Maiatzaren 5etik 7ra egingo da Literaturia Zarautzen, ‘Eten’ gaia ardatz hartuta

Data

23.05.05 - 23.05.07

Lekua

Gipuzkoa - Zarautz

Literaturiaren aurkezpena, ostegun honetan Zarautzen.
Literaturiaren aurkezpena, ostegun honetan Zarautzen. (Jon URBE | FOKU)

Maiatzaren 5etik 7ra artean euskal letren plaza bihurtuko da Zarautz, Doinuele euskara hutsezko plazen sarea jaio berria den honetan.

Aurtengo edizioan ere askotariko ekitaldi eta espazioak antolatu dira Udalaren laguntzaz. Lege Zaharren Enparantzan kokatuko da aurten ere Literaturiako liburu azoka, eta bertan herritarrek aukera izango dute hainbat argitaletxek eta liburu dendak jarritako postuetan euskal literaturako liburuak erosteko. Halaber, aurten ere Ahotsenearekin elkarlanean antolatu dira liburu aurkezpenak, azokako karpan bertan.

Urte honetako ekitaldi gehienak, bat izan ezik, bi gunetan egingo dira: Modelo aretoan eta Lege Zaharren Enparantzan. Ostiralean, maiatzaren 5ean, hasiko da Literaturia, 20.00etan, Jon Benitoren manifestuarekin. Ondoren, Literaturiarako propio sortutako Azken oturuntza ikuskizuna izango da ikusgai, Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Aranaren eskutik. Ekitaldirako sarrera 8 eurokoa izango da, eta erosten duenari liburutan erabiltzeko 3 euroko bonua oparituko zaio.

Larunbatean, maiatzaren 6an, bi guneak izango ditu zain literaturzaleak. Lege Zaharren Enparantzako karpan 11.30ean irekiko da liburu azoka. 12.00etan izango da azokaren irekiera ekitaldia, eta bertan Iruñeko Karrikiri elkarteari aitortza egingo zaio, Manu Urbieta zarauztar artistak sortutako oroigarria emanez, oro har euskal literaturaren eta euskal kulturaren alde egindako eta egiten duen lan guztiagatik.

Liburu azoka 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara egongo da irekita, eta bestetik, goiz eta arratsaldez Ahotsenea sortzaileen guneko liburu aurkezpenak iragarri dira (11.30-14.00/18.00-20.00). Aurkezpen guztiak karpan bertan izango dira. Datozen egunotan emango dute liburu aurkezpenen ordutegi, izenburu eta egileen berri.

Modelo aretoko ekitaldiei dagokienez, larunbatean bi ekitaldi egingo dira bertan: 12.30ean, Erreteneko kronikak emanaldia izango dugu Lanartea Euskararen Profesionalen Elkarteko kideen eskutik. Loreak belaunetan dokumentalaren proiekzioa eta ondoren mahai-ingurua egongo da Amagoia Gurrutxaga, Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe eta Ainara Azpiazu Axpiren eskutik. Arratsaldeko 18.00etan Hitz esana performance poetikoa eskainiko dute Ane Garciak eta Eider Perezek. Ekitaldia doan izango da.

Bukatzeko, larunbatean, 20.00etan Pierre Sanglak, Xan Errotabeherek eta Jamixel Bereauk osatzen duten Kalakan musika taldea izango da Modelo aretoan. Kontzerturako sarrera, 8 eurokoa izango da, eta 3 euroko bonua oparituko zaie bertaratzen direnei.

Haurrentzako Literattipia atalean, larunbatean, 11.00etan Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua izango da, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik, Etxezabala aretoan.

Igande goizean, maiatzaren 7an, bi ekitaldi izango ditugu. Goizeko 11.00etan Mare errezitaldi musikatua izango da Modelo aretoan. Jon Martin aurkezleak gidatuko du emanaldia, eta izen bereko liburuan parte hartu duten Iñigo Martinez, Ana Galarraga eta Udane Juaristiz gain, hainbat idazlek eta Zarauzko sei ikaslek beraien poemak irakurriko dituzte Idoia Asurmendi musikariak lagunduta. 12.30ean, Literaturia itxiko duen azken ekitaldia izango dugu. Bihurguneak eta bideak elkarrizketan izeneko emanaldiak Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinaga elkartuko ditu.

Ekitaldietarako sarrerak Internet bidez egongo dira eskuragarri apirilaren 24tik aurrera Literaturiako webgunean. Horrez gain, Modelo aretoko leihatilan ere erosi ahalko dira: ekitaldiak baino ordubete lehenago irekiko da, eta edozein ekitalditako sarrerak eskuratu ahalko dira.

Urtero bezala, Euskal Herri osoko literaturzaleei luzatu die gonbita antolatzaileek asteburu honetaz goza dezaten.

Egitarau osoa webgunean dago kontsultagai.

Kokapena

Lege Zaharren Enparantza
Lege Zaharren Enparantza
Zarautz. Gipuzkoa