Zeker eta The Lio, Arrasateko Irati tabernan

Data

26.01.31 - 26.01.31

Lekua

Gipuzkoa - Arrasate

The Lio taldeak ‘Itxaropena kontraesan’ diskoa aurkeztuko du zuzenean.
The Lio taldeak ‘Itxaropena kontraesan’ diskoa aurkeztuko du zuzenean. (IZARO GALLASTEGI)

Zeker eta The Lio taldeek indarrak batuko dituzte urtarrilaren 31ean Arrasateko Irati tabernan zuzenean aritzeko.

Punk rock gaualdia izango da honakoa, non gitarrak topera zorroztuko diren egurrean ari diren bi talde gazteen eskutik. Emanaldia 22.00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.

The Lio

‘Itxaropena kontraesan’ izena darama The Lio taldearen estudioko bigarren emaitzak. 2025 urteko maiatzean ikusi zuen argia lanak, eta barnean hamar kantu berri batu dituzte, guztiak taldearen sorkuntza, eta denak azken bi urteetan sortuak entsegu lokaleko zuloan.

Musikalki punka eta rock & rolla uztartzen ditu bandak euren doinuetan, agertoki gaineko jarrera sutsu eta beroaz. 2021 urtean taldearen izen bera zuen diskoa kaleratu zuen laukoteak, eta debuteko diskoari esker emanaldi asko eskaini zituzten Euskal Herriko luze zabalean. 

2022 urteko ‘Iraganaren preso’ lan txikia beste urrats sendo bat izan zen, eta lan berrian, sustraietatik aldegin gabe, ideiak eta norabide argi dituen laukote indartsu bat topatzen da. Disko berria Iruñeako Sound of Sirens estudioetan grabatu da 2024 urtean zehar, eta soinu mahaiaren atzean Julen Urzaiz teknikaria aritu da REC botoia zapaltzen.

Zeker

2020an Elorrion sortutako punkrock taldea da Zeker. Aurretik, beste zenbait taldetan elkarrekin jotakoak dira Liher Larrañaga, Pablo Garcia eta Lander Amorrortu. Amankomunean dituzten musika influentziek eta sortzeko grinak elkartu ditu ibilbide berri honetan. 2021 urtean 9 kantuko lehen diskoarekin egin zuten debuta, eta 2023 urtean ikusten zuen argia taldearen estudioko bigarren lana den ‘Su hartu bitartean’. Bi diskoak Berrizko Lorentzo Records estudioan grabatu eta ekoiztu dira, Aitor Ariñoren gidaritzapean. Musikalki punkrockean sakontzen du taldeak, ahots melodia itsaskor eta gitarra zorrotzekin. Egun hiruko moduan taularatzen dira, Paul Urgoitia gitarra-joleak taldea utzi eta gero. 

Kokapena

Irati taberna
Irati taberna
Arrasate. Gipuzkoa

Loturak