Mauricio Anton ilustratzaile paleontologikoaren lanak Bilbora iritsi dira

Data

23.05.08 - 23.05.28

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Paleolitiko garaira garamatza Mauricio Antonek bere artearen bidez.
Paleolitiko garaira garamatza Mauricio Antonek bere artearen bidez. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak, EHU Kulturak eta Laboratorium Bergara Zientzia Museoak, Madrilgo Museo Arkeologiko eta Paleontologikoarekin elkarlanean antolatutako ‘Iragana ilustratzen: Mauricio Anton eta paleoartea’ erakusketa aurkeztu da astelehen honetan EHUko Bizkaia Aretoan.

Gaur egun existitzen ez diren homininoen espezieak eta beste animalien irudiak eta horiek sortzeko prozesua erakusten du Antonek. «Erakusketari ikuspegi dibulgatzailea eman nahi genion. Lan prozesua nola den azaldu nahi genuen eta erakutsi artea eta zientzia eskutik doazela lan hauetan», adierazi du ilustratzaileak.

Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak ere dibulgazio izaeraren garrantzia aipatu du. «Erakunde ezberdinen arteko elkarkidetzaren adibidea da gaur aurkezten dugun erakusketa. Gainera, gaur hemen aurkezten ditugun lanak zientziaren dibulgaziorako eta jakintzaren transmisiorako tresnak dira».

Erakusketa maiatzaren 28ra arte egongo da ikusgai EHUko Bizkaia Aretoan. Gero, ekainaren 2tik aurrera, Laboratorium Bergara Zientzia Museoan bisitatu ahal izango da. Rosa Errazkin bertako zuzendariaren hitzetan, «Laboratorium Bergara Zientzia Museoa jakintzaren dibulgazioa egiteko beharrezko tresna da eta erakusketa herrietara heltzea ere lortuko du».

Aurkezpenean Enrique Baquedano Madrilgo Erkidegoko Museo Arkeologiko eta Paleontologikoko zuzendariak ere parte hartu du. Anton sona handiko artista bezala definitu du eta gaineratu du «bere obrak munduko museo garrantzitsuenetan daudela».

Paleoartean autore garrantzitsua bilakatu den Antonek Madrilgo Natura Zientzien Museo Nazionaleko (CSIC) Paleobiologia Sailarekin hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu eta BBCrekin eta National Geographicekin lankidetzan aritu da dokumental paleontologikoak produzitzen. 2006an, Society of Vertebrate Paleontology-ren Lanzerdorf saria irabazi zuen ilustrazio zientifiko onenagatik. 2020an G. Basler Chair of Excellence-a lortu eta paleoarte eskolak eman zituen East Tennessee State Universityn.

Sarrera doan da. Astelehenetik ostiralera 8.00etatik 20.00etara 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara. Igandetan 10.00etatik 14.00etara.

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Abandoibarra, 3
Bilbo. Bizkaia