Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel, Getxoko jazz jaialdian

Data

24.07.03 - 24.07.07

Lekua

Bizkaia - Getxo

Stacey Kent eta bere taldea izango dira Getxoko jazz jaialdian.
Stacey Kent eta bere taldea izango dira Getxoko jazz jaialdian. (GETXOKO JAZZ JAIALDIA)

Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 47. edizioak emango dio hasiera aurten ere Euskal Herriko jazz zirkuituari, uztailaren 3tik 7ra bitarte. Ohi bezala, talde gazteak eta nazioarteko artista nabarmenak bilduko ditu, eta, izen ezagunenen artean, Stacey Kent, Hiromi, James Carter, Bill Frisell eta Kurt Rosenwinkel nabarmentzen dira.

Ordainpeko kontzertuez gain, Talde Lehiaketako talde gazteen emanaldiak, Hirugarren Milurtekoa atala eta eskaintza zabala osatzen duten familientzako kontzertuak izango dira jaialdian zehar.

Getxo Jazz aurkezteko prentsaurrekoa egin da astelehen honetan, eta Amaia Agirre Getxoko alkateak eskaintzaren «kalitatea eta aniztasuna» nabarmendu ditu, baita jazzaldiak udalerriko «kultura eta turismo eskaintza indartzeko duen gaitasuna» ere.

Bestalde, Iñaki Saitua jaialdiaren arduradunak Getxo Jazzen belaunaldi anitzeko izaera azpimarratu du, bere egitarauan «musika eszenako izen handiak zein musikari gazteak» batzen direlako.

Horrela, aurtengo edizioan, James Carter saxofoi jotzaile estatubatuarrak zabalduko ditu ordainpeko kontzertuak uztailaren 3an (Muxikebarri, 21.00). Biharamunean, uztailaren 4an Hiromi Uehara pianista japoniarraren txanda izango da, toki eta ordu berean.

Uztailaren 5ean, Kurt Rosenwikel gitarrista estatubatuar ospetsua buru duen konboaren txanda izango da Muxikebarrin, 21.00etan; Mark Turner saxofoi jotzaileak, Ben Street baxu jotzaileak eta Jeff Ballard bateria jotzaileak bat opsatzen dute taldea.

Stacey Kent abeslari estatubatuarra izango da uztailaren 6ko protagonista, toki eta ordu berean, eta, azkenik, Bill Frisell eskarmendu handiko gitarrista estatubatuarrarekin bukatuko dira uztailaren 7an jaialdiko ordainpeko kontzertuak.

Artista ezagunen aurretik Talde Lehiaketako finalera iritsi diren lau bandak arituko dira Muxikebarrin egunero, eta horrela, beste behin ere, Europako jazz gaztearen lanaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek.

Hirugarren milurtekoa

Bestalde, Algortako Geltokia plazan egingo dira aurten ere Hirugarren Milurtekoa ataleko doako kontzertuak, 19.00etan. Nagusiki artista gazteak protagonista dituen eskaintzan, Irati Bilbao abeslaria, Juan de Diego tronpetista, Carmen Vela txirularia, Elias D'Hooge Trio talde belgikarra eta Wasted Generation banda italiarra izango dira.

Eskaintza horri guztiari familientzako kontzertuak gehituko zaizkio, Algortako Geltokia Plazan, 12.30ean. Horrela, uztailaren 6an, Musikene ikastegian sortutako Femmm talde gaztea ariko da, Getxo Kultura eta SGAE Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez antolatutako saioan, eta hurrengo egunean, ‘Swing for Kids’ ikuskizunaz gozatu ahal izango dute haurrek zein helduek.

Femmm taldearen saioa HerriJazz zikloaren barruan dago eta, Oskar Castaño ‘Garbitxu’ SGAE-Euskadiko Lurralde Ordezkaritzako presidenteak aurkezpenean adierazi duenez, «abiapuntu bikaina da Getxo eta SGAEren arteko lankidetza abiatzeko».

Jaialdiari buruzko informazio guztia www.getxo-kultura.eus webgunean kontsulta daiteke, eta sarrerak eta bonuak ohiko saltokietan eros daitezke (Kutxabank sarea, Muxikebarri zentroa eta Romo Kultur Etxea).

Kokapena

Muxikebarri Zentroa
Basagoiti etorbidea, 77
Getxo. Bizkaia