.
Joan Mirok ‘Tête’ eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa. (SAN TELMO MUSEOA)

Joan Mirok ‘Tête’ eskulturarako egindako igeltsuzko modeloa hartuko du Donostiako San Telmo Museoak datozen hilabeetan. Maiatzaren 27tik urriaren 19ra arte Nabarmendutako Obra programaren barruan egongo da ikusgai arte bilduma historikoaren aretoan. Lana 1978. urte inguruan ondu zuen artista katalandarrak. 111 x 67 x 25 zentimetroko neurriak ditu eta bilduma partikular batetik etorri da.

Maria Bolaños arte historialariak ‘El otro Miró’ hitzaldia eskainiko du. «Hona hemen Miró ezezagun eta bakana, salbuespenez gordetakoa. Igeltsuan egindako lan bat da, eta sormen-prozesuaren bitarteko fase bati dagokio, lan erabat behin-behinekoa eta ezinbestean suntsitua edo ahaztua izateko sortutakoa. Eredu horretatik abiatuta, obraren handiagotze bat agindu zuen egileak, behin betiko obra brontzean moldatzeko baliagarria izango zena, 1978. urtean», hitzekin aurkeztu du artelana.

Maiatzaren 27an 9.00etan gazteleraz eskainiko du hitzaldia ekitaldi aretoan. Sarrera librea lekuak bete arte. Streaming bidez zabalduko da.

Bolumenak haztatuz

«Begiak estalita zituela ikasi zuen Mirok margotzen, bolumenak haztatuz, eta behin baino gehiagotan aitortu zuen bere eskuekin substantzia manaerraz eta otzan hori oratzean sentitzen zuen plazer fisikoa, bere irudizko munduaren genesiaren lekuko izatea ahalbidetzen zion plastikotasun egokiko substantzia hori eskukatuz. Ezaugarri horiek nabarmentzen dira lan honetan: igeltsuaren zuritasun mate eta laua, argia atzitzeko duen gaitasuna, bere xehetasun milimetrikoen plastikotasuna, bere laztasuna eta aldi bereko grazia dotorea», adierazi dute museoko ordezkariek.

Berandu sortu zen Miroren eskulturarako bokazioa, 1944. urte inguruan, II. Mundu Gerra betean. «Ordutik aurrera, pasioz ekin zion arte horri, eta bere pintura bezain poetikoa izan zen, baina desafiatzaileagoa, dena den. Inspirazio mirotarraren barrena erakusten digu eskaiola honek: artistak eguneroko gauzengatik zuen amodio «frantziskanoa», goxoki baten bilgarriarekikoa, esate baterako. Bere irudimen asoziatiboaren indarraren bultzadaz, jatorrizko papertxo hori metamorfizatzen du arian-arian artistak, azkenean, paperaren tortsioei eta errotuladorearekin gehitutako trazu gutxi batzuei esker, gizaki itxura hartzen duen arte. Baina gizaki forma kezkagarri bat da emaitza, «munstro bizidun» bat, totem bat, isekaren eta izu-ikararen nahasketa bat, igeltsuaren zuritasunak bitxikeriaz tindatzen duena», gaineratu dute.

Nabarmendutako obra

Nabarmendutako obra programa 2023an jarri zuen martxan San Telmo Museoak, denbora batez arreta obra jakin batera erakartzeko, bere ezaugarriengatik, gaurkotasunagatik edo bakantasunagatik azpimarragarria denean.

Sorreratik obra hauek izan dira programa honetan ikusi ahal izan direnak: ‘Ozeanoko Perla bainuetxea’ (1910), Ramon Cortazarren akuarela; ‘Pintura’ (1960-62) eta ‘Adolescencia’ (c.a. 1948), Maria Paz Jimenezen olio pinturak; ‘Amalia de Llano y Dotres, Condesa de Vilches’ (1853), Federico de Madrazo y Kuntzen olio pintura (azken hau Museo del Pradoren lankidetzarekin), eta ‘Izenbururik gabe’ (1922), Netor Martin Fernandez de la Torreren olio lana.

Bisita ordutegiak: asteartetik igandera 10.00etik 19.00ra. Sarrerak salgai leihatilan eta webgunean.

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza
Donostia. Gipuzkoa