Sakanako Etxera Eguna Etxarri Aranatzen
Data
25.04.26 - 25.04.26
Lekua
Nafarroa - Etxarri Aranatz

Apirilaren 26an Sakanako Etxera Eguna ospatuko da Etxarri Aranatzen. Egun osoko egitarauaren barnean zuzeneko musikak garrantzi handia izango du arrats gauean, eta Andoni Ollokiegi, La Topadora eta Trikidantz taldeak osatuko dute afitxa.
Ugariak dira antolatu diren ekimen eta ekitaldiak, eta mural margoketa, giza proba, herri bazkaria edo kantu poteoa dira horietako batzuk.
19.30ean kontzentrazio berezia iragarri da ‘Salbuespenik ez! Denak Etxera!’ lelopean eta 20.00etan hasiko dira zuzenekoak talo goxoez lagunduta. Arratsaldeko zortziretan Andoni Ollokiegi igoko da agertoki gainera, kantu propioak eta kantu ezagunen moldaketak eskainiz saioan.
Gaueko 22.30etan taularatuko da La Topadora taldea, eta gaualdia borobiltzeko Trikidantz taldearen saioa antolatu da. Emanaldia doakoa izango da. Berriz ere, musika eta aldarrikapena eskutik joango dira, bozgorailuak topera salaketa eta aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko.
Herriz herri dabil Andoni Ollokiegi gaztea bere gitarra eskuan. Bertsioak egiten abiatu zuen bere musika bidea, eta hildako bat berpizteko gai zuzeneko bakoitzean. Urteak atzera hainbat musika taldeetan hartu du parte, eta egun Olloki egitasmoa defendatzen ari da zuzenekoetan banda handia agertokian lagun. Pasa den urteko neguan kaleratu zen ‘Alienatuak’ lana kaleratu zuen, musika bideko bigarren emaitza, non kantu propioen bidez rock sutsutik, bossa-nova giroetara egiten duen bidai, irlandar folka edo pop melodien bidez. Etxarrin eskainiko duen saioan Euskal Herriko kantu ezagunen moldaketak egingo ditu, arratsa girotzeko modu ezin hobea.
Ska, rock, runba, latin...
La Topadora taldea Vendetta taldearen errautsetatik sortu zen, eta gaur egun Luisillo Kalandraka eta Javiero Etxeberria musikari arituak gidatzen dute egitasmoa lauko formatuan taularatzen den taldean. Musika bidean bi disko kaleratu dituzte, eta emanaldi ugari eskaini ere gurean.
2020. urtean debuteko diskoak ikusi zuen argia ‘Voy con todo’ izenpean, eta 2023an iritsi zen ‘Karma’ estudioko bigarrena. Ska eta rock musikatik abiatuta, La Topadora musika koktelera koloretsua da, munduko musika mestizoaren koordenadetan datorren egitasmo beroa. Taldeak ez dio muzin egiten inolako estiloei, eta ska, rock, runba, giro latinoak, edo erritmo elektronikoek bat egiten dute taldearen kantuetan.
Gaualdia Trikidantz taldeak borobilduko du goizaldera bitarte iraungo duen erromeria beroan. Urteak daramatza Trikidantz taldeak gauak girotzen, betiko euskal dantzetatik, gaur egungo musika taldeen kantu ezagunetara plazak dantza batean jarriz.
Kokapena
Plaza
Plaza
Etxarri Aranatz. Nafarroa