Noa & The Hell Drinkers eta La Blues Company, Zizurkilgo Blues Gauean

Data

25.02.08

Lekua

Gipuzkoa - Zizurkil

Noa & The Hell Drinkers.
Noa & The Hell Drinkers. (NAIZ)

Zizurkilgo Blues Gaua 22. edizioa betetzera doa. Hainbat urtetan kalean egin beharrean izan dira baina bere jatorrizko formatura bueltatu zen, taberna girora. Udalaren eskutik dator gau berezi hau, dagoeneko blues zaleen artean huts egin ezinezko hitzordua bihurtu dena. Herriko ostalarien eta zaletuen lankidetza ere ezin ahaztu.

Atxulondo tabernan 19.00etan ekingo zaio aurtengoari. Noa & The Hell Drinkers zuzenean ikusi eta entzuteko aukera eskaintzen du kartelak. 2023an European Blues Challenge lehiaketa ospetsuan lehen saria irabazi ondoren, ‘Hell's Thew New Heaven 23/24’ birarekin jarraitzen du, Europako hainmbat herrialdetara eraman dituena, besteak beste espainiar Estatuan, frantziar Estatuan, Norvegia, Alemania, Txekiar Errepublika, Suitza, Errumania, Polonia eta Portugal.

Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra 2016an sortu zen eta dagoeneko hiru disko eman ditu argitara: ‘Noa & The Hell Drinkers’, ‘Craft Blues’ eta ‘Hell's The New Heaven’. Beren azken lana hileko diskotzat hartu du Britainia Handiko UK Independent Blues Broadcasters Association elkarteak.

«Ahots zoragarria Noa Egigurenena, banda bikain batek lagundua, eta feelingez, energiaz eta blues, rithm & blues, rock, funk... musikarekiko pasioz beterikoak beren zuzenekoak», nabarmendu dute antolatzaileek.

Noa Eguiguren (ahotsa), Gonzalo Portugal (gitarra, koruak), Manu Gestido (baxua), Paul San Martín (pianoa, teklatuak, hammond), Ibai Ros (bateria) dira Noa & The Hell Drinkers kideak.

Gauak aurrera egin ahala, 23.00etan La Blues Companyren txanda izango da Egarri tabernan. Aurkezpen gutxi behar duten Ñaco Goñi, Paul San Martin, Fernando Beiztegui eta Elias Marti. «Ñaco Goñi harmonizista historikoa (Tonky Blues Band, Jokers, Malcolm Scarpa, Ñaco Goñi eta Bluescavidas), piano bluesaren erreferente den Paul San Martin donostiar pianista eta abeslaria (Stay Blues, Paul San Martin trio, The Fake Cousins) eta bestetik Fernando Beiztegui gitarra jotzaile eta kantari granadarra, Marti Elias (Mambo Jambo Ray, Ray) bateria jotzaile katalanarekin osatuz, ez dago dudarik La Blues Company dela azken urteotak bluesaren zaleek izan duten albisterik onena», diote.

Euskal Herrian grabatu berri duten diskoa aurkeztuko dute. «Lan honek soberan betetzen ditu erreferentziazko disko bihurtzeko behar diren baldintza guztiak. Zuzeneko lana, oktanaje handikoa, antzinako erara eta musikari mitiko batzuen nortasun paregabearekin, Atlantikoaren alde honetan egindako bluesaren benetako espirituarekin burutua», adierazi dute Zizurkilgo Blues Gauaren sustatzaileek.

Bi kontzertuak doan dira. 

Kokapena

Atxulondo Taberna
Ernio Bidea, 13
Zizurkil. Gipuzkoa