Lapurdiko Oi!hua jaialdia Uztaitzen

Data

26.10.31 - 26.11.01

Lekua

Lapurdi - Uztaritz

Azken Sustraiak taldeak 'Goierri' diskoa aurkeztuko du Uztaritzen.
Azken Sustraiak taldeak 'Goierri' diskoa aurkeztuko du Uztaritzen. (AINGERU BIDAURRETA)

Urriaren 31ean ospatuko da Lapurdiko Oi!hua jaialdiaren lehen edizioa Uztaritzen. Ipar Euskal herriko punk oi! eszena erakustea eta indartzea du helburu jaialdi berri honek, eszena alternatiboa bultzatu eta talde berriei leku bat ematea dute asmo, eta jaialditik ateratzen diren etekinak Uztaritzeko ikastolaren alde izango dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude 15 euroen truke interneten, eta egunean bertan ere eskura daitezke gaztetxean bertan, emanaldi hasi baino lehenago.

Lapurdiko Oi!hua 

Zortzi taldek hartuko dute parte lehen edizio honetan, eta musikalki, punka, rocka eta hardcorea izango dira nagusi. Hala ere, izango da bestelako kolorerik, eta napar-mex doinuek ere toki izango dute gaualdian. Bi agertokietan banatuko dira taldeak eta 18.00etatik aurrera etenik gabe tartekatuko dira zuzenekoak, goizaldeko 02.30ak bitartean luzatuko diren kontzertuetan. 

Grapa taldeak zabalduko du jaialdia 18.00etan gaztetxe barneko agertokian. Bergararik dator banda, eta musikalki punkean eta hardcorean dituzte sustraiak, kantu azkar eta zikinak jorratuz. Aspaldiko partez Azken Sustraiak zuzenean ikusteko aukera izango da larunbatean. Goierri bailarako banda nahiko isilik izan da azken boladan, eta berriz ekin diote zuzenekoei, eta hor kokatzen da Uztaritzeko emanaldia. Musika bidea errepasatuko dute kontzertuan, batez ere, 'Goierri' azken diskoan sakonduz. Emanaldian talde berrientzako tartea izango da ere, eta bide horretan Orbain taldeak beraien lehen kontzertua eskainiko du Uztaritzen. Iparraldeko herri ezberdinetako musikariak batu dira talde berri bat sortzeko eta Uztaritzen eskainiko dute debutekoa.

Napar-Mexa

Festa Los Zopilotes Txirriaos taldearekin iritsiko da Uztaritzera. Uda osoa herriz herri ibili eta gero, napar-mex banda zuzenean eta gertu ikusteko aukera izango da, hainbeste abiadura eta zarataren artean, dantza batzuk botatzeko aukera ederraz. Saccage, berriz, Paris hiritik dator eta musikalki punk oi! musika jorratzen du bandak, mezu zuzen eta zorrotzez. Kaputxak, gitarrak, bateria eta baxua. Oi! antifaxista. Ondoren, Sustrai Berriak taldea taularatuko da. Hamargarren urteurrena ospatzen ari da Iruñerriko banda, eta 'Betiko' diskoa ekarriko dute besapean. Streetpunka eta kaleko doinuak lantzen ditu taldeak, ahots melodiko bezain zorrotzarekin.

Oi! Antifaxista

Gauerdian Ramblin' Firm taldearen txanda izango da. Bordaletik dator banda eta musikalki ere oi! giroetan barna. Euskal Herrian eskainiko duten emanaldi bakarra izango da Lapurdiko Oi!hua jaialdian eskainiko dutena. Ordu txikietan taularatuko da Perlata laukotea, punketik haratago doazen doinu eta mezuekin. Izan ere, punka bizitzeko bestelako moduak badirela aldarrikatzen du Arrasateko Kuirpunk bandak, eta zuzeneko bizian aldarrikatuko dute hori. Gaualdia Lesakako Hago Silik taldeak itxiko du, eta emanaldi honekin amaituko da lehenengo Lapurdiko Oi!hua jaialdia. 

Hitzaldia

Arratsaldeko 16.00etan hasiko dira ekintzak, eta bide horretan hitzaldia egingo dute gaztetxean 'Eszena eta musika alternatiboak 80 hamarkadatik gaur egun arte' izenpean. Aurka kolektiboko kide bat, Txerra Bolinaga (RIP eta Perlata taldeetako kidea) eta RTZ kolektiboaren abeslari bat ariko dira solasean zuzenekoei bide eman aurretik.

Kokapena

Uztaritzeko gaztetxea
Uztaritzeko gaztetxea
Uztaritz. Lapurdi

Loturak

Sarrerak

Lapurdiko Oi!Hua Festibala