‘Kristalezko zooa’: Tennessee Williams gaurkotuta eta euskararen galbahetik pasata
Data
25.03.21 - 25.04.06
Lekua
Bizkaia - Bilbo

XX. mendeko idazle eta antzerkigile iparramerikar handietako bat da Tennessee Williams (1911-1983). Gehienok Marlon Brando eta Vivien Leigh aurrez aurre jarri zuen ‘Desio izeneko tranbia’ (Elia Kazan, 1945) pantaila handiko bertsioagatik izango dugu gogoan, baina badu beste hainbat lan, horien artean ‘Kristalezko zooa’ (1944), ospea ekarri ziona.
Klasiko honi bere galbahe propiotik pasa du Natalia Menendez antzerkigile madrildarrak eta, euskal aktore talde sendo batekin batera –Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas–, Arriaga antzokiarentzat ekoizpen elebiduna prestatzen ari da egunotan. Arriaga antzokiak lan honen bi bertsio produzitu eta oholtzaratuko baititu, bata euskaraz, ‘Kristalezko zooa’, martxoaren 21etik 23ra estreinatuko dena, eta bestea gaztelaniaz, ‘El zoo de cristal’ izenekoa, apirilaren 3tik 6ra ikusi ahalko dena.
Euskarazko estreinaldia Loraldia festibalaren lankidetzarekin egingo da, eta NAIZen babesaz.
1944an idatzi zuen lan hau Tennessee Williamsek eta hurrengo urtean estreinatu zen, arrakasta handiarekin. Bere bizitza propioan oinarrituta, 1930eko krisi ekonomikoaren aldapaz behera doan Wingfield familia disekzionatu egiten du Williamsek: Amanda Wingfieldek (ama, Ione Irazabal antzezlanean) Laura alabari (Miren Gaztañaga) mutil laguna bilatu ditzala agintzen dio Tom semeari (Mikel Losada). Jim O'Connor (Arnatz Puertas) etxera eramango du orduan Tomek, baina gauzak ez dira konpontzen.
Egun lanean ari dira jo eta fuego Arriagan bertan, ekoizpen bikoitz bat martxan jartzea ez baita lan erraza. «Ibilian goaz –argitu du Natalia Menendezek–. Eszenografia prestatzen ari da, musikarekin lantzen hasiko gara bihar, jantziak eta ile-apainketarekin ari gara ere... eta Getari Etxegaraik [zuzendariaren laguntzailea] euskararen ekoizpenarekin laguntzen dit».
Kepa Errastik egin du euskararen itzulpena; Natalia Menendez bera zuzendaritza eta moldaketaz arduratu da. «Egia esan, nik ez nuen Tennessee Williams ezagutzen –aitortu du antzerkigileak–. Oso urrutikoa egiten zitzaidan, eta antzerki eskoletan antzeztuta ikusi dudanean, ez dut gustukoa izaten, antzerkiaren naturalismoaren aintzindaritzat jotzen delako. Calixto Bieitok [Arriagako zuzendari artistikoak] eskaini zidanean, harritu ninduen: baina zergatik eskaini dit? Eta liburua erostera joan nintzen. Testuaren sarreran bertan, eta horrek harritu ninduen asko, honetaz ohartu nintzen: egileak berak dio antzezlan hura ez dela antzezlan errealista bat. Eta orain arte oholtzara eraman dutenek ez al dira horretaz ohartu? Amets bat gauzatzea bezala izan da niretzat».
Bi aste pasatxo barru euskarazko bertsioaren estreinaldia egingo da. Izan ere, proiektuak eskaintzen duen alderdi erakargarrietako bat, hain zuzen, klasiko handi bat euskaraz ikusteko aukera da, ez baita oso ohikoa. Izan ere, Tennessee Williamsen lan honek aurrekari gutxi ditu euskaraz.
‘Azken erromantikoak’ filman Irune gorpuztu ondoren, orain Laura apalaren azalean sartu da Miren Gaztañaga. Pertsonaia klasiko bat, alegia. «Arkeologia egitea bezala da klasiko bat hartzea, baina zure tamainakoa bihurtzea da erronka», aitortu du.
Mikel Losadak, bere aldetik, honakoa esan du: «Klasiko batek beldur pixka bat ematen du, niri behintzat bai, publikoak aurreiritzi batzuk dituelako, ezagutu egiten duelako. Baina Nataliak ‘buelta’ bat eman dio: nik, lehenengo irakurketan, ez nion komedia askorik aurkitu testuari, baina badu, eta ukitu surrealista bat ere. Azkartasuna eman dio Nataliak Williamsi eta nik uste dut ikuslegoa aterako dela antzokitik aluzionata, flipatuta. Kendu diezaiegun beldurra klasikoei eta jendea etorri dadila testu ikaragarri on bat gozatzera».
Gaur egungo egoerarekin lotura handia du istorio honek, era berean. Alde batetik, krisi ekonomiko handi baten olatuek kolpatzen duten klase ertainaren gorabeherak; bestetik, familia arteko erlazio hauskorrak azalaratzen dira.
Azkenik, «emakumeen rol-ak aldatu zituen egile honek –Ione Irazabalen hitzetan–. Antzerkian zeuden ereduak apurtu zituen. Oso gauza modernoa da gaur egun ere. Gu artisauak gara, artistak baino, eta hau bezala hain testu ona izanda eta hain ondo landuta dagoenean, erronka oso aberatsa da».
Kokapena
Arriaga antzokia
Bilbo. Bizkaia