Lautan Hiru antzerki jaialdia, Bilboko Alde Zaharrean euskara eta euskal kultura sustatu nahian
Data
25.02.06 - 25.06.27
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Iaz, jaialdia gorputzaren antzerkian eta antzerkiaren gorputzean oinarritu zen. Aurten, ideia nagusia gazteek egiten duten antzerkiaren ingurukoa da, eta «lelo probokatzailea» du antolatzaileen hitzetan: ‘Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite’.
Bestalde, edizio honetan lau estreinaldi izango dira: irakurketa dramatizatua, 2025eko Cafe Bar Bilbao-Tartean lehiaketan saritutako testuarekin; Gilkitxaro konpainiaren ‘Alferrak, tunanteak, maleanteak’ ikuskizuna, 2024ko Lautan Hiru laguntza jaso zuena; ‘Errealitatearen harribitxiak’, 7Katu gaztetxearekin elkarlanean sortutako pieza; eta ‘Arima eta Bihotza’ (II. Antzerki Gidoien Lezoko Lehiaketa).
Gaur Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilboko Udalak proiektuari emandako «babes handia» eskertu zuen, eta Bilboko Zazpi Kaleetako kultur eragileen «ahalegina eta inplikazioa» nabarmendu. Gainera, aurten jaialdiak mugarri berri bat ezarri duela azpimarratu zuen euskaltzainburuak: «Oraingoan lau ikuskizunen sorkuntza sustatu dugu eta horrek oso modu berezian gogobetetzen gaitu».
Bere aldetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak Bilboko Udalaren, Euskaltzaindiaren eta kultura kolektibo eta eragileen arteko lankidetza aipatu zuen, «zigilu propioarekin bereizten den» programazioa burutzeko.
«Antzerkia kultura adierazpidea izan da beti Euskadin, eta, gainera, gure hizkuntza sustatzen eta zaintzen lagundu du. Historian zehar, euskarazko antzerkiak istorioak kontatzeko, tradizioak transmititzeko eta gai sozial eta politikoak aztertzeko bitarteko gisa balio izan du. Denboraren poderioz, euskarazko antzerkiaren berpiztean izan gara, hainbat obra eta konpainia sortuz, hizkuntza biziberritzen eta belaunaldi berriei eskuragarri egiten lagundu digutenak. Horrek, arte eszenikoetan euskararen erabilera sustatzeaz gain, euskal nortasun kulturala indartu du. Gainera, euskarazko antzerkiak euskal errealitatea esploratzeko eta adierazteko aukera ematen die antzerkigileei, hizkuntza publikoarekin konektatzeko tresna gisa erabiliz. Lautan Hiruk hori guztia eta gehiago gordetzen du», adierazi zuen.
Laguntza
2020an, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berri bat sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Lehenengo laguntza hau Artekartu konpainiak lortu zuen Hauts artean lanagatik. 2021ean, Les Bobe Bobe konpainiak laguntza jaso zuen Udaberria heldu da lanagatik; 2022an, saria eman gabe geratu zen; 2023an, La Piel konpainiarentzat izan zen Beren izenez proiektuagatik; eta 2024an, Gilkitxaro konpainiari esleitu zitzaion ‘Alferrak, tunanteak, maleanteak’ proiektuagatik. Lan hau otsailaren 13an estreinatuko da, jaialdiaren barruan.
Egitaraua Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri. Aurten ez da bonurik egongo, baina sarrerak 4 euroan erosi ahal izango dira obrak eskainiko diren leku berberetan (leihatilak ordubete lehenago irekiko dira). Lautan Hiruko ohiko zozketa azken saioaren ondoren egingo da –eta azken saio horretan saldutako sarreren artean–, eta Alde Zaharrean euskara eta euskal kultura bultzatzen dituzten negozioekin adostutako opariak zozketatuko dira.
Kokapena
Euskaltzaindia
Plaza Barria, 15
Bilbo. Bizkaia