Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa eta Europako Sari Nagusia egingo dira Tolosan

Data

25.10.30 - 25.11.02

Lekua

Gipuzkoa - Tolosa

Aurkezpenaren irudia.
Aurkezpenaren irudia. (TOLOSAKO EKINBIDE ETXEA)

Iritsi da Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 56. edizioa. Urriaren 30etik azaroaren 2ra da hitzordua, ohi bezala, Leidor Aretoan. Aurtengoa berezia da, Europako Sari Nagusia ere Tolosan ospatuko baita, lehiaketaren aurreko asteburuan.

Bi sariketen inguruan ia 700 pertsona iritsiko dira Tolosara, parte hartzaile, epaimahaikide eta boluntarioen artean. Munduko txoko ezberdinetako 19 abesbatzaren parte hartzea iragarri dute.

35. Europako Sari Nagusia urriaren 26an egingo da. Tolosako txapeldunaz gain, Europako beste bost txapelketa esanguratsuenetako –Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia), Jurmala (Letonia), Debrecen (Hungaria) eta Varna (Bulgaria)– irabazleak batuko ditu hitzordu honek Leidor Aretoan 17.00etatik aurrera.

Bost abesbatza arituko dira ‘lehiaketen lehiaketa’ honetan: ‘Sôla’ of the Latvian Academy of Culture (Letonia), Imusicapella (Filipinak), Youth Choir Kamêr (Letonia), Los Cantantes de Manila (Filipinak) eta The Resonanz Children’s Choir (Indonesia). Txapeldunak, 3.000 euroko saria irabazteaz gain, Hong Kongeko Nazioarteko Abesbatza Jaialdi ospetsuan parte hartzeko gonbidapena eskuratuko du.

Bezperan, urriaren 25ean, Leidor Aretoak beste ekitaldi berezi bat hartuko du 18.30ean. ‘Cantania-50 milioi segundo’ haur-kantata eskainiko da, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskutik. 100 haur baino gehiagok parte hartuko dute, Azpeitiako, Arrasateko, Donostiako, Legazpiko, Ordiziako, Zegamako eta Usurbilgo haurren abesbatzetakoak. Bederatzi musikarik eta bi aktorek ere parte hartuko dute.

14 abesbatza Tolosako lehiaketan

56. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa urriaren 30ean emango zaio hasiera . Lau egunetan, sei hitzordu izango dira, lehiaketaren barruan. Guztiak, azaroaren 1eko goizeko emanaldia izan ezik, Leidor Aretoan izango dira.

Urriak 30, osteguna. 19:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.

Urriak 31, ostirala. 16:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.

Urriak 31, ostirala. 19:00. Polifonia eta folklore modalitateetako ganbera abesbatzak.

Azaroak 1, larunbata. 11:00 (Jesuitinen elizan). Musika erlijiosoko ahots taldeak.

Azaroak 1, larunbata. 16:00 (Leidor). Musika Profanoko ahots taldeak.

Azaroak 2, igandea. 11:00. Lehiaketaren amaierako saioa eta sari-banaketa.

10 herrialdetako bederatzi ganbera abesbatza –17 eta 40 kide artekoak, polifonia eta folklore modalitateetan abesten dutenak– eta bost ahots-talde –4 eta 16 kide artekoak, musika erlijioso eta profanoa jorratzen dutenak– izango dira Tolosan. Indonesia, Austria, Venezuela, Estonia, Alemania, Ukraina, Estatu Batuak, Suedia edo Japoniako taldeak ikusteko aukera izango da, besteak beste.

Finalaren ondoren, azaroaren 2an, abesbatza guztien arteko bazkaria izango da Zerkausian, eta lehiaketaren bueltako ekitaldiei amaiera emateko, Skovoroda (Ukraina – Polonia) abesbatzak kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan, 19.00etan.

Sarrerak salgai leihatilan eta online.

Kokapena

Leidor Aretoa
San Frantzisko, 6
Tolosa. Gipuzkoa