XIX. eta XX. mendeetako emakumeen lanaren aitorpena, Itsasmuseumen
Data
25.09.16 - 25.11.09
Lekua
Bizkaia - Bilbo

Astearte honetan, Esperanza Yunta margolari grabatzaileak eta Tere Ormazabal argazkilariak ‘Historia ehundu zuten emakumeak’ erakusketa aurkeztu dute Itsasmuseumen. XIX. eta XX. mendeetan emakumeak lan-esparruan izan duen papera berreskuratu eta ikusarazi nahi du erakusketak.
Proiektuak XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Bizkaiko emakume anonimoak jarri ditu erdigunean; askotan pobrezia-testuinguruetan lan gogor eta nekaezinak eginez, egungo gizartearen eraikuntzan funtsezkoak izan zirelako eta industrializazioari ondare ukaezina utzi ziotelako.
Erakusketak garai hartako lan gogorren eta sarritan gutxietsien irudikapen artistikoa jaso du. Bertan figurazioa eta abstrakzioa uztartzen dira: bata lanbideen azalpen bisuala, bestea emakumeen alderdi intimo eta sakona adierazteko.
Erakusgai dauden 31 artelanetan, Esperanza Yuntaren 13 artelan bikoitz eta Tere Ormazabalen 19, pintura eta argazkigintza elkarren osagarri diren bi diziplina bezala aurkezten dira, publikoari askotan ahazte historikora baztertuak izan diren emakume langileei buruzko ikuspegi plurala eskainiz eta obren arteko elkarrizketa artistiko eta bisuala sortuz.
Obretan Bilboko itsasadarrarekin eta itsasadarraren bizitza ekonomiko eta sozialarekin lotuta dauden lanbideak jasotzen dira, baina baita emakume batzuen errefuxiatu-izaera eta bizirik irauteko duten borroka ere.
Bi hizkuntza, mezu bakarra
Erakusketa proiektu bakarra da, bi arima artistikoekin. Tere Ormazabal argazkigintza garaikideaz baliatzen da emakumeen ogibideak islatzeko; Esperanza Yuntak, berriz, teknika mistoak erabiltzen ditu –pintura, collage eta itsasadarrean aurkitutako burdina edo egurra– emakumeen memoria irudikatzeko.
Bi egileek XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran emakumeek etxetik kanpo hartu zituzten lanetan aurkitzen dute inspirazioa. Horrela baserritarrak, sardina-saltzaileak, sirgariak, zamaketariak, ikazkinak, jostunak, zigarrogileak, industrietako langileak, prostitutak, garbitzaileak eta lisatzaileak, besteak beste agertzen dira ikuspegi artistiko eta pertsonaletik islatuta.
Kontakizun historikoetan emakumeen irudikapen faltari buruz gero eta kontzientzia handiagoa dagoela azpimarratu nahi duen proiektua da. «Ahots horien gabeziak, narratiba pobretzeaz gain, funtsezko ikuspegi bat kentzen dio historiari: emakumezkoena. Horregatik ekimen honek emakumeak aldarrikatzen ditu gizartearen protagonista aktibo gisa», adierazi dute museoaren arduradunek.
Erakusketan Bilboko, Bermeoko, Muskizko, Lekeitioko, Galdakaoko eta Plentziako Udal Artxiboetako, Euskal Museoko eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoko irudi historikoak biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere dago ikusgai, parte hartu duten artisten lanekin batera. Dokumentu grafiko hauen aukeraketa zaindua egin da eta erakusketako piezekin batera bisualki integratu dira, testuinguru historikoa eta narratiba emozionala eskaintzeko, erakusketaren diskurtsoa aberasteko helburuarekin.
Esperanza Yuntaren esanetan proiektua «itsasadarrak Bilboren garapenean duen garrantziari eta prozesu industrial, ekonomiko eta sozial horretan emakumeek duten paperari buruzko hausnarketa pertsonaletik» sortu zen.
Bere hitzetan, bere obren protagonistak ‘Ilargi Emakumeak’ dira,«“itzalean maitatu, erresistitu eta arauak apurtu zituztenak. Asko isilarazi zituzten emakume izateagatik. Lanbide desberdinetan –inposatuetan, heredatuetan edo bilatuetan– aritu zirenak, gizonek bezain gogor lan eginez baina haien soldataren herena kobratuz».
Bestalde, bere ibilbide artistikoan, Tere Ormazabalek natura hila eta bodegoiak lantzen ditu adierazpide gisa. Erakusketa honetan berriz ere hari erreparatzen die, emakumeen lanbideei lotutako objektuen garrantzia azpimarratzeko. Eguneroko elementuak isolatzen ditu –saregileen sareak, zigarrogileen zigarroak edo neskameen mantala, esaterako– eta dimentsio artistikoa ematen die. Horrela askotan oharkabean pasatzen denak nortasuna eta garrantzia hartzen du, emakume horien historiaren eta ahaleginaren sinbolo bihurtzen da, eta funtzionaltasun hutsetik berezko edertasuna izatera pasatzen da. Bere konposizioetan Ormazabalek estetika hori nabarmentzen du eta kontenplaziora gonbidatzen dituen pieza bihurtzen ditu.
Historia ehundu zuten emakumeak 2025eko azaroaren 9ra arte egongo da zabalik Itsasmuseumen, asteartetik igandera, 11.00etatik 19.00etara.
Kokapena
Itsasmuseum
Ramon de la Sota Kaia, 1
Bilbo. Bizkaia