Zurrunbilo jaialdia, euskarazko arte eszeniko garaikideen bilgune Gasteizen

Data

23.05.03 - 23.05.14

Lekua

Araba - Gasteiz

Publiko berriengana hurbildu nahi du jaialdiak.
Maren Basterretxearen ‘Igaro’ antzerki fisikoko obra laburra eskaniko da, besteak beste. (ZURRUNBILLO JAIALDIA)

Parasite Kolektiboak eta Baratza Aretoak antolatzen duten Zurrunbilo arte eszeniko garaikideen euskarazko jaialdiaren zortzigarren edizioa asteazkenean hasiko da, maiatzaren 3an, hilaren 12, 13 eta 14an jarraitzeko, Gasteizen. Jaialdiaren helburu nagusia euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea da, eta horretarako, publiko berriengana hurbiltzen, tokiko konplizitatea sortzen eta beste lurralde batzuetako programa eszenikoekin loturak sortzen saiatu da, diziplinarteko ikuspegi batetik.

Edizio honetan, Zurrunbilo jaialdiaren zeharkako helburua publiko gazte berriak sortzea eta arte eszeniko garaikideak etorkizuneko belaunaldietara hurbiltzea izango da. Horregatik, proposamen eszenikoen aukeraketa zaindua egiteaz gain, jaialdiaren zati bat Gasteizko unibertsitate campusera eramango da.

Egitaraua

Hitzordua asteazkenean izango da, maiatzaren 3an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako campuseko Unibertsitate Pabiloian, programa bikoitzarekin. Hasteko, 17.30ean, Amaia Bono artistak ‘Belarri prest, nire lehen sortzelan euskaraz’ proposamena aurkeztuko du. Euskaldun berrien ikuspuntutik kontatuta, lanak hizkuntzaren eta ikasketa prozesuaren azterketa egiten du.

Ondoren, 18.30ean, mahai inguru bat hasiko da, ‘Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik’ izenburuarekin. Marina Suarezek, Edurne Azkaratek, Josune Velez de Mendizabalek eta Amaia Bonok hartuko dute parte, eta galdera bati erantzuten saiatuko dira: Zergatik ez dira gazteak antzerkira etortzen?

Unibertsitateko hitzorduaren ondoren, Zurrunbilok ohiko formatuan jarraituko du, maiatzaren 12, 13 eta 14an, Baratza aretoan. Bost ikuskizun eskainiko dira eta ‘Artxibo biluzia’ dokumentazio tailerra egingo da Metrokoadroka Sormen Laborategiaren eskutik.

Xanti Agirrezabalaren ‘Sátiro’, sexu instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia, pieza laburrak irekiko du jaialdia, maiatzaren 12an, ostirala. Ondoren, Miren Narbaizak eta Itziar Garalucek ‘Meteo’, aurkeztuko dute, ikus-entzunezkoen eta zuzeneko musikaren nahasketa. Guzti hau gizakiak lurrarekin eta inguratzen duen munduarekin duen harremanaren gainean hausnartzeko aitzakia bat baino ez da.

Maiatzaren 13an, larunbata, egitarau bikoitza ere izango da: Maren Basterretxearen ‘Igaro’ antzerki fisikoko obra laburra, kutxa zabaldu eta amets hautsien dantza ospatzeko garaia, zamak baztertu eta arrastaka daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko gonbita.

Eta ahotsa, loopa eta bideo-proiekzioa nahasten duen ikuskizuna, ‘Uraren oldea’, Peru Galbeteren eskutik. Memoriaz, oroitzapenez, denboraz eta garenaz (edo izateari uzten diogunaz) hitz egin nahi du.

Oier Zuñigaren ‘Eresia, lurra arin bekizu, ama’ piezak emango dio amaiera jaialdiari, maiatzaren 14an (igandea). Dantza, kantua eta interpretazioa uztartzen dituen lana, ekintza eszenikoa dolu-erritu kolektibo bihurtuz.

Horrez gain, Metrokoadroka kolektiboak Artxibo Biluzia tailerra eskainiko du larunbatean eta igandean, maiatzak 13 eta 14, 10.00etatik 14.00etara eta 15.30etik 19.30era. Lan dokumentalean oinarritutako performance laborategia da. Hartzaile bakoitzak bere ekintza diseinatzea izango da helburua. Ekintza hori eszenikoa izan ahal izango da, ala ez.

Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak, tailerra bezala, www.salabaratza.com webgunean daude eskuragarri. Sarrerak 10 € balio du (12 € txarteldegian) eta jaialdi osorako bonuak 25 €. Emanaldiak 20:00etan izango dira. Tailerra egiteko 90 €-ko ekarpena egingo da.

EHUko Arabako campusean egingo diren jarduerak doakoak dira, baina erreserba egin behar da, eta ikuskizun guztietarako gainerako sarrerak ere eskuragarri daude webgunean.

Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak, tailerra bezala, webgunean daude eskuragarri. Sarrerak 10 euro balio du (12 euro txarteldegian) eta jaialdi osorako bonuak 25 euro. Emanaldiak 20.00etan izango dira. Tailerra egiteko 90 euroko ekarpena egingo da.

Kokapena

Baratza Aretoa
Aldabe Plazatxoa, 4
Gasteiz. Araba