TU-K Uhagon kulturgunean

Data

24.12.14 - 24.12.14

Lekua

Bizkaia - Markina-Xemein

Txomin Uribe eta Josu Aramaio.
Txomin Uribe eta Josu Aramaio. (TU-K)

35 urte eta gero TU-K taldea zuzenekoetara itzuli da berriz. 80eko hamarraldiko talde esanguratsua izan zen honakoa, eta taldea sortu zela 40 urte bete diren honetan, itzulia iragarri dute. Abenduaren 14an Markina-Xemeineko Uhagon kultur gunean ariko dira zuzenean, aro berri honetako lehen kontzertu ofizialean. Emanaldia 13.00etan hasiko da eta sartzea doakoa izango da edukiera bete artean. Datozen aste eta hilabetetarako kontzertu mordoa hitzartu ditu bandak berriki kaleratu duten ‘Tuka esaten da’ binilo bikoitza besapean.


80eko hamarraldia

80eko hamarraldian kokatzen da taldearen sorrera eta amaiera. 1984 urtean sortu zuten TU-K Josu Aranbarri (baxua eta ahotsa) eta Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) musikariek banda, eta bidelagun izan zituzten Bernar Ituarte (gitarra) eta Justo Urkiri (teklatuak) kideak. Talde berezia izan zen TU-K, musikalki pop eta post punk giroetan kokatzen zen banda giro ilun eta atmosferikoetan zehar, Talking Heads, The Chameleons, The Cure, edota The Smiths taldeen eragin argiaz. Bateria ezean erritmo kutxa bat erabiltzen zuten base erritmikoa osatzeko, eta horrela taularatzen ziren zuzeneko emanaldietan. Kantuen hitzetaz Josu eta Txomin arduratzen ziren, eta beste batzuk Kirmen Uribe nerabe batenak ziren. 1989 banatu zen TU-K Piztiak sortuz.

Taldea sortu zenetik 40 urte igaro diren honetan, maketa eta grabazio zaharrak kaxoitik atera eta pasaden urtean abesti zaharrak ber masterizatzen dira, 1987ko ‘Existentzia’ eta 1989ko ‘Beltza’ berreskuratuz. Gainera inoiz erregistratu gabeko beste hiru kantu grabatzen dituzte, guztiak ‘Tuka esaten da’ lelo pean argitaratzeko. Lana binilo LP bikoitzean, eta USB (binilo azala eta barruko karpetekin) eran ikusten du argia, ohiko plataforma digital guztietan entzuteko aukeraz gain.

Zuzenean

Durangoko Liburu eta Disko Azokan eskaini zuen bandak aro berriko lehen emanaldia. Aurretik etxe honetako Bigarren Kafea magazinean izan ziren modu akustikoan, eta aurrera begira zenbait emanaldi lotu dituzte disko zahar-berria aurkezteko asmoz. Hiruko moduan taularatuko da banda, Markel Uribe gitarretan lagun.

Abendu beroa izango du bandak: Larunbatean Markinan izango dira Uhagon Kultur etxean, 26an Bilboko Bira gunean ariko dira ostegun arratsez, eta 28an Pasaia Donibaneko Kultur aterpean eskainiko dute urteko azken emanaldia. Urte berria Mutrikuko gaztetxean hasiko dute urtarrilaren 11 gauean, eta 24an Erratzuko Zubi-Puntan joko dute. Hauek dira oraingoz taldeak hitzartu dituen emanaldiak.

Kokapena

Uhagon Kultur gunea
Uhagon
Markina-Xemein. Bizkaia

Loturak