Lautan Hiru jaialdiak antzerkiaren gorputzari erreparatuko dio

Data

24.02.08 - 24.02.29

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Lautan Hiru antzerki jaialdia ostiral honetan aurkeztu da.
Lautan Hiru antzerki jaialdia ostiral honetan aurkeztu da. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Lautan Hiru jaialdiaren seigarren edizioa otsailaren 8an abiatuko da. Hilaren 15ean, 22an eta 29an izango du jarraipena. Lau astez eta ostegunetan. Guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira: bost antzezpen, bakarrizketa bat, tailer performatibo eta partehartzailea eta bi irakurraldi dramatizatu (azken bi hauek ekitaldi berean). EHAZErekin batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio.

Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu du egitaraua Cafe Bar Bilbao, BIRA Kulturgunea eta 7Katurekin batera. Bilboko Udalaren babesa du ekimenak.

Bestetik, espazio berri bat irabazi du jaialdiak, Askao kalean dagoen La Sinsorga Kulturgunea. Beraz, sei izango dira lanak erakusteko hautatu diren espazioak: BIRA, Cafe Bar Bilbao, Euskaltzaindia, 7Katu gaztetxea, AEKren Kalderapeko eta aipatutako La Sinsorga.

Urtero lez, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak (7 euro) Cafe Bar Bilbaon eta BIRAn salduko dira, larunbatetik aurrera. Jardunaldi bakoitzeko ikuskizun biak ikusteko aukera izango dute erosleek. Sarrera bakanak (4 euro) erosteko aukera ere izango da, ekitaldi bakoitza hasi aurretik.

Antzerkia euskaraz

Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua emanda. Iaz dramaturgia izan zuen ardatz jaialdiak, eta aurten antzerkiaren gorputzean zentratuko da.

Honela, estreinako egunean, gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta partehartzailea emango dute Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrez gain, bost antzezpen (tartean bi estreinaldi), bi irakurketa dramatizatu eta Telmo Iruretaren bakarrizketa (hau ere estreinaldia) hartzen ditu aurtengo egitarauak.

Lautan Hiruren helburuak ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotu nahi da (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi zaizkie sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi da, kultura aukerak zabalduta.

Ostiral honetan egin den aurkezpenean Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan du Bilboko Udalaren babesa eta laguntza, eta horrekin batera Zazpikaleetako kultur eragileekin izandako elkarlana nabarmendu du, «guretzat garrantzitsua delako hori, hots, gizarte eta kultur eragileekin batera jokatzea».

Jaialdiak urte hauetan irabazi duen sendotasunaz ere hitz egin du euskaltzainburuak: «Mikrokosmos bezalako bat da Lautan Hiru, sortu da giro bat, antzerkia ikusteko gogo bat... Akontezimentu bat da, eta hori garrantzitsua da. Zaleek zaintzen dute jaialdia eta erantzuten diote eskaintzen dugunari, aretoak betez. Euskarak eta euskal antzerkiak bilatu du txoko polit bat Bilbon, arnas leku bat».

Bere aldetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara zinegotziak zoriondu egin nahi izan ditu «euskara jatorrian eta helmugan duen jaialdian parte hartuko duten guztiak. Euskara eta antzerkia, zein konbinazio berezia. Jakina da halakoetan interesgarriena dela ikuskizunak ikusi eta antzezlanen berezitasunak bertatik bertara gozatzea. Horretara animatzen zaituztet, baina azpimarratu nahi nuke, baita, euskararekiko eta haren zeharkakotasuna sendotzeko denok dugun erantzunkizuna. Jaialdi hau guzti horren adibide garbia da».

Antzerki ekoizpenari laguntza

2020an, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen, eta aurten Iruñeko La Piel konpainiak jaso du, Beren izenez lanagatik. Lan hau Lautan Hirun estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 22an.

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba antolatu zen lehen aldiz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Franca Rame eta Dario Foren ‘Putaren bakarrizketa eroetxean’ antzezlana aztertuko du. Otsailaren 8an taularatuko du Laura Penagos aktoreak, La Sinsorgan, eta Ikusle kluba aurreko egunean bilduko da: otsailaren 7an, 19.00etan, La Sinsorgan bertan. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.

Gainera, bonua erosi duten zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko direla astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.


Kokapena

BIRA
Erronda Kalea, 2
Bilbo. Bizkaia