‘Txorimaloen ametsak’, haurrentzako opera euskaraz EGOren eskutik

Data

25.02.09 - 25.03.02

Lekua

Gipuzkoa - Irun

‘Txorimaloen ametsak’ haurrentzako operaren irudia.
‘Txorimaloen ametsak’ haurrentzako operaren irudia. (GIPUZKOAKO DIPUTAZIOA)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gazte Orkestrak egitasmo berria aurkeztu du astearte honetan: ‘Txorimaloen ametsak’. Euskaraz sortutako haurrentzako opera da. Errenteriako Landarbaso Abesbatzaren eta Villabonako Oinkari Dantza Taldearen partehartzearekin ondu dute lana.

60 minutu inguruko ikuskizuna da, «iradokitzailea, Euskal Herriko paisaiak eta ohiturak islatzen dituena, musika eta dantza erabiliz gure lurraldeko kultura tradizioarekin konektatzeko», adierazi dute.

«Ikuskizun honek musika instrumentala, korala, dantza eta narrazioa uztartzen ditu, eta haurrak eta haien familiak animatzen ditu fantasiazko eta zirraraz beteriko mundu batean murgiltzera eta ametsei buruz eta nork bere burua gainditzeari buruz hausnartzera».

Urtarrilaren 12an Errenterian egin zen aurre-estreinaldiaren ondoren, igande honetan, hilak 9, lehen saio ofiziala egingo da Irungo Amaia antzokian, 17.00etan. Saioak edukiera osoa dauka. Bigarren saioa martxoaren 2an izango da, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 12.00etan.

Sarrerak 4 euro balio du eta leihatilan edo webgunean eskuratu ahal izango dira.

Kultura eta Gazteriako diputatu Goizane Alvarezek adierazi duenez, ekimen horrek «bat egiten du Kultura Eskolaren helburuekin, eta orain arte existitzen ez zen proposamen bat eskaintzen du, desberdina eta erakargarria: balioetan hezten eta entretenitzen duen proiektu bat. Kultura-ohiturak eraiki nahi ditugu, eta haurrek euskararen erabilera kulturarekin eta familiako aisiarekin lotu dezaten lortu».

Bestalde, Juan Jose Oconek azpimarratu duenez, «proiektu hau asmo jakin batekin sortu zen pandemia betean, eta forma hartuz joan den urte hauetan ere asmo berari eutsi diogu: familiak apur bat zoriontsuago izatea, irribarre eginaraztea eta hunkitzea, maila artistiko handiko ikuskizun baten bidez, eta adingabeen eta helduen emozioekin konektatzea musikaren, narratibaren eta dantzaren bidez. Oso eskertuta nago Laboral Kutxarekin, eman digun laguntzagatik, eta bereziki Aldundiarekin, haien laguntzarik gabe ‘Txorimaloaren ametsa’ ez litzatekeelako orain errealitate izango».

Lanak txorimalo baten bizipenak kontatzen ditu. Txorimalo horrek askotariko emozioak ditu, hala nola poza, tristura eta amorrua, harik eta, pronostiko guztien aurka, bere ametsak errealitate bihurtzen dituen arte.

Musikala 4 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta murgiltze esperientzia baten aldeko apustua egiten du, publikoaren partehartze aktiboa bultzatuz, eta sormena, irudimena eta ikaskuntza sustatuz, euskara hutsean.

Izan ere, ‘Txorimaloaren ametsak’ kontakizun musikala da, talde instrumental eta koral batek abestutako eta jotako melodiak biltzen dituena, bertso narratuz eta euskal dantza folklorikoz jantzita, Oconen zuzendaritzapean. Instrumentu ugari entzun ahal izango dira bertan, hala nola txirula, klarinetea, pianoa, biolina, biola, txeloa, perkusioa eta akordeoia. «Soinu esperientzia aberats eta eder batez gozatzeko aukera izango da», iragarri dute.

Kokapena

Amaia Antzokia
Pio XII Plaza, 4
Irun. Gipuzkoa