Aitziber Pz. Karkamo
Aitziber Pz. Karkamo

Espazio publikoa

Nire gela propioa eraiki nahian, armairu bat hautsi behar izan nuen aurretik. Nire gela propioko leihotik, denok dantzan aritzeko plazak irudikatu nituen. Kaleen berreskuratze kolektibora gehitutako identitate propio bat eraikiz.

Hamaika urte ditu eta ez du etxetik irten nahi. Lagunekin bihurrikeriatan  ibili beharko luke, baina apenas du parkera jaisteko gogorik. Hamaika urte ditu eta gainera etorri zaio mundu miserable baten gehiegizko karga.

Beste nonbaitera begiratzea otu zait, mina areagotzeko modua izan daitekeelakoan. Sorterriko karriketatik datozen irudiak ikusi ditut. Alde Zaharreko kaleak ertzainaz josita daude. Auskalo bat-batean erabakitako bisitan edo bulegoren batean diseinatutako plan bati jarraituz. Bata edo bestea izan, neurrigabeko presentzia horrek onura gutxi ekar dezake.

Larderia, probokazioa edo ikara eragitea. Kalean egoteko beldurra eragiten duten jarrera denek askatasunen mugatzea dute azken xede.

Nire gela propioa eraiki nahian, armairu bat hautsi behar izan nuen aurretik. Nire gela propioko leihotik, denok dantzan aritzeko plazak irudikatu nituen. Kaleen berreskuratze kolektibora gehitutako identitate propio bat eraikiz.

Hamaika urte ditu eta espazio publikoa lapurtu nahi izan diote. Identitatea iraindu eta kolpatu dioten ume bat besterik ez da. Mintza gaitezen edozertaz, edozein legez, baina ez diezaiogun inori identitate aske bat urratu, ez diezaiogun inori askatasuna mugatu. Ez, behintzat, identitateak eta espazio publikoa irabazteko lanetan urteetan jardun den mugimendu baten izenean.

Bilatu