Maruxak eta Perlata Laudion
Data
26.08.29 - 26.08.29
Lekua
Araba - Laudio

Laudion jaien bigarren asteburuari ekingo diote, eta bide horretan egitarau ederra prestatu dute Txosnagunean, non gauero musika izango den protagonista. Larunbatean Maruxak eta Perlata ariko dira zuzenean 23.30etatik aurrera, emakumeek eta gorputz disidenteek agertokia hartuko duten gauean. Pakita Penas musika jartzailearen saioarekin borobilduko da gaualdia, goizaldera arteko festan. Izan ere, jai euskaldun, feminista eta ekologista, era herrikoi eta parte hartzailean sustatzen jarraitzen dute Laudioko txosnagunean, aurten, ‘Egitetik egotera’ lelo pean.
Maruxak
Aurtengoa Maruxak taldearen urtea da zalantzarik gabe, eta uda honetan eskaintzen ari diren zuzeneko piloa horren adierazle argiena da. Azken urteetan su txikian landu dute egitasmoa, agertoki txikietatik gune handietaragoko bidean, emanaldi bakoitzean zaletuak pilatuz eta taldearen sona zabalduz, Nafarroatik, Euskal herri osora. 2019 urtetik martxan den kolektibo trabesti bat da Maruxak, non eszenatoki gainean, musika festak, algarak eta aldarrikapenak bat egiten duten. Izan ere, proiektuak trabestismoa, musika eta euskal tradizioko elementuak uztartzen ditu folklorea ikuspegi queer batetik berreraikitzeko. Zuzenean Euskal Herriko kantuen ezagunen moldaketak dira nagusi, hala nola taldeak beste zenbait artistekin egindako kantuak, non besteak beste, Tapia eta Leturia, Labar, Aiert, Olatz Salvador, AimarZ, Hofe, Kiliki, Naxker, Zinez, Altxalili edo Pirritx eta Porrotx pailazoekin aritu diren elkarlanean.
Perlata
Perlata taldeak, berriz, hamarkada bat bete berri du agertoki gainean punka bestelako era batean bizi daitekeela aldarrikatuz, eta bide horretan, ohiko eskema tradizionalak apurtuz. Arrasateko entsegu lokaletan sortu eta haziak, taldeak ‘Kuirpunk’ bezala definitzen du bere musika, punk doinuetatik haratago doazen jarrerak hartuz agertoki gainean zein kantuen hitzetan, edo ‘Punkaren beste aldea’ film dokumentala eginez esaterako. Musika bidean lau disko kaleratu dituzte, eta egindako lan guztietan oinarritzen dute zuzeneko kantu zerrenda. Egun lauko moduan taularatzen dira zuzeneko emanaldietan, eta Maialen Oleaga (baxua eta ahotsa), Ane Garai (gitarra eta ahotsa), Jaione Martinez (teklatua) eta Txerra Bolinaga (bateria) dira egun Perlata. Uda beroa izan du bandak, eta igandean ere Bilboko Txosnagunean ariko dira zuzenean Kulturguneko agertokian. Irailean, berriz, Etxauriko gaztetxean eta Arretxinagako jaietan ariko da banda.
Kokapena
Txosnagunea
Zumalakarregi Hiribidea, 36
Laudio. Araba