Animeari eskainitako sail berria du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak

Data

24.10.25 - 24.11.01

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Asteazken honetan aurkeztu dute sail berria.
Asteazken honetan aurkeztu dute sail berria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostiako Anime Topaketa izeneko sail berria izango du aurrerantzean Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak. «Historikoki, animazio japoniarraren zaleentzako babeslekua izan da Astea, eta askotan zinema mota horren ezaugarri adierazgarrienak eta erakargarrienak programatu izan ditu. Urte honetatik aurrera harago joan nahi du zinemaldiak. Programazioak, filmez gain, jarduera paraleloak ere izango ditu, tartean animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak», iragarri dute asteazken honetan. Urriaren 25etik azaroaren 1era egingo du jaialdiak bere 35. edizioa.

Streaming plataformen goraldiarekin batera izugarri handitu da animearen kontsumoa mendebaldean. «Ikerketa batzuen arabera, 90eko hamarkadaren hasiera eta milurteko berriaren hasiera bitartean jaiotako Z belaunaldiaren %42ak astero kontsumitzen dute animea. Zinema-aretoetan publikoa berritzea beti dela beharrezkoa jabetuta, Animedonek gazteei egiten die gonbidapena estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten. Animedonen programatutako film luzeak ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, Astean gertatzen den bezala, baizik eta eskaintza tematiko zabalagoa izango dute», esan dute aurkezpenean.

‘Dragoi Bola’, omenaldiak eta erakusketak

«Euskal populazioak beti izan du lotura berezia animearekin, urte askotan telebista publikoak mota honetako edukiak euskaraz eskaini izan zituelako. Adierazgarriena ‘Dragoi Bola’ telesaila izan zen, Akira Toriyamaren mangaren moldaketa. Aurtengo martxoan zendu zen, 68 urte zituela, oraindik murgilduta zebilenean hainbeste pertsonarengan itzal handia izan duen sail honekin lotutako proiektuetan. Horregatik, Animedonen lehen edizioak bere irudia eta obra gogoratu nahi ditu, Antzoki Zaharreko fatxadatik bertatik. Aurten, Innovart estudioko Mikel Herreroren zuzendaritza artistikoa izango du, eta fikzio horretako irudiekin dekoratuko du fatxada».

Ekitaldi nagusia urriaren 20an, igandea, izango da, 19.00etan, Antzoki Zaharrean. ‘Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa’ izenburuarekin omenaldia egingo zaie ‘Dragoi Bola’-ren euskarazko bikoizleei. Ylenia Benito kazetariak gidatuta, ekitaldi honetan ‘Dragoi Bola’-ren lehen atala proiektatuko da, 1989ko urriaren 4an ETB-1en egin zuen lehen emanaldiaren 35. urteurrenean. Bertan izango dira Xabier Amuriza bertsolaria, Euskal Herriko Txapelketa bitan irabazitakoa eta telesailaren lehenengo bikoizketa-zuzendaria; Seve Atencia, Goku eta Gohanen ahotsa; Ana Guadalupe Fernandez, Bulmaren ahotsa eta kredituen sekuentziako abeslaria; eta Joxe Felipe Auzmendi, kazetaria, ETBko aurkezle ohia eta Freezerren ahotsa.

Bestetik, Toriyamari egiten zaion omenaldia bi erakusketek osatuko dute. ‘Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia’, Jorge Madejonek komisariatua, Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) ikusi ahal izango da. Bertan, 26 ilustratzaileren lana erakutsiko da, mangakaren obra berrinterpretatu dutenena. Erakusketa honetarako propio pieza bat sortu duten egileen artean daude Joseba Larratxe, Euskadi Ilustrazio Saria (Ni ez naiz Mikel Laboa); Alba Cardona, La chica invisibleren egilea; Paul Urkijo zinegilea, besteak beste Irati eta Errementari film arrakastatsuen zuzendaria; eta Borja Crespo, ilustratzailea, kritikaria, zinegilea eta Getxoko Komiki Azokako zuzendari artistikoa.

Azkenik, Euskadi Fantastikoaren barruan, Liburutegi Nagusiak (Alderdi Eder) Nacho Fernandez bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. ‘Dragon Fall’en egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia, egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena. Animedonen irudi grafikoa, baita Tokiko bere maskota ere, Angel Aldarondo zuzendari, editore, animazio-egile eta gidoilari ondarroarrak diseinatu eta sortu ditu. Laster iragarriko da Animedonen programaren erronka: zine emanaldiak, hitzaldiak eta tailerrak.

Irekiera

Nacho Vigalondok zuzendutako film berriak, ‘Daniela Forever’ (2024) euskal koprodukzioak, urriaren 25ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean.

Filma Sayaka Producciones-ek ekoiztua da, Wrong Men, Señor y Señora, Mediacrest Entertainment eta XYZ Filmsekin batera, eta joan den irailaren 5ean estreinatu zen Torontoko Zinemaldian. Henry Golding, Beatrice Grannò, Aura Garrido, Rubén Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista. Hau Nacho Vigalondok zuzendutako bosgarren film luzea da, ‘Los cronocrímenes’ (Beldurrezko Astea 2007an inauguratu zuena), ‘Extraterrestre’ (2011), ‘Open Windows’ (2014) eta ‘Colossal’ (2016) filmen ondoren.

Kartela

Pasa den uztailean aurkeztu zuten urriaren 25etik azaroaren 1era egingo den Fantasiazko eta Beldurrezko zinemaren 35. Astearen kartel ofiziala. Alex de la Iglesia zinema zuzendaria du protagonista.

Aurkezpen ekitaldian, Alex de la Iglesia zuzendaria, Santiperez marrazkilaria eta gidoilaria eta Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduraduna izan dira.

Aurten Franz Kafkaren heriotzaren mendeurrena dela-eta, ‘Metamorfosia’, autore txekiarraren obrarik ospetsuenean aurkitu du inspirazioa Santiperezek.

Alex de la Iglesiak adierazi du ohorea dela berarentzat Santiperezen ilustrazio honen parte izatea. «Jaialdi hau niretzako oso garrantzitsua izateaz gain, gehien gozatu dudana izan da», esan du.

Santiperezek marrazkiaren alde teknikoez hitz egin du eta aipatu du bukaerako marrazkira heldu baino lehen hogei zirriborrotatik hiru aukeratu eta hortik irabazlea aukeratu behar izan zutela aukerakaeta prozesua zailduz. Bestalde esan du, «marrazkiak, argiztapen gorriska du nagusi, inguruan bigarren mailako argiztapen-puntuekin. Baina nagusia eta garrantzitsuena erdian dagoen foku zuri handia da, Alex antzerki batean balego bezala irudikatuz».

Kartelean Alex de la Iglesiarekin zerikusia edo berari gustatzen zaizkion elementuak agertzen dira, hala nola rol-jokoak, gidoiak lurrean eta ordenagailu eramangarria. Baina kartelean badago elementu gako bat zinema zuzendariak eta Kafkaren ‘Metamorfosia’-ko protagonistak partekatzen duten ezaugarri bat: estresa.

Gainera, zinema zuzendariak aitortu du labezomorroak ez zaizkiola inondik-inora gustatzen eta ironiaz ere hartu daitekeela karteleko irudia, izan ere Kafkaren obrako pertsonaia nagusia labezomorro batean bihurtzen da eta berak, Alex de la Iglesiak, labezomorro hori irudikatzen du kartelean.

Josemi Beltran jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez, «film onak harrapatzen» ari dira datorren ediziorako, eta Kafkari omenaldia egingo diote, «fantasiazko zineman duten eraginagatik».

Aurtengo Donostiako Beldurrezko eta Fikziozko 35. Astean egongo diren hainbat ekitaldi aipatu ditu. Horien artean, Jonathan Allen-en eta Jesus Palaciosen ‘Kafka, lo kafkiano y el cine fantasitco’ liburuaren aurkezpena. Horrez gain, Stephane Levalloisen eskutik ‘Goya- Hellboy: Munstroen ikonografia’ erakusketa hartuko dute da irailaren 19tik azparoaren 3ra bitartean Okendo Kultur Etxeak eta Aiete Kultur Etxeak.

Egitarauaren berri aurrerago emango da. Sarreren salmenta ere aurrerago egingo da.

Kokapena

Antzoki Zaharra
Kale Nagusia
Donostia. Gipuzkoa