Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Betebehar kolektiboa

Ondo gogoratzen dut ahizpari deitu nion 2011. urteko urriko arratsalde hura. Euskal Herritik kanpo bizi den iloba txikiarekin pentsatu besterik ezin nuen egin, ETAk armak utziko zituela iragarri zuenan. Ez zen inondik inora gatazka politiko baten amaiera, baina bazen horrenbeste min pairatu duen herriarentzat aukera berri bat, eta etorkizunari itxaropentsu begiratzeko arrazoi bat ere.

Urteak igarota, minari etekin politikoa ateratzen jarraitu nahi dionik bada guretik kanpo. Gure doluaz ezer gutxi kezkatu diren horiek, euren jendearen prekaritateaz ezer gutxi arduratzen diren berak dira. Egitatearen manipulazioa darabilte egunotan, iragana ezin aldatu denean eta orainak euren gustuko ez den norabidea hartu duenean.

Ilobak lehen aldiz bozkatuko du hauteskundeetan. Azkarregi hazi den sentsazioa eta harrotasuna ditut. Azken boladan klasikoak eta filosofia irakurtzen ari da. Baditu, beraz, tresna nahiko eskuragarri, igandean dugun betebehar kolektiboari aurre egiteko. Literaturak, bestelako arte disziplinen moduan, iraganeko ikuspegiak  ezagutzeko aukera ematen digu. Filosofiari esker, ikusten diogunari esanahi berriak emateko gaitasuna garatzen dugu. Eta igandea, berriz, errealitate berri bat marrazten hasteko abiapuntua izan daiteke.

Bilatu