Sormen prozesu bana hartuko dute Nafarroako landa eremuko bost herrik

Data

23.06.26 - 23.10.02

Lekua

Nafarroa - Berbintzana

Egitasmoa astelehen honetan aurkeztu da.
Egitasmoa astelehen honetan aurkeztu da. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako bost herritan gauzatuko da Landarte egitasmoa. Programaren barnean hainbat artistak eta sortzailek zenbait kultur prozesu sortuko dituzte herri horietako biztanleekin elkarlanean. Zehazki, Aizpea de Atxa artista Ameskoa Ibarrean izanen da; Itsaso Jimenez Iribarren hezitzaile eta artista bisuala Berbintzanan; Andrea Muniain arkitektoa Gabarderalen; Oier Zuñiga aktore eta ilustratzailea Jaurrietan; eta Victor Masferrer eskultore eta artista bisuala Urraulgoitin.

Sorkuntza prozesu horiek une honetan hasierako fasean daude. Artistek uztaila amaierara arte egingo dute prospekzio lana; bide horretan, lan eginen duten herriekin loturak ezarriko dituzte. Ondoren, beren proiektuak definitu eta urriaren 2ra arte garatuko dituzte. Sarrera librea da.

Anne Ibañezek Kanpoko Bulegoa kolektiboko kidea; Ignacio Apezteguiak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak; Lorenzo Garciak, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak; eta proiektuaren koordinatzaile-taldeko kideak gaur goizean aurkeztu dute astelehen honetan Landarte programaren zazpigarren edizioa. Programaren talde teknikoa eta parte hartu duten artistak izan dira haiekin. Horrez gain, aukeratutako udalerriak tokiko agintariek grabatutako bideo batzuen bidez ordezkatuta egon dira.

Sortzaileak

Anne Ibañezek aurten irekiko den lan ildo berria ere aurkeztu du, «programa aberastea eta sektoreko profesionalei euskarria ematea» delarik helburua.

Ildo berri horren oinarria da kultura garaikidearen arloko sortzaileak, proiektuak edo erakundeak gonbidatzea. «Programa zeharkatzen duten hausnarketak aberastu ditzaketela uste dugu. Zehazki, urtero gonbidatuko da pertsona edo erakunde bat Landarteko sortzaileekin eginen den topaketa batean eta elkarrizketa-solasaldi batean parte hartzera; hori grabatu eginen da eta programaren webgunetik zabalduko da. Lehen urte honetarako, Susana Camara Leret artista leondarra gonbidatu dugu».

Egiteko modua

Landa-eremutik sorkuntza garaikidea errazten duen programa baten alde egiten duen apustua da Landarte, eta sorkuntza egiteko modua egiten den hori bezain garrantzitsua da», Apezteguiaren esanetan.

Kulturako zuzendari nagusiak programa honen helburuak ere gogora ekarri ditu. «Zuzendaritza Nagusi honen programarik berezienak aurrera jarraitzen du, egungo sorkuntzaren eta arteen eta landa-eremuaren eta bertako komunitateen arteko harremanean ardaztuta», adierazi du. Gainera, Landarteren bereizgarri den «ziurgabetasun» fisikoaren osagaia nabarmendu du: «Ezin diogu inoiz erantzun ‘zer gertatuko da?’ galderari, baina horixe da programaren gaitasunetako bat: erkidegoen eta sortzaileen esku uztea zer eginen duten eta nola gauzatuko duten erabakitzea».

Prozesuak emaitzaren gainean duen garrantzia azpimarratu du Apeztegiak: «Landartek emaitzak lortu nahi ditu, baina funtsezkoa da prozesuaren garrantzia nabarmentzea. Ildo horretan, parte-hartzaileak ditugu, ez publikoa, artistekin batera sortzeko bidaia hasten duten parte-hartzaileak. Eta horregatik, bitartekaritza ezinbestekoa da».

Eta honela definitu du programa: «laborategi bat, proposamen irekia, non herri bakoitzeko errealitatetik abiatuta lan egiten den, bertan bizi diren pertsonen interesekin eta sortzaileek ematen duten tresna-kutxarekin (kanpoko begirada)».

Lorenzo Garcia Echegoyenek, bere aldetik, parte hartuko duten bost herriak errepasatu ditu: «Landa-eremuko udalerri txikiak, benetako bizitzaren eta harremanen mikrokosmosa. Landarteko parte izateko hautatuak izan dira dinamika kolektiboak, elkarte sarea, ekimen parte-hartzaileak eta abar hartzen dituztelako».

Landarte 2023k bitartekaritza taldea du. Horrez gain, programak dokumentazio eta komunikazio taldea du, lan-prozesuak erregistratzeko. Izan ere, material grafikoak eta ikus-entzunezkoak sortuko dira; horiek Landarteren webgunearen eta blogaren bidez zabaltzea aurreikusten da.

Hain zuzen ere, programaren web orrialdea da programa honen komunikazio bide nagusia. Programaren, herrien eta artisten informazio guztia jasotzen du, eta horiekin batera material grafikoa eta ikus-entzunezkoa. Bost proiektuen ibilbidea jasotzen duten argitalpenen bidez edizio honen garapena jarraitzeko blog bat ere badu. Gainera, Landarte Kultura Zuzendaritza Nagusiaren sare sozialez baliatzen da sortutako edukiak zabaltzeko.

Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleen parte-hartzea sustatu nahi du proiektuaren garapen osoan, modu kolektiboan eta horizontalean, edukiak eta diskurtsoa sortzeko. Hori lortzeko, hautatutako herrietan lan eginen dute sortzaileek, herri haiekin elkarreraginez eta bertako jendea eta diskurtsoak mapatuz, tokiko erkidegoaren interesak eta beharrak bilduko dituzten proiektuak elkarlanean garatzeko.

Kokapena

Berbintzana
Berbintzana
Berbintzana. Nafarroa