Mondra & Roll jaialdia asteburuan Arrasaten
Data
25.07.04 - 25.07.05
Lekua
Gipuzkoa - Arrasate

Beste urte batez, eta badira lau dagoeneko, punk rock zaleek galdu ezineko hitzordua dute Arrasaten Mondra & Roll jaialdiaren baitan. Bi egunez, Euskal Herriko zein atzerriko bandak zuzenean ariko dira Monterron parkean gitarra zorrotzak eta abesti oldarkorrak nagusituko diren bi gaualdi beroetan. Punka izango da nagusi, baino hardcorea, thrasa, ska eta reggaea ere entzungo da hogei taldek osatuko duten afitxe koloretsuan. Sarrerak oraindik salgai daude jaialdiaren atari digitalean, eta 47 euroko balioa dute gaualdi bakoitzeko. Bi egunetarako bonoak ere atera dituzte, eta 85 eurotan eskura daitezke.
Ostirala
Punk mugimenduan talde esanguratsurik bada, horiek The Exploited dira. ‘Punks Not Dead!! ’ ohiukatu zuen lehen banda izan zen honakoa, eta 80 hamarraldian izan ziren Euskal Herriko punk talde askorentzako eragin zuzena zalantzarik gabe. Wattie Buchan abeslaria gidari, eskola zaharreko punk giroak ostiral gauerako. The Selecter taldeak, berriz, ska eta 2Tone espirituaz beteko du Arrasate. Honakoa taldeak inguruan eskainiko duen emanaldi bakarra izango da, beraz galdu ezinezko saioa izango da Jamaikarrena. Berezia izango den beste emanaldi bat Michael McColgan abeslariak The Bomb Squad taldearekin eskainiko duena izango da. Dropkick Murphys taldearen lehen diskoko kantuak joko ditu zuzeneko honetan, bere ahots berezian, garaiko disko esanguratsu hori taularatuz. Ez da hau izango Michael McColgan abeslariak jaialdian eskainiko duen emanaldi bakarra, eta bide horretan Street Dogs taldearekin ere ariko da gau berean.
Paris hiriko musika eszenako beteranoak batu dira Bromure talde berrian, eta bide horretan Lions Law, Maraboots eta Alvida taldeetako kideak topa daitezke bandan. Punk zuzena lantzen dute, eta saxoak ematen die berezitasuna. Home Front taldeak Hardcore amerikarra, punk sintetikoa eta post-punka nahastuko ditu bere emanaldian. Lehen aldiz Euskal Herrian, sasoiko daudela erakutsiko dute, aspaldiko taldeen erreferentzietatik doinu berriak sortu daitezkela erakutsiz.
Euskal Herriko taldeei dagokionean, The Fridays Crew taldearen itzulera aipatu daiteke. Azpeitiako bandak arrasto sakona utzi zuen gure kaleko doinuen mugimenduan, eta gogoratuak bezain maitatuak dira. Agertoki gainean berriro ikustea sekulakoa izango da. Streetwise talde nafarra berriz, egungo erreferenteetako bat dira, egun egurra banatzen ari den banda gazte bezain oldarkorra. Rat-Zinger taldea, azkenik, punkaren alde oldarkorrena ekarriko du Mondrara, hitz zorrotz bezain erritmo basatiekin tenperatura goraino igotzeko asmoz.
Larunbata
The Toy Dolls izango da gaueko kartel buruetako bat. UK-ko banda instituzio bat da punkaren historian eta etenik gabeko bidea osatu dute 1979tik aurrera diskoak eta zuzenekoak tartekatuz. Michael Algar ‘Olga’ musikariak gidatzen duen bandaren emanaldi bakoitza show bat da, punkaren azidotasuna ehuneko ehunean. Beste talde legendario bat The Pioneers da, musikalki reggae, soul eta rocksteady giroetan, letra larriz idatzi beharreko banda inondik inora. Dena ez da punka izango, eta erritmo bero eta dantzagarriek toki izango dute ere festibalean. The Real Mckenzies talde Kanadaiarrak, berriz, folk zeltiarra eta punka uztartzen ditu bere emanaldietan, kuadrozko gonak soinean eta gaita talde formazioan.
Bestelako erritmoetan datoz D.R.I. taldekoak. Ameriketalko Estatu Batuetatik, hardcorean eman zituzten lehen pausoak, gerora Thrashcore giroetara bideratzeko kantuak, musika era honetako talde esanguratsua bilakatu arte. Far From Finished banda ere, AEBetatik etorriko da, eta honakoa izango da Europa zaharrean eskainiko duten emanaldi bakarra. Streetpunk giroko talde garrantzitsuenetako bat da egun Boston hiriko banda, eta zuzenekoetan erakusten dute hori argiki.
Montreal hiritik etorriko da Beton Arme banda, musiaklki Oi! giroetan. Europatik egiten ari diren biraren barnean ariko dira Arrasaten, eta seguraski gaueko ezusteko bat izango dira. Punk rocka zaharren afera dela diotenen aurka dator Puffer banda. Munduko street punk eszenaren berpiztean zeresana ematen ari da Kanadiako banda, gaztetasunaren indarra eta kemenaz.
Euskal Herriko taldeek ere izango dute beraien tokia larunbatean ere, eta agertokira igoko dira Heriotza eta Chuleria, Joder! bandak. Heriotza taldea Arrasate bertatik dator, eta 80. hamarkadan aritu zen zuzenean nagusiko banda. Taldearen bidea 90. hamarkadaren hasieran amaitu zuten, eta 2022 urtean itzuli ziren agertokietara Arrasateko Irati tabernan joz. Eskainiko duten emanaldia berezia izango da, duela aste batzuk zendu zen Josu Errasti taldekidea izango baitute gogoan. Euskal Herriko punk rock eszenan ezinbesteko izena izan da Errastirena, Eskoria-tza, Heriotza, Cool Circus edota Captain Nemo bezalako egitasmoetan aritu zen, eta bere bapateko heriotzak samina zabaldu zuen Arrasaten zein Euskal Herrian. Chuleria, Joder! taldea, berriz, azken urteetan sortu den punk bandarik esanguratsuena da gurean. Disko bakar batekin musika eszena astindu dute, zuzenean erloju bonba bat dira, eta zalantzarik gabe, Arrasate eztandaraziko dute.
Kokapena
Monterron parkea
Monterron parkea
Arrasate. Gipuzkoa