Itzurun hondartzan agurtuko du Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’ proiektua, maiatzaren 24an
Data
24.09.24 - 25.05.24
Lekua
Gipuzkoa - Zumaia
Datorren astean, maiatzak 24ean, itxiko du Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’ proiektua, bere ohiko kanten bueltan, baina Itzurungo hondartzarako propio prestatutako ekitaldiarekin. Sarrera doanekoa izango da eta hondartza osoa hartuko du 21.00etan hasiko den ikuskizunak, eta, zita horretarako berariaz sortutako proiekzio- eta argiztapen-joko batek jantziko du labarra.
Halere, Zumaiako udalak iragarri dutenez, eguraldi txarra egingo balu, 22.00etan, Aitzuri frontoian egingo da kontzertua.
Zumaiaren identitateari helduko dio Itzurun hondartzan, Geoparkeko flysch-aren marko paregabea antzoki bihurtuta. Ikuskizun korala izango da, Jon Maia beraren hitzetan «bizitzan behin ikusten den horietakoa, errepikaezina». Bere ohiko kantak eramango ditu estenatoki berezi honetara, eta ‘Kantu berri bat gara’ proiektuko ohiko musikari-taldeaz gain, Zaria Koru Eskola, Inpernupeko joareak, Eñaut Elorrieta, Kandido Uranga aktorea, Zumaiako Adarjoleak, Ross Dantza Eskola eta Astindu Dantza taldea arituko dira bere ondoan, hondartzako txoko desberdinetan.
Teknikoki ere bereziki landua izango da emanaldia: labarra berariaz sortutako argiztapen- eta proiekzio-joko batek jantziko du. Zumaiarrek zein bisitariek Itzurun inoiz ez bezala ikusteko aukera ere izango dute, beraz.
Egun osoko egitaraua
Maiatzaren 24a festa-egun bihurtuko da Zumaian. Goizetik hasita, kaleak musikaz eta jendez beteko dira, eta egun osoan zehar euskal kantari ezagunak omenduko dituzten Balu kale artistaren horma-irudiak ikusi ahal izango dira herriko hainbat tokitan. Gainera, Erribera kalean merchandising postua jarriko da, eguneko oroigarriak erosteko aukera eskainiz.
Goizean: Goiz osoan Zumaiako Trikitixa eskolako trikitilariak herrian zehar.
12.30-14.00, Kofradiako balkoitik kantaldi akustiko jarraitua.
Arratsaldean: 17.00-18.30, Porrotx eta Txapasen etorrera itsasontzian Gernika Parketik eta Adierazpen askatasunaren Txokoan emanaldia Zumaiako haurrentzat.
18.30, herri osoan zehar Zumaiako dultzaineroak, Bilbo kantari eta lagunak taldea eta Azpeitiko Kantu jira kantuzale taldea.
18.30etatik aurrera, sardinada Kofradiako plazan.
Kontutan hartu beharreko batzuk daude: muntaketa lanak maiatzaren 23an hasiko direla, oholtza kantinako terrazan jarriko dela, eta ikusleak hondarretan eserita egongo direla eta aulkiak egokituko direla mugikortasun zailtasunak dituztenentzat. Hondartzarako sarrerak zabalik egongo dira eta seinaleztapena egongo da.
Gomendioak: Errespetatu segurtasun seinaleak, ez utzi zaborrik hondartzan (hondakinentzako ontziak egongo dira), oinez joatea gomendatzen da eta kanpotik datozenentzat, TAO arauak indarrean egongo direla (kontuan izan Larretxoko aparkalekuak egoiliarentzat direla).
Atzeratu zen kontzertua
Irailaren 21ean Itzurungo hondartzan egitekoa zen ‘Kantu berri bat gara. Harri eta Herri’ ikuskizuna udaberrira arte atzeratuko da, asteburu honetarako iragarritako eguraldi txarra tarteko, Zumaiako udalak asteazken honetan jakitera eman duenez. Itzurun osoa hartu behar zuen emanaldiak, eta honen arrakasta bermatzeko ezinbestekao zen klima egokia izatea.
Euria eta ekaitzak iragarri dituzte hurrengo egunotarako, eta horrek ezinezko bihurtu du larunbat gau honetan egitekoa zen kontzertua. Aire zabaleko ikuskizun hau egiteko, ordea, erabili beharreko logistika eta pertsonal guztiagatik ezinbestekoa da hainbat faktoreren konbinaketa: eguraldi iragarpenaren bermea aurretiaz, gutxieneko mareak eta mareen ordutegi egokia, eta, asteburua izatea. Eguraldiaren iragarpenak ziurtasunik ematen ez duenez, larunbateko ekitaldia bertan behera utzi behar izan dute.
Zumaiako Udalak eta Jon Maiak partehartzaileen eta herritarren ulermena eskertu nahi izan dute, eta aurrerago iragarriko den data berriak jatorrizko emanaldiaren indar eta izaera guztia mantenduko duela ziurtatu dute. «Ekitaldi hau guztiontzat une ahaztezina izatea nahi dugu, eta hori eguraldia lagun dugula bakarrik lor daiteke», adierazi dute antolatzaileek. Ikuskizunaren data berria garaiz jakinaraziko dute.
Azken urteotan egindako ibilbidean, eta Euskal Herriko makina bat txokotan bere proiektua aurkeztu ondoren, bere jaioterrira iristekoa zen hilaren 21ean. Gaueko 22.30ean zen hitzordua eta sarrera doakoa izango zen.
Denera ehun pertsonatik gora izango ziren ikuskizunaren partaideak. Maia eta lagunak kantinako terrazatik itsasoa aurrez aurre zutela arituko ziren. Eta, behean, hondar gainean, entzuleak.
Kokapena
Itzurun Hondartza
Itzurun Hondartza
Zumaia. Gipuzkoa