Maiatzaren 23tik 25era egingo da Literaturia ‘Ihes’ gaiaren inguruan
Data
25.05.23 - 25.05.25
Lekua
Gipuzkoa - Zarautz

Literaturiak baditu datak. Maiatzaren 23tik 25era egingo da Zarautzen, eta ‘ihes’ izango da aurtengo gaia.
«Beste urte batez, udaberri amaierarekin batera iritsi zaigu aurtengo Literaturia, asteburu batez Zarautz euskal letren plaza bihurtzeko asmoz. Euskal Herri osoko literaturazaleei egiten diegu dei asteburu eder honetaz goza dezaten» luzatu dute gonbita sustatzaileek.
Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da beste behin liburu azoka larunbatean. «Goizez eta arratsaldez, argitaletxeek beraien postuetan euskal literaturako liburuak izango dituzte erakusgarri; eta aurten ere, Ahotsenearekin elkarlanean antolatu ditugu liburu aurkezpenak, azokako karpan bertan», iragarri dute.
Modelo aretoak ere, ohikoa denez, hartuko ditu beste hainbat ekitaldi.
Egitaraua
Ostiralean, maiatzaren 23an, hasiko da Literaturia, 20.00etan, Ander Lipusen manifestuarekin. Ondoren, Formol laborategiak ‘Heriotzak Eduardo du izena’ emanaldia eskainiko du. Poesia, performancea eta antzerkia uztartuko ditu ikuskizunak, eta taula gainean Edurne Azkarate, Mikel Ibarguren eta Intza Alkain izango dira. Ekitaldirako sarrera 8 eurokoa izango da.
Larunbatean, maiatzaren 24an, bi guneetan izango ditugu ekitaldiak. Lege Zaharren Enparantzako karpan 11.30ean irekiko da liburu azoka. Goiz partean 14.00ak arte izango da zabalik eta arratsaldean 17.00etatik 20.00etara.
12.00etan, Literaturiak Garoa liburu dendari aitortza egingo dio, Manu Urbieta zarauztar artistak sortutako oroigarria emanez, «duela mende erdi baino gehiagotik gaur arte euskal kulturari eta literaturari emandako bultzadagatik eta eskainitako maitasunagatik».
Bestetik, goiz eta arratsaldez Ahotsenea sortzaileen guneko liburu aurkezpenez ere gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Aurkezpen guztiak karpan bertan izango dira. Datozen egunotan emango dute liburu aurkezpenen ordutegi, izenburu eta egileen berri.
Larunbat goizean bertan, 10.30ean, 12-16 urte bitarteko gazteentzat idazketa tailerra eskainiko du Oier Guillanek Etxezabala aretoan. Parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da Literaturiako helbidera idatzita.
Modelo aretoko ekitaldiei dagokienez, larunbatean hiru ekitaldi egingo dira bertan. Batetik, 12.30ean, ‘Entzuteko liburuak’ emanaldian podcastak izango dituzte hizpide Ainhoa Etxebestek, Xabier Gantzarainek, Garazi Urkolak eta Xabier Etxeberriak.
18.00etan, ‘Enplego zoriontsuago bat’ emanaldia eskainiko dute Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrietak. Ekitaldirako sarrera 5 eurokoa izango da. Bukatzeko, 22.00etan, ‘Bertso saio espekulatiboa’-n Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira oholtza gainean Leire Vargasekin batera. Sarrera 8 eurokoa izango da.
Igandeari dagokionez, maiatzaren 25ean, ‘Ihes betea zilegi balitz’ emanaldia izango da Santa Klara Komentuko elizan. 11.30ean izango da ekitaldia, eta bertan izango dira Garbiñe Ubeda, Arantxa Urretabizkaia eta Olaia Inziarte.
Literattipia izango da aurtengo Literaturia itxiko duen azken ekitaldia. Igande arratsaldean izango da, 16.45ean. ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ antzezlana eskainiko du Tanttaka Teatroak. Sarrera 4,5 eurokoa izango da.
Ekitaldietarako sarrerak maiatzaren 9an izango dira eskuragarri, 19.00etatik aurrera, Literaturiako webgunean zein Modelo aretoko leihatilan. Horrez gain, asteburuan zehar ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira, sarrerak bukatu ez badira.
Kokapena
Lege Zaharren Enparantza
Lege Zaharren Enparantza
Zarautz. Gipuzkoa