Kantauri eta Ebroranzko isurialdeetara irekiko da Urmuga uztailaren 11tik 31ra
Data
25.07.11 - 25.07.31
Lekua
Bizkaia - Bermeo

Uztailaren 11tik 31ra egingo da aurten Urmuga jaialdia. Euskal Herriko mendiak, bailarak eta herriak musikaz betetzen dituen herri ekimen nazionala izateko bokazioaz jaio zen eta ibilbidea arrakastatsua egin du. «Berrikuntzaz beteriko edizioa izango da aurtengoa, 2020tik hona egin diren guztietan handiena eta bereziena», iragarri dute.
Lehen berrikuntza ibilbideari loturikoa izango da. «Betiko moduan, Mendebaldetik Ekialdera egingo du bideak, Urmugak markatzen duen lerroari eutsiz. Baina, zeharkaldi osoa Urmugatik bertatik egin ordez, ibilbidearen zati batzuetan Kantauri nahiz Ebroranzko isurialdeetatik ibiliko gara, aurreko Urmugaren edizioetan ibili ez genituen bide berriak ibiliz. Honela, Urmuga 2025 hau bost ataletan laburtu ahal izango genuke:
Lehena, uztailaren 11n eta 12an, Arabako zatia izango da. Urmugaren ohiko hasiera eta ibilbideari jarraituko diogu, Angulo portutik hasi eta Altube porturaino bi eguneko mendi zeharkaldia eginez», azaldu dute.
Bigarrenak Bizkaia hartuko du, uztailaren 13tik 16ra, Gaztelugatxen hasiko da, eta Urdaibai eta Durangaldea osoa zeharkatuta, Besaide mendiraino iritsiko da lau egunetako ibilbidean.
Hirugarren atala Gipuzkoan egingo da, uztailaren 17an Aian hasi eta uztailaren 20an Berastegiraino iritsiko dena. Bidean, Gipuzkoako hainbat bailara ibiliko ditugu lau egunez: Urola, Tolosaldea eta Goierri. Bideak Urmuga hartzen duen puntuetan, Nafarroako lurretan ere ibiliko gara.
Laugarren zatiak Nafarroa hartuko du: Uxuetik uztailaren 21ean abiatuta, San Juan de la Peñako Monastegiraino (Gaur egun Aragoi) iritsiko gara uztailaren 26an, sei egunetako ibilbidea egin eta gero. Bideak hartuko ditu Tafallaldea, Zangotzaldea eta gaur egun Aragoikoak diren lurrak ere, eta Leireko Monastegia, Rocafortako gaztelua edo San Juan de la Peña igaroko ditu, besteak beste.
Azken atala, batik bat Zuberoan ibiliko da, Auñamendi, Orhi eta beste hainbat leku magiko zeharkatuz. Baxenafarroak ere izango du bere tokia (Baigorriko bailarak), eta Santa Grazin izango du amaiera, uztailaren 26an hasi eta uztailaren 31n amaituko den sei eguneko azken zati honek.
25 musika saio
Guztira 25 musika emanaldi baino gehiago eskainiko dira. Musikari partaide izango diren hainbat musikariren izenak eman dituzte ostegun honetan egindako aurkezpenean: Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Alaitz eta Maider, Leturia, Pirata, Janus Lester, Lorea Zulaika... Nabarmentzekoa Alaitz eta Maider eta Maixa eta Ixiar ezagunak, eszena aspaldi utzi zutenak. bikote bezala, Urmugan izango direla.
Aralarko San Migel, Uxue, Rocaforteko gaztelua, Leyreko San Salvador monastegia, Baigorriko Etxauzia gaztelua, Orbaizeta, Altzo, Arrasate, Ugarte, Amezketa, Aizpearro , Ausa Gaztelua, Gaztelugatxe, Ereñozar, Ziortza, Santagrazi, San Juan de la Peña dira kontzertuen guneak.
«Urtero Urmugan aurkezten diren sormen lan berriak egiteko, ohikoa denez, diziplina ugaritako artistak buru-belarri ari dira sorkuntzan. Euskal konpositore garrantzitsuak: Jon Esnaola, Ihagoba Astiazaran , Iñaki Palacios, Koldo Uriarte, Alejandro Saul Martínez, Aritz Villodas, Iñar Sastre, Bingen Mendizabal.... Literatura eta dramaturgia jorratzen: besteak beste Titika Rekalt eta Joseba Sarrionaindia. Dantza eta gorputz adierazpenean: Amaia Elizaran edo Gari Otamendi.Arte Plastikoan: Ube eta Gillermo Olmo», esan dute.
Urmuga Kultur Elkartea, Mendiak eta Herriak Mendi Gidari Elkartea, Et Incarnatus Orkestra, Baigorriko Gaiteroak Elkartea, Basaizea, Donostiako Orfeoia eta Atlas kanarietako Contramapas dira besteak beste, jaialdiaren eragileak.
Ibilbidean partehartzea
Urtero moduan, Urmugan ibilbideko edozein zati egin liteke, egun bat, bi... edo ibilaldi osoa. Mendi gidariak ibiliko dira urmugalariak laguntzen, eta jatekoa nahiz lotarako tokiak ziurtatuko ditu antolakuntzak. Izena emateko epea ekainaren 15ean irekiko da.
Kontzertuei dagokienez, batzuk doakoak izango dira, beste batzuetan diru ekarpena eskatuko da kontzertuaren gastuei aurre egiteko. Sarrera horiek ere ekainaren 15etik aurrera eskuratu ahal izango dira.
Data horretatik aurrera, mendi ibilaldirako nahiz musika emanaldietarako izena emateko aukera izango da web orrialdean edo info@urmuga.eus helbidera idatzita. Harremanetarako telefonoa: 696146752
Kokapena
Gaztelugatxe
Gaztelugatxe
Bermeo. Bizkaia