‘Mo. Behi euskaldun baten memoriak’ erakusketak ateak ireki ditu Iruñean
Data
25.03.10 - 25.05.10
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Astelehen honetan ireki ditu ateak ‘Mo. Behi euskaldun baten memoriak’ erakusketak. Maiatzaren 10era bitartean Nafarroako Liburutegiko Erakusketa Aretoan dago ikusgai. Erakusketa eta proiektu pedagogikoa da aldi berean.
Euskaraz emana, gazteei zuzendua dago bereziki. Karrikiri Elkarteak eta Pamiela Argitaletxeak sortu dute Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuarekin lankidetzan.
Panelek, testuek, landa eremuko tresnek eta pankarta ezberdinek osatzen dute erakusketa. Proiekzioez eta multimedia materialaz gain, eta Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ liburuan eta Pello Varela gidoilariaren eta Juan Suarez marrazkilariaren ‘MO’ eleberri grafikoan oinarritzen da.
Atxagaren liburua gazte literaturaren klasiko bat da. Behi gazte bat du protagonista eta, edozein nerabek bezala, oinarrizko galdera existentzial eta ezinbestekoei aurre egin beharko die.
«Bigarren Hezkuntzako irakasleek landutako proposamen didaktiko honen helburua, hain zuzen ere, ilustrazioetatik abiatuta bidaia bisual bat egitea eta iraganera itzultzea da, oraina ulertzeko ariketa gisa, erantzun baino galdera gehiago sortu asmoz», adierazi dute sustatzaileek.
Erakusketa liburutegiko ordutegian bisitatu daiteke, 8.30ak eta 20.30ak bitartean, sarrera doan delarik. Gainera, goizez, aurrez hitzartutako bisita gidatuak prestatu dira Iruñerriko hainbat eskola, ikastola eta instituturekin, baita euskaltegiekin ere.
Nafarroako Liburutegian ikusgai egon ondoren, datozen hilabeteetan liburutegi sareko beste hamar liburutegitan izango da proiektua, Nafarroa osoan zehar. Sarrera doan da.
Kokapena
Nafarroako Liburutegiko Erakusketa Aretoa
Nafarroako Liburutegiko Erakusketa Aretoa
Iruñea. Nafarroa