Lantz eta Iturengo inauteriak, Eliane Hegiaphalen eta Gonzalo Etxebarriaren begietatik ikusiak

Data

25.05.16 - 25.06.28

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Eliane Hegiaphaleren eta Gonzalo Etxebarriaren lanak, elkarren ondoan.
Eliane Hegiaphaleren eta Gonzalo Etxebarriaren lanak, elkarren ondoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kontaezinak dira Eliane Hegiaphalek Nafarroako inauterietara egin dituen bisitak. Euskal Herrian han-hemen egiten diren ospakizunen artean bereziki erakartzen dute Lantz, Ituren, Zubieta, Bera eta Lesakako festek. Altsasura ere joana da.

Lantz eta Iturengo –Altsasuko irudi bat ere aukeratu du– inauterietan ateratako argazkiak aurkituko ditu bisitariak Donostiako Arteztu arte espazioan. Ondoan, Gonzalo Etxebarriak margoak, Hegiaphaleren argazkien berrirakurketa. Argazkiak eta margoak elkarri hizketan.

Ipar Euskal Herrian birritan erakutsi dira artelanak. Atarratzen (Prefostan) eta Donibane Lohizunen. Lehen aldiz ikusiko dute argia Hego Euskal Herrian. «Zinez pozik gaude, leku ederra da galeria», diote. Lan ugari kanpoan utzi beharrean izan dira, espazio kontuengatik.  

Sorkuntza berriak dira denak, azken urteotan sortuak. Dozena bat lan eskegi ditu argazkilariak galeriako paretetan eta lau argazki Etxebarriak. Azken honen obrak 2024an eginak dira.

Teknikaren eta espontaneitatearen arteko orekan, hari finaren gainean dantzan dabiltza bi sortzaileak. Nafarroan eginiko irudien «benekotasuna» azpimarratu du: «Basa maite dut, bortizkeria». Herritarren arteko harrameni ere erreparatzen die. 

«Hogei urte daramatzat Nafarroako inauterietara joaten. Usu behar da joan, ez da behin egitearekin. Biziak dira beste leku batzuetan baino; bada arima bat», kontatu dio NAIZi. Zuberokoak ere ez ditu ahaztuta, noski.

Barre egin du herriz herri, beti kamera lepoan, dagoeneko ondo ezagutuko dutela esan diogunean. «Zuberoan bai», dio.

Herritarrek pizten diote interesa, nahiz «beti aurpegia tapatua duten». Ikuspegi antropologikoa lantzen du argazkilariak. «Ohiturak, tradizioak, festa...  anitz irakutzen dut gaiari buruz, entseatzen naiz gaia ezagutzen.

«Zinez maite dut bere margogintza, monstruoak... Ez dakit hitzez adierazten», dio irribarrez Etxebarriaren pinturaz galdetuta.

Zuri-beltzean egindako irudiak dira. Ohikoa du argazkilariak bere egunerokotasunean, eta erakusketen kasuan beti aukeratzen du zuri-beltza.

Goyaren margoak datozkio gogora Iker Antiari, Arteztu galeriaren arduradunari. «Oso bortitzak dira, baita poetikoak ere», nabarmendu du.

Gonzalo Etxebarria

Gonzalo Etxebarriak (Bilbo, 1954) Zuberoa du bizileku azken hamarkadatan. Debako Arte Eskolan eman zituen lehen pausuak arkitektura ikasketak egin ondoren, Jorge Oteizaren gerizpean. 1988an, beste artista batzuekin batera, Menditteko artista plastikoen taldea sortu zuen.

Diseinua eta ikerketa izan dira bere ibilbidearen ardatzak. Logotipo, disko azal eta kartel ugariren egilea da. Antzerkigintan ere ibilia da eszenografiak sortzen. Landetan egon zen hainbat urtez eta 2000ko hamarkadaren hasieran Barkoxen egin du habia, sormenerako toki aproposa dela pentsatuta. Sorkuntza eta irakaskuntza txandakatu izan du.

Espresionismo abstraktuari lotu zaio Etxebarria bere ibilbide artistikoan. «Zailagoa egiten zait orain aurkeztu dituen obrak hitzetan jartzea», aitortu du Antiak. «Tripetatik ateratakoak dira, oso intimoak», esan du.

Pintura akrilikoa erabili du Etxebarriak. Kolore okreak, zuriak eta beltzak gailentzen dira margo batzuetan. Beste batzuk kolorestsuak dira. «Kolore biziak izan arren ez dira estridenteak, intimoak baizik», zehaztu du Arteztu galeriaren arduradunak.

«Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Elianek ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko inauteriak, bereziki Zubietakoak. Orain urte asko ikusi nituen lehen aldiz bere argazkiak. Biok elkarrekin zerbait sortzea pentsatu genuen», kontatu du margolariak.

«Basatiak dira bere lanak, hunkitu nau argiak. Basati mundua sentsibilitate handiz islatu du. Gogoa nuen margoaren bidez nire interpretazioa egiteko», jarraitu du.

Artista bakoitzak nork bere hizkuntza. Halere, erraza egin zaio Hegiaphalen argazkiak bere filtrotik igarotzea. «Nire sorkuntzan gaia aldatuz joaten naiz. Oraingoan ez nuen gehiegi xerkatu behar, Elianeren irudiek asko inspiratu naute. So egin eta konposaketa aldatzen da baina esentzia bera da. argazkien esentzia errespetatzen saiatu naiz eta ohiko hizkuntzara egin tradukzioa. 

«Aise moldatu nuen, izan ere badu indar anitz. Zuri-beltzak alimaleko indarra du argazkietan. Argiak, misterio hori... nire interpretazioa libertate handiarekin egin dut, kontuan hartuz dramatismoa, kaosa, mistizismoa.. inauterietan beti gertatzen dena», azaldu du.

Inauterien errituaren jatorria nabarmendu du margolariak. «Erritua nondik datorren garrantzitsua da. Munduaren kontzepzioa du oinarrian, populua da protagonista. Ez dago jerarkiarik, orden sozial berria defendatzen du,  herriaren inmortalitatea defendatuz. Izpirialtasunari lotzen bagara zerua ez, baizik lurrean gertatzen dena da garrantzitsua: heriotza...»,dio. 

Arteztu arte espazioa irekita dago astelehen arratsaldean. Asteartetik ostiralera 10.00etatik 12.00etara eta 16.30etik 20.00etara dago irekita. Sarrera doan. Gonbidapena luzatu die Antiak hiritarrei: «Zuri-beltz eta kolorearen arteko erritmo polita dauka erakusketak, erakargarria da».
















Kokapena

Arteztu
Resurreccion Maria de Azkue, 12
Donostia. Gipuzkoa