Sormen Ola abian jartzera doa Loraldia

Data

25.01.25 - 25.04.05

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Nerea Ibarzabalen partehatzea izango du Sormen Olak, besteak beste.
Nerea Ibarzabalen partehatzea izango du Sormen Olak, besteak beste. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gazteen artean euskal kulturaren transmisioa eta sorkuntza sustatzeko asmoz, Sormen Ola 2025 programaren hirugarren edizioa antolatu du Loraldiak. EHUrekin elkarlanean egingo da eta izena emango duten ikasleek kredituak lortu ahal izango dituzte.

16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailer teoriko-praktiko hauek, esperientziarik gabeko parte-hartzaileentzat ere egokiak dira. Sormenaren arlo ezberdinak lantzen dituzte, arlo horietako sortzaile erreferenteen eskutik.

EHUren Bizkaia Aretoak hartuko ditu tailerrak hilean behin, larunbatetan, 9.30etik 15.00etara, urtarrila, apirila bitartean. Larunbat honetan Garazi Etxaburu dantzaz arituko da. Euskal dantza tradizionalaren berrinterpretazio garaikidea lantzeko tailerra da.

Otsailaren 22an Olatz Gorrotxategiren txanda izango da. Sormen kolektiboa izango du hizpide. Dokumentuetan oinarritutako sormen eszenikora hurbilketa da, antzerkigilearen ikuspegi pertsonaletik abiatuta.

Martxoaren 22an arte eszenikoen alorra izango du ardatz Aitziber Garmendiak. Drama eta umorea uztartuz, norbere gabeziak inspirazio iturri bihurtzeko tailerra.

Azkenik, apirilaren 5ean Nerea Ibarzabal literaturaz eta bertsolaritzaz arituko da. Inprobisazioa eta sormen kolektiboa lantzeko gunea da.

Informazio gehiago webgunean.

Loraldiaren Gaztea lan lerroak gazte-sormena sustatzea du helburu, bai gazteei profesionalizatzeko bidean laguntzea, formazioa eta plaza eskainiz, eta bai sortzaile gazteei plaza eskainiz. «Programa ezberdinak burutzen ditu urtean zehar eta horietako bat da Sormen Ola, hain zuzen ere. Sormen Olaren helburuak euskal kulturaren transmisioa gazteen artean zabaltzea, gazte kultur zaleak sustatzea, gazteak kultur profesional erreferenteekin harremanetan jartzea eta sormena eta irudimena bultzatzea dira», adierazi dute sustatzaileek.

Kokapena

Bizkaia Aretoa
Abandoibarra 3
Bilbo. Bizkaia