Urriaren 4an abiatu eta azaroaren 29an amaituko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa
Data
25.10.04 - 25.11.29
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Auritzen hasiko da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Urriaren 4an abiatuko eta azaroaren 29an amaituko da norgehiagoka 24 bertsolariren partehartzearekin.
Finala Nafarroa Arenan izango da lehendabizikoz. «Nafarroan bertsolaritza izaten ari den gorakadari esker, urrats kuantitatibo eta kualitatiboa emateko apustua egin dugu. Gainera, urtez urte txapelketak kalitate hobea eskaintzen du eta geroz eta ikusle gehiago hurbiltzen da. Horregatik emango dugu urrats kualitatibo eta kuantitatibo hau», adierazi dute antolatzaileek.
48. aldia izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketa antolatzen dela. «Kulturari, bereziki euskaraz egiten denari, eta euskarari ekarpen mamitsua egiten dio txapelketak: euskal kulturaz gozatzeko topaleku bihurtzen da. 2025an ere horrela izatea espero da», diote.
30 bertsolarik eman dute izena aurtengo txapelketan, eta behin sailkapen saioak igarota, 24 izango dira Auritzen abiatuko den ibilbidean. Lehen fasean lau saio izango dira: Auritzen, Mutiloan, Iruritan eta Los Arcosen. Azken horretan lehen aldiz izango da txapelketa saioa. Saio horietan kantatzen dutenetatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara.
Fase horretan hiru saio izango dira (Agoitzen, Leitzan eta Tafallan) eta horietako zortzi bertsolari izango dira finalera sailkatzen direnak. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, beste horrenbeste udalerritan. «Izan ere, Nafarroako Bertsozale Elkarteak bere egitasmoa eta bertsolaritza Nafarroako lurralde osora hedatzeko apustuan urrats berri bat emango du aurtengo txapelketarekin», iragarri dute.
Saioak:
Urriak 4, Auritz - Auritzeko Kultur Etxea
Urriak 11, Mutiloa – Arangurengo Kultur Etxea
Urriak 18, Irurita – Gizarte Bilgunea
Urriak 26, Los Arcos – Kultur Etxea
Azaroak 1, Agoitz – Agoitzeko Kultur Etxea
Azaroak 8, Leitza – Leitzako Herri Aretoa
Azaroak 16, Tafalla – Tafallako Kulturgunea
Azaroak 29, Iruñea – Nafarroa Arena
Zortzi bertsolarien artean puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor erabakiko da 2025eko txapelduna.
Eta bide hori egiteko prest agertu diren eta sailkatu diren bertsolarien artean, ordezkaritza anitza osatzen dute. Kattin Madariagak lehen aldiz hartuko du txapelketan, baina berarekin arituko dira urte luzez txapelketan aritutakoak ere. Aurten, gainera, hiru txapeldun ariko dira: Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.
Bi hilabete irauten ditu txapelketak, baina urte osoko lanaren isla bada zortzi saioen antolakuntza eta emaitza. «Fruituak ere ematen ditu, saioro ekarpena egiten baitzaio euskal kulturgintzari. Txapelketa, beraz, transmisiorako giltzarri da; baina ez da elkarteak duen giltza bakarra, urte osoan hezkuntzaren arloan egiten den lana ere ezinbestekoa da, esaterako».
«Udazkena mugitua dator, baina zuhaitzetatik erortzen diren hosto idorrez gain, bertsolaritzak loreak ere ekarriko dizkigu urte amaiera aldean. Lehendabizi Bizkaiak ekingo dio txapelketari, eta atzetik etorriko gara gu, urriaren 4an, Nafarroa bertsolaritzaz loratzeko asmoz!», luzatu dute gonbita. Informazio gehiago webgunean.
Kokapena
Nafarroa Arena
Plaza Aizagerria, 1
Iruñea. Nafarroa