Niko Vazquezek Adimen Artifizialaz sortutako Bilboren irudiak, Photomuseum-en
Data
25.01.14 - 25.02.16
Lekua
Gipuzkoa - Zarautz

Adimen Artifizialaren bidez ‘sortutako’ irudiak eskegi ditu Niko Vazquez ‘Grafismo’k Photomusem-eko paretetan. ‘Make Bilbao grAI again / Egin Bilbo grisa berriro’ izenburuko liburuan ikusi zuten argia argazkiek. Orain 54 ikusgai daude Zarautzen otsailaren 16ra arte.
Sare sozialetako jolas baten moduan hasi zen dena eta 9.000 irudi ‘eraiki’ ditu bilbotarrak. Horietatik 160 dira liburuan aukeratutakoak. Errekreazioa. Meategien, ontziolen, labe garaien, lantegien, langileen Bilbo hura du oroimenean MCD taldearen sortzailea izan zenak. Irudiak ez dira errealak, haien bidez haurtzaroko girora itzuli nahi du Vazquezek. Nostalgia ariketa.
Garaiko –70 eta 80ko hamarkadak– argazkien bila hasi eta zuri beltzeko irudiak aurkitzen zituen, kalitate eskasekoak, eta Adimen Artifizialarekin berriak sortzen hasi zen. Sareetan erakutsi, jendeari gustatu eta liburuaren argitalpena etorri zen iaz.
Irudiez gain, orduko fanzineak, gitarrak –Vulpes taldean ibili zen Vazquezen arreba Loles–, diskoak eta beste hainbat objektu aurkituko ditu bisitariak, garai intentso haietara itzularaziko dutenak. Gizatiarragoa zen iraganeko hiria Vazquezen irudiko, indibidualistagoa Guggenheim museoaren inguruan berreraiki den gaur egunekoa.
«Nostalgia selektibora joaten da beti iraganeko edozein garai hobea izan zela argudiatzeko. Hala ere, Bilbon jaiotako baby boomer-ok (gehienak Barakaldon jaio izan arren), Galiziako, Andaluziako, Extremadurako… etorkinen seme-alabek, eta inguruko mendi eta herrietatik etorritakoek, Bilbo Handiko lantegietan etorkizun hobe baten bila lanean hasi zirenek, badakigu ez dela horrela. Bilbo ez zen orain baino hobea edo okerragoa: desberdina zen, besterik ez». Arantza Lauzirika arte adituaren hitzak dira.
«Kanpokoentzako hiria, turistentzako hiria, gurea ez balitz bezala ibiltzen duguna, bisitan bageunde bezala. ‘Bilbo ihes egin ezin diogun puta bat da’, zioen MCDren abesti batek, eta ez, ezin dugu ihes egin kanpoaldeko auzoetatik "jaisten" ginen Bilbo gris eta hezean gure burua ezagutzetik, Bilbo langilea», jarraitu du.
Asteartetik igandera dago irekita Photomuseum 10.000etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Sarrerak museoan bertan eskura daitezke. Asteazken eta ostiraletan museoaren sarrera doakoa da.
Kokapena
Photomuseum
San Inazio Kalea, 11
Zarautz. Gipuzkoa