Larrabetzuko Gazte Eguna

Data

25.08.02 - 25.08.02

Lekua

Bizkaia - Larrabetzu

Disko berria aurkeztuko du Larrabetzun Biznaga laukoteak.
Disko berria aurkeztuko du Larrabetzun Biznaga laukoteak. (ALFREDO ARIAS HORAS)

Urtero legez Abuztuarekin batera, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak Gazte Eguna antolatu du larunbat honetarako. Hamarkadak dira jaialdi hau ospatzen dela, eta huts ezineko hitzordua da bertako gazte eta ez hain gazteentzako. Aurten bogan dauden lau taldeekin osatu dute afitxa koloretsua, eta gaueko 21.00etatik aurrera Naxker, TOC, Biznaga eta Skabidean ariko dira zuzenean herriko plazan eta doako emanaldian, ska, popa, post-punka edota rock alternatiboa entzun ahalko den gaualdian. Hori Bai gaztetxean berriz, bestelako eskaintza izango da, eta disko jartzaileak ariko dira goizaldera bitarte. 

Naxker

Naxker taldea 2022 urtean sortu zen Atarrabian, eta musikalki popa eta rocka uztartzen dituzte euren kantuetan, non ahots melodiak nagusi diren kantu koloretsuetan. Taldearen debuteko diskoa ‘Matxenia II’ izenpean plazaratu zuten 2024 urtean, eta bertan bildu zituzten lehen urteetan egindako lehen kantuak. Diskoa atera zenetik topera dabil boskote nafarra, eta dagoeneko aurreratu dute disko berriaren aurrerapen kantua den ‘Elizondo’ abestia. 

TOC

Musikalki 90. hamarraldiko rock musika lantzen duen banda da TOC. Gitarra zorrotz eta distortsionatuak, base erritmiko oldarkorra, eta ahots zikin bezain indartsuaz, kantu ilun eta atmosferikoak lantzen dituzte. Egun ‘Jaioak hiltea zor’ diskoa defendatzen ari dira agertoki gainean, pasa den abenduan argitaratu zuten estudioko azken lana. Mungiako banda azken urteetan gurean sortu diren talde interesgarrienen artean kokatu daiteke, bai diskoetan batu dituzten kantuengatik, bai eta, nola ez, zuzenean duten indar eta nortasunagatik.

Biznaga

Madril hiritik datozen arren, kasik esan dezakegu Biznaga gutariko bat direla. Sarri aritzen dira Euskal Herrian eta gurean milaka jarraitzaile dituzte. Taldea sortu zenetik etengabean uztartu dituzte diskoak eta zuzenekoak, eta bidean bira bat bestearekin lotu dute etenik gabeko jardueran. Oraingoan ere,  ‘Ahora’  izenpean datorren disko berria aurkeztuko dute, eta punk-rock eta post punk erritmoetatik abiatuta, inoiz kaleratu duten disko biziena da. Letra zuzenak lantzen ditu bandak, egunerokoari lotuak, jendartearen kezka eta burutapenetatik abiatuta, mezu ilun eta kritikoak jorratuz.

Skabidean

Post punk giroek erritmo koloretsu eta dantzagarriagoei emanen die bide, eta toki horretan kokatzen da Skabidearen emanaldia. ‘Hau errepikaezina izango da’ izena darama talde nafarraren azken lanak, eta kantu sorta berria besapean zuzeneko emanaldietan buru belarri dabil uda beroan, gaualdi bakoitza berezia eginez. Musikalki ere tinko eusten diote ska, reggae eta rocksteady giroei, baino lan berrian badira territorio berriak ere. Diskoak 17 kantu biltzen ditu, taldeak 2024 urtean sortuak eta Andoaingo Garate estudioetan grabatuak Kaki Arkarazo soinu teknikariaren gidaritza pean.

Kokapena

Plaza
Plaza
Larrabetzu. Bizkaia

Loturak