‘Lorategi bat soinean’, naturarekiko atxikitasuna islatzen duen erakusketa

Data

25.06.07 - 25.09.28

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Museoan ikus daitezkeen zenbait pieza.
Museoan ikus daitezkeen zenbait pieza. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ehunak, pinturak, eta batez ere jantziak. Eta guztiak lorez josiak. Hori aurkituko du uda honetan San Telmo Museoa bisitatzen duenak. XVIII. mendean, Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean geratzen diren aldaketa kultural sakonen eta naturarekiko –eta bereziki botakinarengatik– zegoen miresmenaren adierazle da ‘Lorategi bat soinean’ erakusketa.

Mostraren oinarria berez ez da berria, 2024an izen bereko erakusketa (‘Vistiendo un jardín’, gaztelerazko tituluan) osatu eta inauguratu baitzuen Madrilgo Trajearen Museoak, baina Donostian ikusgai jarri duten hautaketa hori osatu egin dute San Telmo Museoaren funtsekin.

Hala, museo madrildarraren 76 pieza eta donostiarren 23 ikus daitezke erakusketan, eta horien osagarri Estatu espainoleko beste zenbait museok utzitako piezak, tartean Balenciaga Museoaren bat: strass kristalez brodatutako soinekoa, jostun getariarrak 1960an diseinatua. Ez da euskal ordezkari bakarra, Fernando Lemoriez donostiarraren 2006ko kotoizko lore artifizialekin osatutako soineko bat eta Modesto Lomba gasteiztarrak Devota & Lomba markapean 1992-1993ko udazken-neguko bilduman aurkeztu zuen voilede artile estanpatuzko bat ere biltzen baititu. Hiru pieza hauek erakusketaren oinarri den aro historikotik urrun daude, baina, erakusketaren aurkezpenean azaldu dutenez, gizakiak naturarekiko historikoki izan duen miresmen eta beharraren adierazle dira. Guztira, 148 pieza, guztiak lore motiboak dituztenak, jarri dituzten ikusgai.

Susana Soto museo donostiarreko zuzendariak azaldu duenez, erakusketak Barrokoaren eta Ilustrazioaren artean ehungintzan sortu ziren lore motiboen bilakera aztertzen du nagusiki. «Garai hartan gizakiak mundu naturalarekin zuen harremanean gertatzen ari ziren aldaketa sakonen isla bihurtu ziren lore irudikapen horiek. Era berean, merkataritzaren trukeen eta aurrerapen teknologikoen eraginak gurutzatzen dira ideia artistikoetan, eta horiek nola iristen diren modara ere erakusten du».

Piezak elkarrizketan

Helena Lopez de Hierro Museoaren Trajeko zuzendariak gaineratu du erakusketaren bidez Barrokoa eta Ilustrazioaren artean naturaren kontzeptua bera ulertzeko era nola eraldatzen den uler daitekela, eta pozik azaldu da Madrilen aurkeztutako erakusketara pieza berriak gehitzeko aukera izan dutelako, bere iritziz, horrek hausnaketa berriak egiteko parada ekarri baitie. «San Telmoko piezekin elkarrizketa elkarrizketa bat ireki da eta horri esker 23 konjunto osatu ahal izan dira», azaldu du.

Bere aldetik, erakuskeren komisario Gema Batanerok erakusketaren oinarrian dagoen ideian jarri du arreta. «Kultura guztietan dagoen naturaren adierazpen hori zen gure abiapuntua, natura gertu edukitzeko behar hori, gorputzean eramatekoa, eta, beraz, modan izan duen presentzia. XVIII. mendean modaren loraldi bat bizi izan zen, literalki, baina, zergatik? Erakusketa honek hain justu hori aztertzen du», xehatu du.

Interes horretan zientziaren garapenak eta naturaren idealizazioak izan zuten eragina nabarmendu ditu komisarioak, bai modan eta baita bestelako arte adierazpen batzuetan ere, «elkarrekin lotutako ekosistema» bat osatu baitzuten.

‘Lorategi bat soinean’ erakusketa irailaren 28ra arte bisitatu ahalko da museo donostiarrean, eta ohi bezala hitzaldiak eta tailerrak ere egingo dira. Lehena ekainaren 10ean Batanerok berak eskainia, eta bigarena Maria Teresa Telleriaren eskutik, ekainaren 17an (biak 19.00ean).

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga plaza
Donostia. Gipuzkoa