Ludovico Einaudi konposatzaile arrakastatsua Bilbon izango da uztailaren 26an

Data

24.07.26

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Ludovico Einaudi konposatzaile italiarra.
Ludovico Einaudi konposatzaile italiarra. (NAIZ)

Bost urtez euskal eszenatokiak bisitatu gabe egon ondoren, uda honetan kontzertu bakar batekin itzuliko da Euskal Herrira Ludovico Einaudi konposatzaile italiar arrakastatsua.

Hitzordu berezia uztailaren 26an izango da Bilbao Arena Miribillan eta, Syntoramatik aurreratu dutenez, ‘In A Time Lapse’ bere album esanguratsu eta maitatuenetako bat kaleratu zuenetik hamarkada bat inguru pasatu denean, nazioarte mailan ezaguna den musikariak aipatu diskoko kantuak «ikuspegi berri batetik begiratuta» eskainiko ditu Bilbon. Horrez gainera, formazio instrumental berri bat izango du lagun oholtza gainean.

Konposatzailearen hitzetan, «‘In A Time Lapse’ bururatu zitzaidan, hein batean ospatu berri dugun 10. urteurrenagatik, eta, neurri batean, oraindik oso proiektu eguneratua dela uste dudalako, nire klasiko bihurtu diren hainbat abestirekin, hala nola sarritan jotzen dudan ‘Experience’. Inguruan ditudan musikarien arabera, aldi bakoitzean lana modu batean ala bestean josi eta berrasmatzen dut».

Kontzertu honetan, Einaudirekin batera, Federico Mecozzi (biolina eta viola), Redi Hasa (biolontxeloa eta biolontxelo elektrikoa), Rocco Nigro (akordeoia), Alberto Fabris (baxu elektrikoa eta sintetizatua), Sebastiano De Gennaro (perkusioa), Gianluca Mancini (elektronika zuzenean) eta Francesco Arcuri multiinstrumentista izango dira.

Kontzerturako sarrerak otsailaren 2tik aurrera egongo dira salgai, ludovicoeinaudi.com web orrialdean.

Kokapena

Bilbao Arena
Askatasuna Etorb., 13, Ibaiondo, 48003 Bilbo, Bizkaia
Bilbo. Bizkaia