Zumetaren murala ardatz hartuta erakusketa Usurbilen

Data

23.04.28 - 23.05.15

Lekua

Gipuzkoa - Usurbil

Aurten 50 urte betetzen ditu Jose Luis Zumetaren Usurbilgo muralak, eta hori ospatzeko hainbat ekimen egiten ari dira Zumeta Arte Estudioa eta udala, elkarlanean. Otsaila eta martxoan egindako kontserbazio lanen ondotik, muralaren inguruko erakusketa ireki dute Sutegin. Sarrera doan da.

Maiatzaren 15era bitartean egongo da zabalik. Astelehenetan 17.00etatik 20.00etara (Maiatzaren 1ean, itxita) eta asteartetik ostiralera 11.00etik 13.00etara eta 17.00etik 20.00etara da. Larunbatetan eta igandeetan 11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00tara.

Usoa Zumeta alabak eta Mikel Onandiak muralaren gaineko ikerketa sakona egin dute 50. urteurrenaren harira. Erakusketak eta orain argia ikusi duen liburuak horren emaitza jasotzen dute.

Muralaren sortze prozesua du ardatz proiektuak, eta euskarri nagusia argazkiak dira. Erabakiorra izan da bere garaian Antton Elizegik egindako lana. Bera izan zen artelanaren garapenari zuzeneko jarraipena egin ziona. Dokumentazio lan eskergari  esker, egite prozesu osoaren testigantza izan dute Usoa Zumetak eta Onandiak. Irudiak lehendik erakutsiak izan ziren arren, ezezagunak dira gehienak. Horrez gain, landutako bidea Zumetaren ahotsean entzuteko aukera ere badago, Keixeta pintore eta zeramikariak 2016an egin zion elkarrizketaren bidez.

Badu besterik eskaintzeko erakusketak. Muralaren jatorrizko bozetoa, olio bat, estreinakoz ikusteko aukera izango du bisitariak.

Usoa Zumetaren esanetan, erakusketa honek Zumetaren Usurbilgo murala jomugan izanik, 1970eko hamarkadako sortzaile, eragile eta gizartearen ausardia ere omendu nahi du.

Zumetaren murala eta erakusketa ezagutzeko bisita berezi bat ere prestatu dute. Usoa Zumetak gidatuko du, maiatzaren 1ean, 11.00etatik 12.00ak bitartean. Interesa dutenek 650usurbilbizi.eus/agenda orrian eman beharko dute izena, aldez aurretik.

Usurbil Museo Irekia

Erakusketarekin batera, Usurbilgo kale, plaza eta hormetan ikus daitezkeen artelanak ezagutzeko bisita gidatuak egingo ditugu, maiatzean. «Lehengo zein oraingo izen handiko sortzaileen lanak aurki daitezke gure herrian, horregatik diogu Usurbil Museo Ireki bat dela, gure ondare aberatsa guztion eskura eta gozagarri dagoelako. Ondare hori guztia sakonago ezagutu nahi dutenentzako, hain zuzen ere, Usurbil Museo Irekia bisita gidatuak antolatu ditugu Sutegi kultur etxean hasita apirilaren 29an, eta maiatzaren 6an, 7an, 13an, 14an, 27an eta 28an».

Prezioa 3 eurokoa da (18 urtetik behera, doan). Izen-ematea: 650usurbilbizi.eus/agenda

Kokapena

Sutegi
Irutasun Kalea, 14
Usurbil. Gipuzkoa