‘Kortxoaren dilema’ endreduzko thriller politikoa, Tartean Teatroren azken ekoizpena

Data

23.11.15 - 24.03.07

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Tartean Teatrok astearte honetan aurkeztu du azken ekoizpena.
Tartean Teatrok astearte honetan aurkeztu du azken ekoizpena. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Irakaslea (70 urte) katedratiko jubilatua da, ezkerraren erreferente intelektuala. Polemikoa eta itzal handikoa. «Noam Chomsky iberiar bat». Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean: aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen erradioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, zergak behar bezala ez ordaintzeko trikimailua dela salatu dute. Hauen buru, irakasle zaharra. Orain denek galdetzen diote zer egingo duen, bere printzipioekiko leiala izan ala prakak jaitsi. Gaur, bere erabakia publikoki azaldu behar duen unean, ikasle bat (60 urte) agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator.

Hauxe ‘Kortxoaren dilema’, Tartean Teatroaren ekoizpen berriaren sinopsia. Endreduzko thriller politikoa ondu du Bilboko antzerki konpainiak. Patxo Telleriak idatzia, Telleriak berak eta Mikel Martinezek antzeztuko dute Mireia Gabilondok zuzendutako etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joko teatrala.

Asteazken honetan ikusiko du argia Bilboko Arriaga Antzokian, 19.30etik aurrera. Ostegunean –hilak 16– bigarren emanaldia eskainiko da ordu berean. Eta hortik aurrera Euskal Herriko makina bat agertoki zapalduko dituzte martxoa bitartean.

Komedia politikoa

Bi aktorerentzat espazio eta denbora unitate bakarrean gauzatzen da. «Obrak sakontasun handiko konflikto politikoak eta dilema etikoak baliatzen ditu, baina ez da drama bat, baizik eta komedia politikoa. Zergatik eta bere egituragatik. Antzezlan hau endreduzko komedia bihurtzen da trama eroagatik. Etengabe irteten dira ustekabeko untxiak txisteratik. Ustekabeok egoera bakoitzaren norabidea errotik aldatzen dute, pertsonaiak eta ondorioz ikusleak ere, ezustean harrapatuz. Ezer ez da hasiera batean ematen duena», adierazi dute Arriaga Antzokitik.

Eta politikoa da, kontzeptuaren alderik intimoenean, pertsonaiak amildegiaren ertzean kokatzen dituelako. «Bizitza bera joka dezakegu, zenbait printzipio politiko mugaraino onartuz gero. Kortxoaren dilema etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joko teatral bat da. Borroka honetan, bizitza galtzen ez duenak, dignitatea galduko du. Borroka latza eta nahasia izango da, post egia eta fake-en garai ilun honetan, zaila delako bereiztea zer den zinezkoa eta zer faltsua», jarraitu dute.

Sarrerak 18 euro balio du. Webgunean eta antzokiko leihatilan eskuragarri aurretiazko salmenta ordutegian.

Eszenografiaz Fernando Bernues arduratu da. Jantziak Ana Turrillasek diseinatu ditu eta soinu espazioa Adrian Garcia de los Ojosek. Eszenografiaren eraikuntza Raul Arraizak sortu du,  argiztapena David Rodriguezek eta kartelaren diseinua, Paradoxek.

Hurrengo emanaldiak

Hauek dira datozen hitzorduak:

Azaroaren 17an Igorreko Lasarte aretoan 20.00etan
Azaroaren 18an Eibarko Coliseo antzokian 20.00etan
Azaroaren 19an Errenteriako NIessen aretoan 19.00etan
Azaroaren 23an Santurtziko Serantes aretoan 20.30ean
Azaroaren 24an Andoaingo Bastero aretoan 20.00etan
Abenduaren 16an Bergarako Seminarixoan 20.00etan
Abenduaren 22an Getxoko Muxikebarri aretoan 19.30ean
Urtarrilaren 19an Basauriko Social antzokian 19.00etan
Urtarrilaren 21ean Erandioko Azoka Zaharrean 19.00etan
Urtarrilaren 26an Tolosako Leidor aretoan 20.00etan
Urtarrilaren 27an Arrigorriagako Lonbo aretoan
Otsailaren 2an Ermuako Ermua antzokian 20.00etan
Otsailaren 15ean Iruñeko Gaiarre antzokian 20.00etan
Martxoaren 7an Gasteizko Principal antzokian 19.30ean 

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arriaga Plaza
Bilbo. Bizkaia